Enpresak

Osasungintza sektorearen aldeko apustua indartuko du Mondragonek

Mondragon Health dinamika berrabiaraziko du, osasunaren eta bioteknologiaren alorrean erreferentzialtasuna lortzeko helburuarekin.

Mondragon Health berrabiarazteko ekitaldia, gaur, Donostian. AITOR KARASATORRE / FOKU
aitor biain
2023ko irailaren 15a
13:36
Entzun

Pandemiaren gordinenean, gizartearen eta ekonomiaren beharrak goitik behera aldetu zirenean, Mondragon korporazioa gai izan zen horiei erantzun bat emateko. Izan ere, osasun arloko produktuak ekoizten eskarmentua zuen Bexen Medical kooperatibak, kutsadurarik gabeko gela zuriak egiten zituen Cikautxok, eta maskarak ekoizteko makinak egiteko gaitasuna zuen Mondragon Assemblyk. Urte batzuk lehenago abiarazitako estrategiaren ondorio ziren horiek guztiak. Izurriak, baina, negozio aukerak areagotu ditu merkatuan, eta osasungintza alorraren aldeko apustua indartzea erabaki du Arrasateko kooperatiba taldeak orain.

Mondragon Health dinamika berrabiaraziko du horretarako, sektorean erreferentziazko eragile izatea helburu gisa jarrita. Osasungintzako, eremu soziosanitarioko eta biotegknologiaren alorreko produktuen eta zerbitzuen eskaintza areagotu nahi du taldeak, gaur egungo negozio bideak abiapuntu hartuta. Hala adierazi du Mondragon taldeko lehendakari Iñigo Uzinek Donostiako Aquariumean egindako ekitaldian: «Beste bultzada bat eman nahi diogu estrategiari. Negozio aukera asko ikusten ditugu, eta gaitasuna badaukagu horri aurre egiteko».

Mondragonek 2009an sortu zuen Mondragon Health, kooperatiben arteko lankidetza estrategia. Gaur egun zazpi kooperatibek osatzen dute adar hori: Bexen Cardio, Bexen Medical, Bihar, Erreka Health, Fagor Healthcare, GSR eta Osarten. Enpresa horiek erabilera bakarreko ospitaletako osasun produktuak, sendagai hornitzaileak, desfibriladoreak, edota adinekoentzako eta mendekotasuna duten pertsonentzako arreta zerbitzuak eskaintzen dituzte, besteak beste. 119 milioi euro fakturatu zituzten iaz, eta 17.000 lagunei eman zieten lana.

«Pandemiatik indartuta atera gara», aitortu du Hector Olabegogeaskoetxea Mondragon Healtheko zuzendariak. Izan ere, izurriaren ondorioz sortutako erronkak «aukera» bilakatu dira kooperatibentzat, eta horiek baliatu nahi dituzte enpresen salmentak handitzeko. «Industria arloan daukagun ezagutza baliatu nahi dugu estrategia indartzeko. Sektore konplexua da, baina erroak ongi botata ditugu».

Hazkunde «organikoa»

Ildo horretan, «hazkunde oraganiko bat» izatea espero dute arduradunek. Eta uste dute pixkanaka enpresa horiek sektorean duten presentzia eta bolumena ere handitzen joango dela. Gaur egun, Mondragon Healtheko enpresek ehun herrialdetan dituzte bezeroak; gehienak Espainian, baina baita Frantzian, Portugalen eta Italian ere. Indonesian ere «bezero garrantzitsuak» dituzte.

Korporazioaren barruan ere gero eta pixu handiagoa hartuko duela uste dute. «Industria adarreko fakturazioaren ehuneko txiki bat suposatzen du oraindik, baina kualitatiboki duen balioa oso handia da», adierazi du Uzinek. «Etorkizun oparoa dauka». Adar horrek iaz 4.800 milioi euroko salmentak izan zituen iaz, eta aurten 5.000 milioiren langa gaindituko duela espero da.

Olabegogeaskoetxeak adierazi duenez, «hazten jarraitzea» eta «dibertsifikatzea» dira Mondragon Healthen «apustuak». Eta, horretarako, epe luzerako planifikazioa eta lankidetza dituzte ardatz, hala korporazioko kooperatibekin nola kanpoko beste enpresa batzuekin. «Gero eta enpresa gehiagok sinesten dute gugan: hori da arrakasta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.