Osasungintzaren aldeko apustua indartuko du Mondragonek

Mondragon Health estrategia sustatuko du, sektorean erreferentziazko eragile bihurtzeko. Zazpi kooperatibak osatzen dute dinamika

Mondragon Health estrategia berrabiarazteko aurkezpen ekitaldia, atzo, Donostian. AITOR KARASATORRE / FOKU.
aitor biain
Donostia
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Pandemiaren gordinenean, Mondragoneko kooperatibak gai izan ziren une horretan sortu ziren beharrizanei erantzuteko. Izan ere, osasun arloko produktuak ekoizten eskarmentua zuen Bexen Medicalek: kutsadura biologikorik gabeko gela zuriak egiten zituen Cikautxok ordurako, eta maskarak ekoizteko makinak egiteko gaitasuna zuen Mondragon Assemblyk. Urte batzuk lehenago abiarazitako estrategiaren ondorio ziren. Izurriak, baina, negozio aukerak areagotu egin ditu, eta osasungintzaren aldeko apustua indartzea erabaki du Arrasateko kooperatiba taldeak orain.

Mondragon Health dinamika berrabiaraziko du horretarako, sektorean erreferentziazko eragile izatea helburu gisa jarrita. Osasungintzako, eremu soziosanitarioko eta bioteknologiaren alorreko produktuen eta zerbitzuen eskaintza areagotu nahi du taldeak, gaur egungo negozio bideak abiapuntu hartuta. Hala adierazi zuen Mondragoneko presidente Iñigo Uzinek atzo, Donostian.

Mondragonek 2009an sortu zuen Mondragon Health, kooperatiben arteko lankidetza estrategia. Egun zazpi kooperatibek osatzen dute adar hori: Bexen Cardio, Bexen Medical, Bihar, Erreka Health, Fagor Healthcare, GSR eta Osarten. Besteak beste, erabilera bakarreko osasun produktuak, sendagai hornitzaileak, desfibriladoreak, eta adinekoentzako eta mendekotasunen bat dutenentzako arreta zerbitzuak eskaintzen dituzte. 119 milioi euro fakturatu zituzten iaz, eta 17.000 laguni eman zieten lana.

«Pandemiatik indartuta atera gara», aitortu zuen Hector Olabegogeaskoetxea Mondragon Healtheko zuzendariak. Izan ere, izurriteak eragindako erronkak «aukera» bilakatu dira kooperatibentzat, eta ez dituzte galdu nahi. Lankidetza indartuko dute, inbertsioak areagotzeko. «Sektore konplexua da, baina erroak ongi botata dauzkagu», esan zuen zuzendariak.

Hazkunde «organikoa»

Arduradunek espero dute enpresek «hazkunde organiko bat» izatea hurrengo urteetan, eta pixkanaka sektorean duten presentzia ere handituz joatea. Gaur egun, Mondragon Healtheko enpresek ehun herrialdetan dituzte bezeroak; gehienak Espainian, baina baita Frantzian, Portugalen eta Italian ere. Indonesian ere «bezero garrantzitsuak» dituzte.

Korporazioaren barruan ere gero eta pisu handiagoa hartuko dutela uste dute, egun oraindik industria dibisioko salmenten kopuru txikia ordezkatzen badute ere. Korporazioaren dibisio nagusiak 4.800 milioi euroko fakturazioa izan zuen iaz, eta aurten 5.000 milioiren langa gainditzea espero da.

Hazteko bidean, luzerako begirada eta dibertsifikazioa dituzte ardatz, Olabegogeaskoetxeak adierazi zuenez. «Gero eta enpresa gehiagok sinesten dute gugan: hori da arrakasta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.