Papergintzan 1.700 lanpostu «arriskuan» bide daude

Sektorearentzat 11 milioi euroko zama ekarriko dute zerga berriek, Paperaren Clusterrak dioenez

Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Gobernua sustatzen ari den hainbat zerga berrik, tartean zentimo berdea —gas naturalarentzat— eta ekotasa, 11 milioi euroko zama ekarriko die papergintzako enpresei, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Paperaren Clusterrak esan duenez. «Zerga berri horiek lehiakortasunari eragingo diote, eta arriskuan jarri alorrak esportatzeko duen gaitasuna eta, ondorioz, 1.700 lanpostu zuzen».

Papergintzako 23 enpresa daude clusterraren barruan. Elkarteko kudeatzaile Iñaki Ugartek atzo esan zuenez, 2012-2020 eperako emisio eskubideak banatzen dituen sistemaren erreformak ere ez du lagunduko sektorea aurrera ateratzen. «Argi dago energiaren erreforma eta tasen defizitaren arazoak mahairatzeko beharra dagoela, baina ez papergintzako enpresen lehiakortasuna murriztearen lepotik».

«Eragin larria»

Ingurumen eta energiaren iraunkortasuneko ataletan PPko gobernua sustatzen ari den zerga berriek «eragin larria» izango dute Euskal Herriko papergintzan. Sektoreko enpresek erabiltzen duten erregaiaren%60 gas naturala da, eta ekotasak metro kubiko gas bakoitzeko 2,79 zentimoko ordaindu beharra ekarriko du. Horrez gain, gas naturalaren salneurriak ere gora egingo duela dio clusterrak, eta horrek ere zamatuko dituela.

Bestalde, argindar energiaren salmentari jarritako %6ko zergak ondorio kaltegarriak izango ditu paper enpresetan. Urtarriletik aurrera, egoera «oso zaila» izango da papergintzarentzat, Iñaki Ugartek azaldutako arrazoi horiengatik guztiengatik. «Zerga berriak jartzeak lehiakortasuna galtzea ekarriko digu, eta horrek esportazio gaitasunean eragingo digu». Hala, papergintzaren «1.700 lanpostu zuzenak» arriskuan jarriko direla esan zuen Iñaki Ugartek. Paperaren Clusterrean elkartutako enpresek 845 milioi euroko fakturazioa izan zuten 2011n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.