Lan araudia

Pandemiari lotutako ABEEak hilabetez luzatuko dituzte

Hego Euskal Herriko enpresek denbora gehiago izango dute lan erreformak sortutako eredura egokitzeko.

Ostalaritza izan da ABEEak gehien erabili dituen sektoreetako bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko otsailaren 21a
14:02
Entzun

Pandemiari lotutako enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak gaur zortzi ziren amaitzekoak, baina beste hilabetez luzatuko ditu bihar Espainiako Gobernuak, sindikatuen eta patronalaren adostasunarekin. Horrela, beren langileei aldi baterako enplegua laburtu edo kendu nahi dieten enpresek martxoaren amaiera arteko tartea izango dute eredu berrietara egokitzeko.

Espainiako Kongresuak otsailaren hasieran berretsitako lan erreformak enplegua aldi baterako murrizteko tresna berriak sortu ditu (Red izenekoak) zailtasun bereziak dituzten sektoreentzat, eta horien lehen erabiltzaileak bidaia agentziak izango dira. Halaber, bi aldi baterako erregulazio mota izango dira: arrazoi ekonomikoengatik, teknikoengatik, eta antolaketari eta ekoizpenari lotutakoengatik eskatutakoak (ETOP, gazteleraz), eta ezinbesteko arrazoiengatik eskatutakoak.

Horien eta pandemiari lotutako erregulazioen artean badira desberdintasun batzuk, eta batetik besterako trantsizioa errazteko onartu dute aldi baterako erregulazioen luzapena.

Beste luzapenik ez bada, martxoaren 31n iraungiko dira behin betiko aldi baterako erregulazioak. Data horren ondoren, La Palma uharteko sumendiaren leherketaren kalteei lotutakoak soilik geratuko dira indarrean.

Trantsiziozko hilabetean izango da aldaketarik. Sindikatuek azaldu dutenez, enpresek erregulazioan dituzten langileen gizarte kotizazioen zati handiago bat ordaindu beharko dute. Trebakuntza plana duten enpresetan, kotizazioetan aurrezten zuten zatia %80tik %60ra txikituko da. Formakuntzarik ez bada, berriz, %20 aurreztuko dute enpresa hamar langiletik gorakoa bada, eta %30 gehienez bederatzi langile badituzte.

Aldi baterako erregulazioen luzapena biharko bileran onartuko du Espainiako Gobernuak, eta orduan berretsiko du gutxieneko soldata mila eurora igoko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.