Ke zuria Errenteriako (Gipuzkoa) zeruan. Larunbatean amaitu ziren Madalenak, eta astelehen honetan ohiko martxara itzuli da hirigunean dagoen paper fabrika historikoa. Egunotan geldirik edo erdizka aritu bada ere, hori ez da herriko jaiengatik izan, edo ez soilik horregatik. Azken urtean, Papresaren etorkizuna airean egon da: zorrak, konkurtso prozesu batek eta enpresaren salmentak baldintzatu dute enpresa historiko horren jarduna.
Azkenean, gaur CL Grupo Industrialek hartu du haren kontrola; bestela esanda, gaur ekin dio haren kudeaketa operatiboari. Eta, horren berri emateko komunikabideetara bidalitako ohar batean, jabe berriak lasaitasun eta itxaropen mezua igorri nahi izan du: «epe luzerako proiektua» dutela eta fabrikari «egonkortasuna» ematera etorri direla nabarmendu du.
Espainiako industria talde horrek 39,2 milioi euroren truke erosi zuen Papresa, ekainean, bere bi ekoizpen lerroekin: prentsarako papera eta ontzietarako kartoia. Aurrerantzean, CLk kudeatuko du Errenteriako fabrika, Papelera del Oiartzun sozietate berriaren bidez, eta Papresa markak merkatuan jarraituko du.
Victor Leal CL Grupo Industrialeko zuzendariak azaldu duenez, Papresak «ekoizpen aktiboak, industria ezagutza eta posizio estrategikoa» ditu paperaren eta packaging-aren sektorean, eta horri eutsi nahi diote.
Hemendik aurrera, jabe berrien asmoa da enpresari «egonkortasuna, kudeatzeko gaitasuna eta epe luzerako ikuspegia» ematea, Errenteriako fabrikak jarduerarekin jarrai dezan eta «pixkanaka sendotasuna berreskura dezan». Lealek, gainera, bezeroek eta hornitzaileek jabe berriekin izandako «jarrera bikaina» nabarmendu du, eta «konfiantza hori» etapa berriari eusteko «oinarrizkoa» izango dela esan du.
Gogoratu du, halaber, enpresaren geroa kolokan egon den hilabete hauetan Papresak ez duela jarduera eten, ekoizpenak aurrera jarraitu duela, soldatak normal ordaindu direla, eta haiek ere lagundu dutela trantsizio prozesu horretan, lantegia lehengaiz hornituz eta kartoi eskaerak eginez.
Eskertza sindikatuei
Papresa 1957an sortu zen, eta urteetan erreferentziazkoa izan da Euskal Herrian, prentsarako paper birziklatuaren ekoizpenean. Azken urteetan, ordea, sektorearen bilakaerak kolpe handia eman dio: digitalizazioak prentsarako paper eskaria murriztu du, eta energiaren garestitzeak ekoizpen kostuak handitu ditu. Horri aurre egin nahian, azken urteetan dibertsifikatze saiakerak egin ditu, ontziratze atala indartuz besteak beste, baina ez zuen lortu finantza arazoak gainditzea, eta salgai jarri zuten.
Iazko udan sartu zen borondatezko konkurtsoan, 70 milioi euro ingururen zorrei aurre egin ezinik. Ordura arteko jabea, Quantum Capital Alemaniako funtsa, ez zen egoerari buelta emateko gai izan, eta fabrika saldu edo likidatu beharreko aktibo bihurtu zen.
CL Grupo Industrialen eskaintzaz gainera, Herrialde Katalanetako Hinojosa Packagingek eta euskal inbertitzaile talde batek ere enpresa erosteko asmoa agertu zuten; azkenengo bi horiek, gainera, eskaintza bateratua egiteko aukera ere aztertu zuten, baina ez zuten finantzaketarik lortu epaitegiak ezarritako epearen barruan. Maiatzaren 18an erretiratu ziren, eta CL geratu zen hautagai bakar gisa.
Erosketa gauzatu ahal izateko, baina, sindikatuekin lan baldintza berriak adostu behar zituen. CLk eskaintza egin aurretik, lantaldearen erdia, 110 langile inguru kaleratzeko asmoa agertu zuen: eskaintza ofiziala egin zuenean, 57ra murriztu zuen kopuru hori, eta 148 langileren kontratuak subrogatzea eskaini zuen, baina sindikatuek ohartarazi zuten lantalde horrekin ezinezkoa izango zela bi ekoizpen unitateei eustea. Azkenean, plantillaren %80ri eustea adostu zuten.
Horren truke, baina, langileek baldintza batzuk onartu behar izan dituzte: soldatak izoztuta edukiko dituzte bi urtez, eta urtean 82 ordu gehiago egingo dute lan. Doikuntzak, bereziki, administrazio eta bulegoetako egituretan egingo dituzte, eta borondatezko irteerak lehenetsiko ditu zuzendaritzak.
Ekainaren 8an sinatu zuten akordio hori. Gaurko oharrean, jabe berriek sindikatuekin eginiko akordioa nabarmendu dute: «Elkarlanerako giro honek industria proiektu berriaren oinarriak ezartzen ditu».
Akordioa egin eta astebetera, ekainaren 16an, Donostiako Merkataritza arloko 1. Epaitegiak erosketa baimendu zuen, baina berme gisa baldintza batzuk jarri zizkion CLri: eskudirutan egin beharreko ordainketa handitu zion —hasieran aurreikusitako hiru milioi euroetatik hamar milioira—. Halaber, makinen leasing edo alokairu kontratuak eta jarduerari eusteko beste konpromiso batzuk ezarri zizkion.
Papresarena azken urteetan CL taldeak egin duen bigarren erosketa handia da. 2016an, Global Energy Services (GES) euskal ingeniaritza enpresa erosi zuen. Familia jatorriko industria talde bat da CL Grupo Industrial, eta Jerez de los Caballerosen du egoitza (Extremadura, Espainia). 25 enpresa ditu hainbat sektoretan: besteak beste, altzairuaren, paketatzearen, energia berriztagarrien, kimikaren eta energiaren alorretan.