Enpresak

Panda Security erosi du AEBetako zibersegurtasun enpresa handi batek

Watchguard Technologiesen barnean egongo da. Xehetasun gutxi eman dituzte, eta ikusteko dago egoitzak Bilbon jarraituko duen ala ez

Panda Securityko langileak, enpresaren bulegoetako batean. PANDA SECURITY.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Watchguard Techologies AEBetako konpainiak Panda Security zibersegurtasun euskal enpresa erosi du. Bi aldeek atzo eman zuten akordioaren berri, eta, lotzeke dauden azken xehetasunen zain, urteko bigarren hiruhilekoan itxiko dute salmenta. Merkatuaren begiraleek operazioa baimendu dute, eta ikusteko dago enpresaren bulego nagusiak Bilbon jarraituko duen ala ez.

Urtebete da Panda salgai jarri zutenetik, eta, azkenean, merkatuko izen handi batek bereganatu du. Euskal enpresaren birusen aurkako programek sona handia eman zioten, eta, arazo ekonomikoak pasatutakoa izan arren, 250 milioi euro inguruko prezioa zuen egun, sektoreko iturrien arabera. Dena den, bi aldeek ez dute operazioaren zenbatekoaren berri eman. Merkataritza Erregistroan aurkezturiko datuen arabera, Pandak 60 milioi euroren irabaziak izan zituen 2018an, eta, 2019an, 90era igotzea zen asmoa.

Erosketa hau mugarria izan daiteke enpresaren ibilbidean. Egoitza nagusia Miribilla Bilboko auzoan du, eta bertan 203 langilek dihardute, baina zuzendaritza batzorde osoa Madrilen du. Izan ere, gaur egun Pandak zerikusi gutxi du Mikel Urizarbarrenak 1990ean sortu zuen enpresarekin. 2007an akzioen %75 saldu zizkien bi inbertsio funtsi, eta Jose Sancho enpresari espainiarrak kontrolatzen du orain. Information Business Integration Luxenburgon egoitza duen enpresaren burua da, eta, haren bitartez, Pandaren akzioen %60ren jabea. Beste bazkide handia Gala Capital funtsa da, akzioen %34rekin.

Azken urteetako hazkunde horren eraginez, 600 langile ditu orain Pandak, hemeretzi herrialdetan bulegoak irekita, eta, enpresaren datuaren arabera, bere antibirusek eta zibersegurtasun produktuek 30 milioi erabiltzaile baino gehiago dituzte mundu osoan. Hala ere, eta Euskal Herriko jardunari dagokionez, oparoaldiak isla txikia izan du langileen baldintzetan. Horren ondorio, langileen protestak ugariak izan dira, eta 2018an greba ere egin zuten. Urtero irabaziak izan arren, bost urtez soldatak izoztuta izan zituztela salatu zuten.

Panda Securityren zuzendari orokorra, Juan Santamaria, pozik agertu zen «fusioarekin», mugimenduari esker enpresak dimentsio berria hartuko baitu. «Gustura gaude akordioarekin, gure produktu berritzaileak Watchguard mundu mailako enpresa sendo baten bitartez banatu ahal izango ditugulako». Ez da gutxiagorako, Watchguard zibersegurtasunaren izen handietakoa baita. 1996an Seattlen sortua (AEB), 2006an 151 milioi dolarren —131 milioi euro— truke erosi zuten Francisco Partners eta Vector Capital enpresek. Harrezkeroztik urtez urte haziz joan da. Haren segurtasun produktuek ospe handia dute, batez ere eremu industrialean, eta Panda beretuz etxeetako gailuen merkatura iritsi nahi duela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.