Zergak

Otsailera arte, %6,6 txikitu da diputazioen zerga bilketa

Aurreikuspenak beteko badira, aurten %2,1 gehiago jaso beharko dute ogasunek.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Jokin Perona Ogasun diputatua, otsaileko Finantzen Euskal Kontseilura iristen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko martxoaren 18a
11:33
Entzun

Urtea gaizki hasi dute ogasunek, iaz baino diru gutxiago biltzen ari baitira. Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak 2.564 milioi euro jaso dituzte urteko lehen bi hilabeteetan, iazko urtarrilean eta otsailean baino 182 milioi gutxiago (-%6,6).

Hiru ogasunek bildu dute diru gutxiago, baina jaitsiera nabarmenagoa izan da Araban (-%14), Bizkaian (-%6,8) eta Gipuzkoan (-%2,8) baino.

Edonola ere, kontuan hartu behar da 2020 hasieran hazten ari zela ekonomia, eta jarduera murriztu zuten neurriak ez zirela martxora arte indarrean jarri. Gainera, aldundiek ohartarazi dute urtearen hasierako hilabeteak oso gorabeheratsuak izan ohi direla, eta uda arte itxaron behar dela urtearen bilakaeraren argazki egokiagoa egiteko, orduan ixten baitira kanpainarik garrantzitsuenak.

Iaz bezala, errenta zergak eusten dio ongien, %1,4 baizik ez baita txikitu haren bilketa. Sozietate zergak amiltzen jarraitzen du (-%15,4), eta behetik jarraitzen dute kontsumoaren gaineko zergek: -%12,1 BEZak, eta -%9,6 fabrikazio zerga bereziek.

Iragarpen zailak

Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak berak onartu zuen atzo zaila zela jakitea zer gertatuko den aurten zerga bilketarekin, txertatze kanpainaren arrakastaren menpe dagoelako ekonomiaren suspertzea.

Iazko urriko Finantzen Euskal Kontseiluan egin zuten azken kalkulua, baina pandemiak kalkulu guztiak zaildu dituela argi geratu zen handik gutxira. Izan ere, bilera horretan iragarri zuten 2020an ogasunek 13.412 milioi jasoko zituztela, baina kalkulu okerra izan zen: azkenean, 13.950 milioi jaso zituzten, errenta zergak uste baino hobeto eutsi ziolako.

Desbideraketa handi horrek zaildu egiten du 2021erako jarritako helburuaren fidagarritasunean sinistea. Izan ere, 2021ean bilketa %6,25 handituko zela kalkulatu zuten urrian, 14.250 milioi euroraino. Kontua da ezen azkenean, 2020an jasotakoarekin alderatuta, 300 milioi euro gehiago baizik ez direla, %2,1 gehiago.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.