Foru ogasunek urrian kalkulatu baino 537 milioi gehiago bildu dituzte

Finantzen Euskal Kontseiluan %13,3ko eroriko bat kalkulatu zuten, eta %9,8koa izan da. BEZa eta sozietate zerga amildu diren arren, errenta kanpaina onak aurreikuspena hobetzen lagundu du

Iazko urrian egin zuten Finantzen Euskal Kontseiluaren azken bilera. Irudian, bilerako une bat. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Aldundien zerga bilketako zuloa uste baino txikiagoa izango da azkenean. Krisiaren hasieran egin zituzten iragarpenak leuntzen joan dira urteak aurrera egin ahala, eta urte amaierako zenbakiek joera hori berretsi dute. Guztira, 13.949,3 milioi euro bildu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek, hau da, urrian kalkulatutakoa baino 537,7 milioi gehiago (+%3,5). Erorikoa handia da, nolanahi ere; iazkoarekin alderatuta ia %10 egin baitu behera bilketak: 1.818,5 milioi euro gutxiago jaso dira guztira.

Izan ere, azken hiru urteetan inoizko zerga bilketarik handienak egin ondoren, COVID-19aren krisiak kolpetik eten du bilketa ere. Lehen kalkuluen arabera, 15.767 milioi euro bildu behar zituzten ogasunek 2020an, baina krisiaren eraginez, egokitu egin behar izan zuten aurreikuspena Finantzen Euskal Kontseiluan, urrian. Orduan kalkulatu zuten %13,3 jaitsiko zela bilketa, 13.411 milioi euroraino. Urte amaierako erreboteak apur bat apaldu du eroriko hori, ordea: %9,8 jaitsi da denera.

Bizkaian jaitsi da zerga bilketa gehien: 7.122,1 milioi euro bildu dira guztira, hau da, iaz baino 873 milioi gutxiago. Arabari (348,5 milioi) eta Gipuzkoari (801,6 milioi) egin behar dizkien egokitzapenak kontuan hartuta, %10,9 amildu da bilketa.

Arabak ere antzeko datuekin itxi du 2020 urtea: %10,5 jaitsi baita bilketa. 2.192,3 milioi jaso ditu zergen bitartez, aurreko urtean baino 258 milioi gutxiago. Halere, urrian kalkulatutakoa baino ia 80 milioi gehiago dira.

Datuak hobeak dira Gipuzkoan, han ere erorikoa handia izan den arren: %7,7. Dirutan, 4.635 milioi euro jaso ditu (-389 milioi).

Zerga guztien bilketa jaitsi da oro har, zuzenekoena nahiz zeharkakoena. Baina, batez ere, kontsumoari lotutakoetan nabaritu da jaitsiera, eta horietan BEZa da garrantzitsuena. Guztira, aldundiek 3.534,7 milioi euro bildu dituzte zerga horren bitartez, iaz baino 595 milioi gutxiago (-%14,4).

Sozietate zergak ere behera egin du: %22 amildu da Bizkaian, %19,8 Araban eta %15,3 Gipuzkoan. Zerga horrek, ordea, 2019 irabaziak zergapetzen ditu, eta ez 2020koak. Hala ere, aldundiek enpresen finantzaketa errazteko hartu dituzten neurriek eragina izan dute azken bilketan.

Errenta kanpaina ona

Errenta kanpaina onak lagundu du, ordea, bilketaren jaitsieraleuntzen, enplegua ez baita jarduera ekonomikoa bezainbat txikitu. Araban eta Bizkaian, apur bat apaldu da iazkoaren aldean: %2,2 jaitsi da Araban, eta %3,2 Bizkaian. Gipuzkoan, ostera, positiboan amaitu du urtea: %2,8.

Nafarroako Ogasunak ere uste baino zulo txikiagoa egin zuen iaz: %20koa espero zuen, eta %8koa izan da (-314 milioi euro).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.