Lopez lehendakariak duen orekaren pultsera falta du Ibex-35ek (+%0,19). Eta zaila da zergatia azaltzen: Paris-Berlin ardatza apenas ari den Atenasi zirkinik egiten, baina, jakina, bistan da euroguneko desoreka zertan den. Nahi eta nahi ez erreskatatu beharko dutela Grezia -zalantzak zalantza-, kontrakoak lurrikara politiko ekonomikoa eragingo lukeela. Eta hori saihesteko pultserarik ez da asmatu. Gure indizeek, ordea, periferikoak izaki, desoreka sumatzen dute: 2.604 milioiren salerosketarekin doi-doi eutsi zion, bi banku handienek %0,8na irabazi arren. Zergatia? Txikien galera handiek ia desorekatu zutelako indizearen martxa: Renovables eta Abengoak %4na pasa galdu zuten, Red Electricak %3,63, Gamesak %3,56 eta Edurnezuri erraldoiak %0,14. Sineskeriaz harago, badatoz lehen hiruhilekoko mozkin berriak, eta Air Liquidek (+%1,69), berbarako, %5 handitu du negozioa. Euroa 1,33an oreka topatu nahian dabil.
Gamesa. Gamesak (-%3,56) Vestas (+%5,63) lehiakide daniarraren poza pairatu zuen atzo; ez baitzitzaion poza kutsatu, hainbatetan gertatu izan denaren kontra. Etsaia etxean zuen oraingoan: Vestasen igoera Portugalgo EDPren (-%3,54) 2.000 milioiren aerosorgailu eskari erraldoiak eragin zuen. Iberdrola (-%0,32) EDPren bigarren akziodun handiena den arren -ia %10eko partaidetza dauka- eta Gamesaren akziodunetan handiena izan arren -kapitalaren %14 inguru du bere esku-, makroeskaria Danimarkara desbideratu du EDPk. Lehiakidearengana jo duela, alegia.
'Orekaren' pultserarik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu