Donald Trumpek abiarazitako merkataritza gerraren azpian badago beste merkataritza gerra bat, AEB Ameriketako Estatu Batuak eta EB Europako Batasuna, neurri txikiagoan bada ere, aspaldian irabazi ezinda dabiltzana: balio gutxiko salgaien inportazio neurrigabeena. Bereziki Txinatik datozen produktu horiek ez dute muga zergarik ordaintzen, eta Temu, Shein, Alibaba eta merkataritza elektronikoko beste plataforma handiek salbuespen hori baliatu dute azken urteetan negozioa handitzeko. AEBetan, 800 dolarretik beherako paketeei aplikatzen zaie salbuespena; EBn, aldiz, 150 euro baino gutxiagokoei.
Bruselak salbuespena amaitzea proposatu die EBko herrialdeei. Europako Batzordeak proposatu du paketeei tasa bat kobratzen hastea, eta, horretarako, lege aldaketa hastea galdegin die Europako Parlamentuari eta Europako Kontseiluari. Zera proposatu du: pakete bakoitzeko bi euroko tasa ordainaraztea produktua norbanako batek erosten duenean zuzenean, eta 50 zentimokoa handizkako inportatzaile batek erosten duenean.
Orain mugitzen hasi badira ere, kezka lehenagotik dator. Izan ere, duela hiru urte Bruselak mahai gainean jarri zuen 150 eurotik beherako salgaien inportazioei mugak jartzeko aukera, ikerketa batek ondorioztatu baitzuen 1.500 miloi euroko galerak eragiten zizkiela EBko herrialdeei. Trumpek muga zergak indarrean jarri zituenean, ordea, alarma guztiak piztu ziren. Europako agintariak beldur baitira Txinak AEBetan saldu ezin dituen produktuak EBn saldu ditzakeelako.
Joan den urtean balio gutxiko 4.600 milioi pakete baino gehiago inportatu zituen EBk, horietatik gehienak Txinatik (%91). Maros Sefcovic Merkataritza komisarioaren arabera, azken urteetan izugarri handitu da kopuru hori, eta hurrengo urteetan ere hazten jarraituko duela espero da. Temu eta Shein plataformen erabiltzaile kopurua ere esponentzialki handitu da azken urteetan, hilabete gutxiren buruan 75 milioi erabiltzaile izatera iritsi arte.
«Joan den urteko 4.600 milioi paketeak inoiz ez bezalako erronka bat dira kontrolerako eta segurtasunerako»MAROS SEFCOVIC EBko Merkataritza komisarioa
Bruselak arrazoi ekonomikoak aipatu ditu bereziki, baina baita segurtasunekoak ere. «Joan den urteko 4.600 milioi paketeak inoiz ez bezalako erronka bat dira kontrolerako eta segurtasunerako, EBra bidaltzen diren produktuek arauak behar bezala betetzen dituztela egiaztatu behar baita», esan du Sefcovicek. Eta gogorarazi du neurria ez dela «zerga bat», pakete kopuru handiak kudeatzeak eragindako kostua «konpentsatzeko tasa bat» baizik.
Horregatik, proposamena babesteko eta lege aldaketari bide emateko eskatu die herrialdeei, Europak jarrera bateratua izan dezan alor honetan ere. Izan ere, EBko merkatua bateratua denez, muga zergak eta aduanen legedia berberak dira guztientzat, baina estatu kide bakoitzari dagokio zerga horiek kontrolatzea. Eta, sarritan, nork bere irizpideak lehenesten ditu.
Trumpen murrua
Pakete txikien afera, ordea, merkataritza gerraren erdian lehertu da, eta haren albo ondorioak neurtzen hasi dira beste herrialde batzuk ere. Kanadak, Erresuma Batuak eta Japoniak neurriak hartzea aztertzen ari direla adierazi dute. Hain justu ere, gaia egunotan egiten ari diren G7 taldearen goi bileran hizpide izango dutela iragarri du Francois-Philippe Champagne Kanadako Finantza ministroak.
Inoren zain egon gabe, AEBek jada eman dute pausoa. Mugan zergak ordaintzea salbuesten zuen legea —de minimis delakoa— bertan behera uztea erabaki zuen Trumpek joan den hilean. Hala, Txinatik datozen eta 800 dolar baino gutxiagoko balioa duten produktuek zerga bat ordaindu behar dute maiatzaren 2az geroztik herrialdean sartzeko, autoen, industria makinen edo oinarrizko lehengaien moduan.
AEBak dira Txinako produktu merkeen inportatzaile nagusiak, eta han hazi dira gehien azken bi urtean. Soilik iaz 1.400 milioi pakete inportatu zituzten, aduanako eta mugako babes zerbitzuen arabera. Hau da, 2022an baino bi aldiz gehiago. Urtetik urtera esponentzialki handitu baita kopurua, egoera eutsiezina izateraino. «Iruzur handi bat da gure enpresentzako, eta hori amaitzea erabaki dugu», esan zuen Trumpek.
9.600Zenbat esportatu zuten Temuk eta Sheinek apirilean, milioi euroan. Azken bost urteetan modu esponentzialean handitu dira Temu eta Sheinen pakete txikien esportazioak. 2020. urteko apirilean 1.100 milioi euroren esportazioak egin zituzten, eta aurtengoan, berriz, 9.600 milioirenak izan dira. AEBak dira inportatzaile nagusiak, bi mila milioi eurotik gorako erosketak egin baitzituzten, eta han hazi dira gehien azken hilean, Donald Trumpek muga zergak jarriko zizkiela ohartarazi baitzuen.
Salbuespen hori 1930eko hamarkadan jarri zen indarrean, aduanako langileen lana errazteko helburuz. AEBetako Kongresuak bost dolarreko balioa zuten paketeei jarri zien salbuespena 1978an; 200 dolarrera igo zuen muga hori 1993an, eta 800 dolarrera 2016an. Azken urteetan, ordea, salbuespenaren aurkako ahotsak ugaritu dira, iritzita bertako enpresei eta enpleguari kalte baino ez ziola egiten.
Presio horrek bultzatuta, Joe Biden saiatu zen neurriren bat hartzen Etxe Zurian zegoenean, eta lege aldaketa bat ere proposatu zuen, baina ez zuen inoiz pausoa eman. Trumpek zirt edo zart egitea erabaki du orain, Txinaren aurkako gerra komertziala baliatuta. Joan den otsailean eten zuen salbuespena, baina sistemak gainezka egin zuela eta, atzera egin, eta bi hilabetez eten zuen neurria. Hilaren hasieran hasi ziren zergak kobratzen berriz.
AEBetako presidenteak fentaniloaren aurkako gurutzadarekin lotu du neurria. Izan ere, merkataritza elektronikoko plataforma handiek lege hutsunea baliatzen zuten aduanan azalpen gutxiago emateko beste salgaien aldean. Baina, egiazki, kalterik handiena AEBetako industriari eta enpleguari egiten zien, Txinako produktu merkeek bertan ekoitzitakoak ordezkatzen zituztelako.
Erabakiak, hala ere, kezka eta haserrea eragin ditu batzuengan. Batetik, pisu guztia erosleen bizkar geratuko delako, haiek ordaindu beharko baitute kostu horren zatirik handiena. Eta, bestetik, askok sortu dutelako negozioren bat balio gutxiko salgaien inguruan. Mezularitza eta garraio konpainiei ere kalte egingo diela espero da, salgaien garraioa dela eta nabarmen areagotu baita haien jarduna azken urteetan.
Txinako merkataritza elektronikoko plataforma handiek berehala erreakzionatu dute. Temuk, esaterako, produktuak zuzenean AEBetara saltzeari utziko diola jakinarazi zuen. Eta iragarri zuen eskaerak AEBetan bertan kudeatuko dituela, bertako enpresen eta «gertuko hornitzaileen» bitartez. Sheinek, aldiz, bezeroei ohartarazi die muga zergen zenbatekoa gehitu diela produktuen prezioei.