Energia

Parke eoliko bat jarri nahi du aurten Jaurlaritzak, Iturrietako mendietan

Haize errotak kokatzeko zortzi leku aztertzen ari dira, eta bostetan jartzea espero dute. Aixeindar arduratuko da, EEEk eta Iberdrolak sortutako enpresa

Erroeta herria. ERROETAKO UDALA
Iker Aranburu.
2020ko urtarrilaren 22a
15:48
Entzun

Ia hamabost urteko etenaldiaren ondoren, energia eolikoari bultzada bat emateko zorian dago Eusko Jaurlaritza. Parke eoliko bat jarri nahi du aurten bertan. Iturrietako mendietan izango da ziurrenik, Erroetako lurretan (Araba). Aixeindar enpresa da sustatzailea, Jaurlaritzaren menpeko EEE Energiaren Euskal Erakundeak Iberdrolarekin batera sortutako sozietatea. Energia konpainiak Aixeindarren %60 izango du, eta gainontzeko %40a izango da EEEren esku.

Aixeindarren aurkezpen publikoa gaur egin dute, EEEren Bilboko egoitzan. Han, Iñigo Ansola EEEko zuzendariak eta Julio Castro Iberdrola Renovablesko kontseilari ordezkariak azaldu dute zortzi kokaleku aztertzen ari direla haize errotak jartzeko; horietatik «bost-edo atera daitezke».

Leku bakar bat aipatu zuten izenez, Iturrietako mendiena. Han haizea neurtzeko dorre bat jarri zuten, baina gaur egun ez dabil, norbaitek txikitu egin duelako. Konpontzen ari dira, ahal bezain pronto lanerako prest egon dadin. Erroetako lurretan dago estazioa, eta hango udal agintarien babesa dutela azaldu zuen Ansolak.

Aurten nonbait parke bat jartzekotan, han jarriko dute, haizearen indarra eta norabidea neurtzeko saioek urtebete inguru irauten dutelako. Emaitza positiboak izanez gero, haize errotak 2020 amaieran egon daitezke argindarra produzitzen. Aurretik, ingurumen eta administrazio baimenak jaso beharko lituzke. 

Etenaldi luzea

Ez da lehen aldia EEEk eta Iberdrolak elkarrekin lan egiten dutela energia eolikoa sustatzeko. Eolicas de Euskadi erdi bana sortu zuten, eta haren bitartez egin zituzten lau parke eoliko: 1994an, Elgean (Araba-Gipuzkoa); 2003an, Oiz mendian (Bizkaia); 2005ean, Badaian (Araba): eta 2006an, Luzuero-Bilboko portuan. 2007. urtean, behin parkeak martxan zeudela, EEEk bere zatia saldu zion Iberdrolari, eta hark Renovables adarrean sartu zituen.

Orduz gero, ez da haize errotarik jarri Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko parke sektorialak hamabost parke gehiago egitea aurreikusten zuen, baina, herritarren eta ekologisten protesten ondorioz, proiektuak etetea erabaki zuten Jaurlaritzak eta hiru aldundiek. Espainiako Gobernuak 2012an energia berriztagarrien aldeko laguntzak kendu izanak eragina izan zuen asmo guztiak bazter batean jarrai zezaten.  

Horren ondorioz, gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan argindar kontsumoaren %7 besterik ez da energia berriztagarrien bidezkoa. Eusko Jaurlaritzak eolikoaren eta fotovoltaikoaren instalazioak bikoiztu nahi ditu, eta helburu gisa jarri du 2030erako kontsumoaren %21 izatea. Eolikoari dagokionez, apustua bost bider indartzeko gertu dago Jaurlaritza: 153 MWetik 783 MWera. Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialean jasoko dituzte proiektuak.

Nafarroan, aurreratuago

Gauzak askoz aurreratuago daude Nafarroan. Euskal Herrian ezarritako 45 parkeetatik 41 lurralde horretan daude, eta uneotan beste 650 MW gehitzeko hamasei proiektu daude bidean: horietatik hamarri jada baimena eman die Nafarroako Gobernuak, eta, ondorioz, 224 MW ezartzeko lehen urrats erabakigarria egin dute jada. Ipar Euskal Herrian ez dago haize errotarik, ezta jartzeko proiektu sendorik ere.

Azken hamar urte luzeetan haize errota gehiago instalatu ez diren arren, energia eolikoari buruzko industria sendo bat dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Euskadi teknologiaren abangoardian dago energia eolikoaren eremuan. Izan ere, Euskadin 105 enpresak baino gehiagok dihardute 15.000 pertsonari lana ematen dien eta urtean 7.322 milioi euro fakturatzen dituen sektore horretan», gogorarazi du EEEk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.