Pentsioen erreforma

Pariserako trena blokeatu dute Baionako geltokian

Hogei bat 'jaka hori' eta sindikatukidek erretreten erreformaren kontrako «ekintza sorpresa» egin dute.

Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko urtarrilaren 21a
21:20
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak egin nahi duen erretreten erreformaren kontrako mobilizazioen barruan, «ekintza sorpresa» egin dute hogei bat ekintzailek Baionako geltokian gaur arratsaldean. Parisera ateratzekoa zen trena oztopatu dute, trenbidean jarrita. Frantziako Polizia heldu da protesta gunera, baina manifestariek trena oztopatzen jarraitu dute ordu erdiz. Azkenean, Frantziako Poliziaren mehatxuen ondorioz, ekintza bertan behera utzi dute manifestariek. Oihu artean utzi dute Baionako geltokia manifestariek. «Erretreta gurea da, lortzeko borrokatu ginen, atxikitzeko borrokatuko gara».

Frantziako Gobernuak orekarako adina behin-behinean kenduko zuela iragarri arren, ez da isildu erretreta sistemaren erreformaren aurkako mugimendu soziala, eta, dagoeneko, zazpigarren astean sartu da.

Joan zen ostegunean 2.000 pertsona elkartu ziren Baionan, sindikatuek deituriko mobilizazioan. Orain arte, trenbideetako langileek eraman dute greba nagusiki, baina, sindikatuen arabera, sektore berri batzuk batzen ari dira.

Abenduaren hasieran, gizarte eragileengan duen «konfiantza erakusteko», Frantziako lehen ministroak orekarako adinaren neurria kentzeko aukera eskaini zien sindikatuei, «behin-behinean» bada ere. Edouard Philippek jasoa du erretreten erreforman erretiroa 64 urtera atzeratzea, 2022tik 2027rako epean. Bada, orekarako neurria esan dioten horri uko egiteko prest dagoela jakinarazi die sindikatuei gutun baten bidez, betiere erreformaren gatazka desblokeatzeko eskaintza gisa. Sindikatu erreformisten babesa lortzeko saioa izan da lehen ministroaren proposamen hori. Izan ere, erreformaren neurri nagusietako batean atzera egiteko prest egonda ere, nekez erakarriko ditu CGT, FO, FSU, Solidaires eta CGC sindikatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.