Oronak bere nazioartekotze estrategia indartu nahi du. Horretarako, igogailu ekoizleak bere azpiegiturak handitu eta berrituko ditu, eta beste 150 lanpostu sortu. Inbertsio nagusia egungo egoitza nagusitik gertu egingo du, Hernaniko (Gipuzkoa) Estubegi inguruan. Jabetza publikoko 60.000 metro koadroko lursail bat erosteko akordioa egin du administrazioekin, han bere azpiegiturak zabaltzeko. Guztira 60 milioiko inbertsioa egingo du. Halaber, Jundizen (Araba) duen planta handituko du, eta han dituen makinak «modernizatuko» ditu: hamar milioi euro jarriko ditu horretarako.
2030. urtera begirako plan estrategikoaren barruan egingo ditu inbertsio horiek. Oronak aldeko haizea du: inoizko gehien fakturatu du azken bi urteetan, Mondragon taldea utzi zuenetik —1.000 milioi eurotik gora— eta irabaziak ere nabarmen handitu ditu, 104 eta 168 milioi lortu baititu, hurrenez hurren. Datozen urteetan erronka nagusi bat izango du: Europako merkatuan «sendotzea». Hala azpimarratu du Oier Lizarazu kooperatibako zuzendari nagusiak, Oronaren egoitzan egindako agerraldian. Harekin batera mintzatu dira Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia.
Kooperatibak erosi duen lursaila Eusko Jaurlaritzarena (Sprilur), Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Beterri Buruntza Mankomunitatea osatzen duten udalena da. Oronak Hernaniko Galarretan duen egoitza nagusitik gertu dago, Estubegi deituriko parajean. Guztira 60.000 metro koadro izango dira; horietako 30.000, metro koadro eraikigarriak. Azpiegitura amaitzean 150 lanpostu sortzea aurreikusten dute. Ez dute zehaztu lur horiengatik zenbat ordainduko duen kooperatibak. Azpiegitura berriak guztira 60 milioi euroko kostua izango duela esan dute.
Eremu horretan zer jarduera zehatz egingo dituen ere ez dute azaldu. «Eremu berri honek malgutasun handiagoa emango dio fabrikazio prozesuen integrazio ahalmenari, eta haien gaitasunak etorkizuneko eskaeratara egokituko ditu gutxinaka», azaldu du Lizarazuk, eta gaineratu du «egungo gune logistiko eta industrial berean integratuta» egongo dela. Handik oso gertu du egoitza nagusia Oronak, eta kilometro gutxi batzuetara, Lastaola poligonoan, ekoizpen lantegi bat du. Azpiegitura berriak lotura zuzena izango du AP-1 autobidearekin, aldundiak han egingo duen lotune berriaren bidez, Eider Mendoza ahaldun nagusiak azpimarratu duenez.
Kooperatibak Euskal Herriko beste logistika puntu garrantzitsu batean egingo du beste inbertsio handi bat, Jundizen (Gasteiz). Han duen lantegia handitu eta berritzeko 10 milioi euro erabiliko ditu.
Europan «erreferente»
Aurtengo apirilean egindako bazkideen batzarrean, zuzendaritzak plan estrategikoa berrikusiko zuela iragarri zuen. 2030era begira, helburu gisa azaltzen dira, besteak beste, 1.500 milioi euro fakturatzea eta 8.000 pertsonako lantaldea osatzea: gaur egun baino 1.500 lagun gehiago.

Oronak 2022ko abenduan utzi zuen Mondragon taldea, Ulmarekin batera, korporazioaren kudeaketa ereduarekin bat ez zetorrela argudiatuta. Orona 1968tik zegoen Mondragoni atxikita, eta taldearen ikurretako bat zen. Bazkideak erabaki hori hartzera eraman zituen arrazoien artean pisu handia izan zuten azken urteetako emaitza onek eta nazioartekotze estrategian sakontzeko asmoek.
2030era arte diseinatutako ibilbide orrian hizki larriz azaltzen da helburu hori, eta hala nabarmendu du Lizarazuk, iazko ekainetik konpainiako zuzendari nagusia denak. Europan igogailuen egungo eta etorkizuneko eskaeran bilakaera «gero eta handiagoa» dagoela adierazi du, eta Orona erronka horri erantzuteko prest dagoela. Mendozak azpimarratu du Orona sektoreko ekoizlerik handienetan bosgarrena dela Europan, eta hamargarrena munduan.
Konpainia hamahiru herrialdetan dago gaur egun, eta 100 herrialde baino gehiagotara esportatzen du. Europako igogailu ekoizleen artean erreferente bat da: urtean 30.000 unitate egiteko gaitasuna du. Harena da kontinentean egindako hamar igogailutik bat.
Mikel Jauregi Industria sailburuak adierazi du Jaurlaritza beti egongo dela prest «proiektu industrial sendoak, etorkizunerako bokazioa dutenak, nazioarteko proiekzio handia dutenak eta nabarmenk berritzaileak direnak babesteko».