Parlamentuak gobernuaren jarrera gaitzetsi du, PPren neurriak direla eta

Raxoiren gobernuaren erabakien aurka agertu beharrean «otzan» agertzea leporatu diote Barcina presidenteari

Maite Alustiza.
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak Espainiako Gobernuak hartutako azken neurriak salatu zituzten atzo. Baina, Espainiari ez ezik, Nafarroako Gobernuari berari ere egin diote kritika, PPren neurriak direla-eta izan duen jokaeragatik. Bi adierazpen onartu zituzten, biak Nafarroa Baik eta Bilduk elkarrekin aurkeztutakoak. PSNren eta Ezkerraren babesa jaso zuten —aurka bozkatu zuten UPNk eta PPNk—.

Raxoiren gobernuaren erabakien aurkako testuak dio Nafarroako justizia sozialari eta borondate politikoari egindako «eraso oso larriak» direla. Beste adierazpenean, Goikoetxearen jarrera gaitzetsi dute, PPren erabakien inguruan «otzan» agertu delako eta babesa adierazi diolako kritikarik egin gabe. Goikoetxeari leporatu diote gobernuko ordezkari gisa «Nafarroaren eta herritarren» aurka jokatu duela.

Yolanda Barcina presidentearen agerraldia eskatzen duen adierazpena ere onartu dute tramiterako. Barcinarekin batera, Goikoetxeak eta Jesus Pejenaute Gizarte Politikako kontseilariak ere azalpenak eman beharko dituzte, «azken murrizketek izango duten eraginaren» inguruan.

Sindikatuak, «nazkatuta»

Manu Aierdi Nafarroa Baiko parlamentariak salatu du Barcinak nahiago izan duela neurriak ezarri, Madrilen haren kide denarekin aurrez aurre jartzea baino.«Barcinak eta UPNk ez dute inolako erresistentziarik jartzen autogobernuaren eta Nafarroak dituen eskumenen alde egiteko», azaldu du Aierdik. Gainera, gogorarazi du UPN izan zela, PPrekin batera, Raxoiren gobernuak iragarritako neurrien aurka bozkatu ez zuen bakarra. «Larriena da Goikoetxeak babesa ematea, nahiz eta haren botoak ez zuen inolako garrantzirik».

Maria Chivite PSNko Gizarte Politikarako idazkariak adierazi du bere alderdiak ez diola «inolako sinesgarritasunik» ematen Barcinari, horrek esaten duenean Nafarroan ez dituela ezarriko PPk onartutako neurri gehienak. Haren arabera, «Nafarroan gauza bat esaten du, eta UPNk Kongresuen Diputatuan kontrakoa bozkatzen du».

Funtzio publikoaren mahai orokorrean ordezkatuta dauden sindikatuak«nazkatuta» agertu dira. Javier Barinaga CCOOko ordezkariak zalantzan jarri du Nafarroak langile publikoei«nahitaez» kendu behar izatea Eguberrietako saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.