Errenteriako (Gipuzkoa) Papresa paper fabrikaren etorkizuna argitzeko prozesuak urrats erabakigarria egin du. Hartzekodunen konkurtsoaren barruan, enpresa erosteko eskaintza bakarra aurkeztu dute, Espainiako CL Grupo Industrial taldearena —lehengo Cristian Lay—. Hala baieztatu du gaur Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Mikel Jauregik, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Jauregik argitu duenez, prozesuan «beste interesdun batzuk ere» egon dira —tartean Euskal Herriko enpresari talde bat—, baina azkenean ez dute eskaintza zehatzik egin.
Hala ere, Jauregiren arabera beste batzuek Papresa erosteko interesa erakutsi izanak adierazten du papergintza sektorea erakargarria dela oraindik ere. Hala, nabarmendu du Jaurlaritza prest dagoela prozesuan laguntzeko, baina ez du zehaztasun handirik eman. Hori bai, adierazi du babes hori CL taldeak aurkezten duen proiektuaren araberakoa izango dela.
Jaurlaritza diruz laguntzeko prest ote dagoen galdetuta, sailburuak azaldu du beste proiektuetan aplikatu dituen baldintzak bete beharko direla honetan ere. Hau da, haren arabera, ezinbestekoa da CL taldeak etorkizunerako industria proiektu sendo bat izatea, ibilbide fidagarria eta aitortua izatea, eta, horrekin batera, kalitatezko enplegua eta balio katearen jarduera sustatzeko konpromisoa izatea.
Jaurlaritzak baldintza argi bat jarri du Papresari laguntza emateko: «etorkizunerako proiektu sendo bat izatea» eta «kalitatezko enplegua bermatzea»
Atzo arratsaldean amaitu zen eskaintzak aurkezteko epea. CL Grupo Industrialek duela aste batzuk jakinarazi zuen berea, eta azkenean hori izango da konkurtso administratzaileak eta langile batzordeak mahai gainean izango duten aukera bakarra.
Prozesua Donostiako merkataritza arloko epaitegiaren babespean egiten ari dira, eta, apirilaren amaieratik, PKF Attest abokatu bulegoa da enpresaren administratzailea, Zumaiako (Gipuzkoa) AsBalenciaga ontziolaren salmentan parte hartu zuena. Azken urteetan Alemaniako Quantum Capital Partners inbertsio funtsa izan da Papresaren jabea.
Zorra eta lantaldea
Enpresaren finantza egoerak eta, bereziki, 70 milioi euro inguruko zorrak pisu handia izan dute azken hilabeteetako negoziazioetan, eta aurrera begirakoetan ere izango dute. Hemendik aurrera, zorren tratamendua —bankuekin adostu beharreko birfinantzaketa eta kitatzeak— eta enpleguaren berregituraketa izango dira negoziazioaren gakoak.
CL taldearen eskaintzak barne hartzen ditu kaleratzeak ere: 148 langileri eusteko asmoa du, gaur egungo lantaldearen %72ri alegia. Enpresaren ekoizpenaren ardatz nagusietan —prentsarako papera eta ontziratze jarduera— jarraitutasuna bermatu nahi du, PM5 eta PM6 makinetako lanpostu gehienei eutsita. Hala ere, egiturazko doikuntzak ere aurreikusten ditu, batez ere zerbitzu zentraletako eta egitura korporatiboko arloetan. Talde horrek lehenago ere aurkeztu zuen erosketa proposamen bat, enpresa konkurtsoan sartu aurretik; orduan, ordea, lantaldearen erdia kaleratzeko eskatu zuen, 110 langile inguru.
Konkurtso administratzaileak enpresaren bideragarritasunari buruzko analisi tekniko eta ekonomikoa egitea izango da hurrengo urratsa, eta, ondoren, langileen batzordeak bere azterketa aurkeztu beharko du. Horren ostean etorriko da lantaldearen bozketa edo oniritzia, eta, azkenik, zorraren hartzekodunen erabakia.
«ORAINGO EGOERA DUELA HILABETE BATZUETAKOA BAINO HOBEA DA»
Martin Otamendi Papresako langile batzordeko bozeramailearen iritziz, sindikatuek nahiago zuten eskaintza gehiago aurkeztu balira, horrek negoziazioetarako tarte handiagoa emango zielako. CL taldearenak 148 langileren subrogazioa jasotzen du, baina, sindikatuen arabera, kopuru hori ez da nahikoa enpresaren jarduera bermatzeko. «Hurrengo pausoa CLrekin biltzea izango da, kopuru horrekin ezinezkoa baita bi ekoizpen unitateak %100ean martxan jartzea». Oraingo lanpostu guztiei eustearen alde mobilizatuko direla azpimarratu du Otamendik. CL taldearen eskaintza hobetzeko aukerei buruz galdetuta, baikor agertu da: «Bi aldeek nahi badute, ahal da. Zalantzarik gabe, oraingo egoera duela hilabete batzuetakoa baino hobea da. Orain, gutxienez, badakigu nork hartuko duen enpresaren kontrola».
Prozesu horrek aurrekari bat izan du Euskal Herriko industria ehunean, Zumaiako Balenciaga ontziolarena. Kasu horretan langileen onespena funtsezkoa izan zen operazioak aurrera egin zezan.
Langileek oraingoz zuhurtziaz begiratzen diote prozesuari. Azken asteetan protestak eta lanuzteak egin dituzte enpleguaren defentsan, eta gaur eguerdian ere mobilizatu dira, fabrikaren kanpoaldean.
Papresa 1957an sortu zen, eta urteetan erreferentziazkoa izan da Euskal Herrian, prentsarako paper birziklatuaren ekoizpenean. Azken urteetan, ordea, sektorearen bilakaerak kolpe handia eman dio: digitalizazioak prentsarako paper eskaria murriztu du, eta energiaren garestitzeak ekoizpen kostuak handitu ditu. Horri aurre egin nahian, enpresak dibertsifikatze saiakerak egin ditu, ontziratze atala indartuz besteak beste, baina ez du lortu finantza arazoak gainditzea, eta horrek eraman du hartzekodunen konkurtsora.