Frantziako autogintza sektorea suspertzeko neurriak hartuko ditu Frantziako Gobernuak. Azken urteetan sektorean izandako ekoizpenaren jaitsiera eta lanpostuen galera jaitsi nahi du gobernuak. Arnaud Montebourg Berrindustrializazio ministroaren arabera, autogintza industriako langileen kopurua %30 jaitsi da azken hamarkadan; 2005ean 3,5 milioi auto ekoizten ziren Frantzian, eta egun, berriz, bi milioi egiten dira. Egoerari buelta emateko plan bat iragarri zuen Frantziako Gobernuak atzo.
Gutxien kutsatzen duten autoen erosleei diru laguntza handiagoak emango dizkie. Hain justu, ibilgailu elektrikoak eta hibridoak erosten dituztenei ia bikoiztu egingo dizkie laguntzak. Auto elektriko baten erosleari 7.000 euroko laguntza emango dio, gehienez; auto hibrido bat erosten duenari, 4.000 eurokoa. Ibilgailu termikoen prezioak, berriz, 100 eta 150 euro artean murriztuko ditu. Laguntzen igoera horri 2012 amaiera arte eutsiko dio.
Bestelako hainbat neurri ere iragarri ditu gobernuak. Batetik, ibilgailu elektrikoak eta hibridoak kargatzeko lekuen sarea ahalik eta azkarrena zabaltzeko asmoa du. Autoetako piezen birziklatzea ere bultzatuko du. Horrez gain, atzo aurkeztutako planaren arabera, 350 milioi euro erabiliko ditu sektoreko teknologia berritzeko proiektuetan, eta autogintza sektoreko ikerketarako institutu bat ere sortuko du.
Peugeoten, 8.000 kaleratze
Egun, 200.000 langile inguru aritzen dira autogintza sektorean, duela hamar urte baino 100.000 lagun inguru gutxiago. Autoen ekoizpenak behera egin duenez, lanpostuak ere asko gutxitu dira Frantziako enpresetan. Gainera, kopuru hori oraindik gehiago murriztuko direla dirudi. Izan ere, PSA Peugeot-Citroenek duela bi aste jakinarazi zuen 8.000 langile kaleratuko dituela, eta Frantzian dituen bost lantegietako bat itxiko duela, enpresa berregituratzeko plan batean oinarrituta.
Erabakia ez zaio asko gustatu Frantziako Gobernuari, ezta enpresako langileei ere. Atzo bertan, PSAren Parisko egoitza nagusiaren aurrean protesta bat egin zuten 1.500 langile inguruk. Gobernuak aurkeztutako planean ez da neurri jakinik aipatzen 8.000 kaleratze horiei aurre egiteko. Elkarrizketa sozialari buruzko aipamen bat egiten du, ordea: «Lanpostuak bermatzera eta sektoreko industria lekuei eustera bideratu behar da elkarrizketa».
PSAk aste honetan eman du 2012ko lehen seihilekoan lortu dituen emaitzen berri. Guztira, 819 milioi euro galdu ditu, eta iaz garai berean baino %5,1 diru gutxiago lortu du salmenten bidez. Europako auto ekoizle handienetan bigarrena da PSA, Alemaniako Volskwagenen atzetik, baina haren arazoa da Europan saltzen dituela auto gehien, eta merkatu hori beherantz doa. Mundu osoan, 209.000 langile ditu. Aste honetan iragarri du Japoniako Toyotarekin akordio bat lortu duela. Europan salduko diren Toyota markakoautoak berak ekoitziko ditu. AEBtako General Motorsekin ere akordio bat lortu berri du.
Parisek laguntza handituko die auto elektriko edo hibridoa erosten dutenei
Frantziako Gobernuak plan bat iragarri du autogintza sektoreko ekoizpenari eta lanpostuei eusteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu