Baina zer gertatu da Parmalaten? Antza, talde sendoa zen. 2002ko kontuek hori zioten: 7.590 milioi euroko fakturazioa, eta 613 milioi euroko irabaziak izan zituen. Italiako esne produkzioaren %10en jabe, AEBetako merkatu zailean lekua eginda bere salmenten %35 eta bost kontinenetan ezagun makina bat produkturi esker. Baina zifren edertasunen erdian bat zen arantza bat, itzal arraro bat kontu liburuetan: esne eta elikagai produktuak ekoizten dituen korporazioaren diru sarrera gehienak finantza eragiketetatik zetozen. Baina inork ez zuen ezer esan. Orain jakin da Cayman uharteetako eta Luxenburgoko paradisu fiskalen babespean makina bat filialez osatutako sare konplexu bat eratu zuela Parmalatek urtez urte, 1988tik.
Aurten hasi da Parmalaten alde ezkutu hori agertzen. Ustez, 1.862 milioi euroko zorra zuen taldeak, eta otsailean iragarri zuen zazpi urteko epearekin 300 milioi euroko bonoak jaulkiko zituela. Akziodunek ez zuten ulertzen zergatik jaulki hainbeste bono kontrolpean zirudien zorpetzea finantzatzeko.
Dirurik ez
Arazoak edozein zirela, kontu liburuek zioten Parmalatek Cayman uharteetan altxor bat zuela etorkizuneko zorrei aurre egiteko: Bonlat filialean 3.950 milioi euroko gordailua zuen. Commerzbankeko adituak aipatutako bonba Bank of Americak (Parmalat bezero zuen) jaurti zuen: Bonlat filialean ez dago gordailurik. Hori dioten dokumentuak «gezurrezkoak» dira.
Hori jakin bezain laster, Parmalaten kotizazioa %60 erori zen, eta Parmalaten bonoekin antzera gertatu zen. Standard & Pool zorra ordaintzeko ahalmena neurtzen duen agentziak D mailarik apalenera jaitsarazi du Parmalat, iragan astean mailegu bat epe barruan ez ordaintzeagatik. «Maileguen gaineko edozein informazioren sinesgarritasuna zalantzan dago», gaineratu zuen.Bitartean, Milango Fiskaltzak ikerketa abiatu du. Susmopean dira taldeko 20 zuzendari, Calisto Tanzi presidentea bera (uneotan Italiatik kanpo dago). Baina krisiaren oihartzunak ez dira Parmalaten pareten artean geratu. Enronen gertatu bezala, lehen begiradak taldearen emaitzak ikuskatzen dituen enpresara zuzendu dira, Grant Thornton ikuskaritza etxera. Horrek argudiatu du bere enplegatuek zuzen jokatu dutela eta gezurrezko dokumentuen «biktimak» direla eurak ere. Ikuskariez gain, zer egin zuten merkatua kontrolatzen duten Italiako Bankuak eta Consob burtsako kontrol batzordeak? Antonio Fanzio Italiako Bankuko presidenteak orain gutxi bere kargua ez duela utziko baieztatu zuen, haserre, eta erantzukizun guztia Consob batzordearen gain utzi zuen. Krisi honek Italiako legedia auzitan jar dezake. Bigunegia batzuen ustez, are gehiago Silvio Berlusconiren etorrerarekin. Legeak, adibidez, ez ditu baimentzen agintariak Parmalaten finantza alorra ikuskatu eta kontrolatzera.
Berlusconiren neurriak
Orain, ordea, kezkati dago Berlusconi. «Gobernua ezin da lasai eserita egon», adierazi du. Asteartean «ezohiko administrazioarako» dekretu bat onartu zuen porrot egoeran diren korporazio handientzat, betiere Parmalat gogoan. «Ez da akziodunei edo zuzendariei mesede egi-teko, langileak salbatzeko baizik», arrazoitu zuen Anto-nio Marzano Industria ministroak.
Bestetik, Enrico Bondi jarri du taldeko buru egoera horietan aditua da, Calisto Tanzi fundatzailearen lekuan. Bondik lan zaila du aurrean, galdutako konfiantza berritu eta kontuak orekatu beharko ditu eta. Azkenik, Italiako Gobernuaoraindik zehaztu gabeko diru kopurua jartzeko prest dago Parmalat salbatzeko asmoz, baina aurretik, ordea, Europako Batzordearen baimena behar du. Egunotan erregutu dio ez dezala diru hori estatu laguntza gisa hartu.
Orain ikusteko dago Europako Enron deitu dioten kasuak zein norabide hartzen duen.
-
HISTORIA
Azkarregi hazi zen erraldoia
Askotan esaten da inperio bat ez duela sortzaileak erausten, haren oinordekoek baizik. Ez da Calisto Tanziren kasua. Bere aita hil eta 22 urte baino ez zituela familiako enpresa txikiari beste neurri bat ematea irudikatu zuen Tanzik, esnea etorkizuneko produktua zela pentsatuz. 1963an betiko beirazko boteilak alboratu eta Suediatik etorritako Tetra Pak kartoizko kutxetan merkaturatu zuen esnea, eta ondoren hozkailutik kanpo mantentzeko UHT teknikaz baliatu zen. 1974an Atlantikoa zeharkatu eta Brasilen ezarri zen. 1990eko hamarkadatik aurrera izugarri hazi zen Tanziren inperioa. 1993an bakarrik hamazazpi enpresa erosi zituen. 21 urterekin enpresaren buru jarritako mutil kozkorra dirudun bihurtu zen, eta 1991n bere hiriko Parma futbol taldea erostera iritsi zen. Baina orain inperio guztia erortzear dago.
-
Datua
10.000
2025. urtea bitartean Parmalat taldeak kitatu beharreko zorra 6.950 milioi eurokoa da. Baina lehen ikerketek erakusten dute 1988an hasitako iruzurrek 10.000 milioi euro inguruko zuloa eragin dutela.
-
Parmalat taldea
Sorrera: 1961. urtean sortu zuen, Calisto Tanzik, 22 urte baino ez zituela. Orain Italiako elikagai talde handiena da, eta munduko handienetakoa.
Egoitza nagusia: Collechio herrian, Parma hiritik oso gertu, 11 kilometrora.
Parmalat munduan: Bost kontinenteetan hedatua dago, guztira 30 herrialdetan. 139 lantegi ditu. Italiaz gain, Hego Amerika eta Europako ekialdea dira merkatu nagusiak. Espainiako filiala Clesa deitzen da, eta Frantziakoa Parmalat France SA.
Langileak: 36.356 langile ditu munduan.
Akziodunak: %51,15en jabe da Tanzi sendiaren kontrolpeko Coloniale sozietatea, Hermes Focus %2,19, Deutsche Bank SE %2,19, Deutsche Bank AG %2,96... Burtsako kapitalizazioa 89 milioi eurokoa da.
Salmentak: 1962an 100.000 euro fakturatu zituen; 1970ean 3,1 milioi euro; 1980an 149 milioi; 1990ean 568 milioi euro eta iaz 7.560 milioi euro. 2001ean fakturatu zuen gehien: 7.590 milioi euro.