HAIZEA ALDE DU BERRIZ

Azken hamarkadan, Euskal Herrian ez da parke eolikorik jarri, eta, barne merkatua geldirik izan denez, nazioartera hedatu da sektorea. Alta, Nafarroan 650 MWeko potentzia arteko proiektuak garatzeko asmoa dute, eta Jaurlaritzak egungo potentzia lau bider handitu nahi du 2030erako.

joxerra senar
Iruñea
2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Abenduan, 25 urte beteko ditu Euskal Herriko lehen parke eolikoak. Iruñean, begirada hegoalderantz zuzenduz gero, Erreniega mendikateko haize errotek marra bat osatzen dute zerumugan. Arrakasta ekonomiko baten oroitarri dira. EHN sozietate publiko izanak, aitzindari izateaz gain, negozio eredu oso bat sustatu zuen, haren inguruan industria bat garatu baita Euskal Herrian. 2004an Nafarroako Gobernuak EHN Accionari eta Iberdrolari saldu bazien ere, haren oinordekoak, Nordex Accionak, Nafarroan errotuta segitzen du: Barasoainen du egoitza, eta Irunberrin ekoizten ditu palak. Siemens Gamesak, berriz, Zamudion du egoitza (Bizkaia), eta Agoitzen lantegi nagusia.

Errotak mugiarazten dituen haizearen moduan, mende laurden gorabeheratsua izan du sektoreak. Aurreko hamabost urteetan izandako goraldiaren ostean, haize gabeko egunak iritsi ziren. Bi ekoizle handiak 2005ean hasi ziren nazioartera hedatzen, baina krisi ekonomikoak, lehenik, eta Espainiako Gobernuak kendutako diru laguntzek, gerora, areagotu egin zuten joera. Azken hamarkadan apenas ezarri den parke eolikorik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, adibidez, 2005etik ez da ezer egin: aurreko hamarkadan Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialak hamabost parke sortzeko asmoa jaso bazuen ere, azkenean bertan behera geratu ziren guztiak. Ipar Euskal Herrian, berriz, ez dago haize errotarik, ezta jartzeko proiektu sendorik ere.

Hamar parke, baimenarekin

Hala ere, haizea alde jotzen hasi da berriro, eta Nafarroa da horren isla. Euskal Herrian ezarritako 45 parkeetatik 41 lurralde horretan daude, eta uneotan beste 650 MW gehitzeko hamasei proiektu daude bidean: horietatik hamarri jada baimena eman die Nafarroako Gobernuak, eta, ondorioz, 224 MW ezartzeko lehen urrats erabakigarria egin dute jada. Egitasmo horietako gehienak Mariano Rajoyk diru laguntzak kendu aurretik aurkeztu ziren, 2012an.

Adibidez, Enholek bost parke eraikiko ditu Erriberan: guztira, 166 MWeko potentzia izango dute, eta 146 milioi inbertituko ditu. Nabarmentzen den beste proiektu handia Iberdrolak eta Caja Ruralek bultzatuko dute, Renovables de la Riberaren bitartez: Valtierran, guztira, 198 MWeko bost parke ezarriko dituzte, eta 160 milioi inbertituko.

Proiektuoz gain, Iruñeko gobernuaren energia planak 2030erako 2.000 MWeko potentzia izatea jarri du helburu gisa. Bultzada horrek Europako Batasunak ezarritako gidalerroei erantzun nahi die: 2030erako, energia kontsumoaren %27 —eta ez soilik argindarrarena— energia berriztagarri bitartez lortzea. Nafarroako Gobernuak espero du 2020rako xede hori erdiestea, eta 2030erako energia kontsumoaren erdia berriztagarria izatea.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, egoera bestelakoa da. Egun, energia kontsumoaren %7 besterik ez da energia berriztagarri bidezkoa, eta Eusko Jaurlaritzak eolikoaren zein fotovoltaikoaren instalazioak bikoiztea (%126) espero badu ere, 2030erako kontsumoaren %21 izatea jarri du helburu gisa. Eolikoari dagokionez, apustua bost bider indartzeko gertu dago Jaurlaritza: 153 MWetik 783 MWera. Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialean jasoko dituzte proiektuak.

Nafarroa urrats batzuk aurrerago doa, baina baditu zailtasun propioak. Erreniegako parkeaz gain, beste hamar parkek hogei urte beteak dituzte, eta beste hamaseiri oso gutxi falta zaie horretarako, 2000 eta 2003 artean sortu zirelako. Horrek esan nahi du iraungitzetik gertu daudela. Hala ere, Iruñeko gobernuaren plan energetikoak ondorioztatu du toki berean haize errota berriak jarrita potentzia %27 eta %64 artean handitu litekeela.

Dena den, parke horiek handitzeak zein parke berriak egiteak ingurumenari kalte egin diezaioke. Gobernuaren azterketen arabera, 6.979 hegazti hil ziren haize erroten eraginez 1996tik 2016ra bitarte; horietatik 144 arriskuan diren espezietakoak ziren; tartean, arrano beltzak, belatz handiak eta miru gorriak.

Eragin kaltegarri horren aurka, Gurelur elkarteak gutxienez hamar urtez parke gehiago jartzea debekatzeko eskatu du. Nafarroako Gobernuak uste du bai parke zaharretan erroten arteko distantziak handituta, bai berrietan kokaguneak ondo aztertuta —lurralde osoan mugatua da eolikoak ezar daitezkeen eremua— parkeak bideragarriak izan daitezkeela. Ingurumen baimenak lortzea ez da erraza, eta azken urteotan hamahiru parke jartzeko baimenak ukatu dizkiete Gamesari, Enholi, Acciona Energiari eta Eolica Navarrari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.