'Pasiboaren gerra' bukatzeko neurriak hartu ditu Espainiak

Bankuetako buruen sariak epe erdiko emaitzara lotuko dituzte, arrisku gutxiago har ditzaten

Iker Aranburu.
2011ko ekainaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Berri txarrak datoz krisi gorrian ere aurreztea lortu dutenentzat. Hilabete gutxiko gordailuen truke %4tik gorako interesak amaitzeko urratsa egin du Espainiako Gobernuak. Halako eskaintzak egiten dituzten finantza erakundeei erreserbetan diru gehiago jartzera behartuko ditu.

Espainiako Bankuak behin eta berriro ohartarazi du pasiboaren gerraren aurka, marjinak asko estutzen zituelakoan. Gordailuen truke interes handiak eskainita, hainbat banku eta aurrezki kutxa bezeroak erakarri nahian aritu dira azken urteotan, kosta ahala kosta. Likidezia lortzeko modu egokia da, baina arazoak sor ditzake interesak pagatu behar direnean. Gainera, Espainiako Gobernuak uste du gordailuak saritzearen truke finantza erakundeek maileguetako interesak handitu egin dituztela.

Pasiboaren gerra amaitze aldera, «ezohiko» errentagarritasuna ematen duten gordailuengatik Gordailuen Bermerako Funtseandiru gehiago jarri beharko dute finantza erakundeek. Hiru hilabete eta urtebete arteko gordailuetan, epe zehatz horretako Euriborra baino puntu eta erdi gehiago ematen duten bankuek gordailuaren halako bost jarri beharko dute erreserban. Urtebetetik gorako gordailuen kasuan, puntu bat gehiago eskaintzen dutenak zigortuko dituzte, hau da, %3,137 baino gehiago pagatzen dutenak. Expansion egunkariak halako hogei gordailutik gora zenbatu zituen atzo. Gehien eskaintzen duena Banco Espirito Santo da, %4,25ekoa urtebeterako gordailuan. Arazoa da banku hori Portugalgo sukurtsala dela eta, hortaz, ez dagoela behartuta muga horiek errespetatzera.

Europaren arteztaraua

Finantza krisia lehertu eta lau urtera, sektorearen gehiegikeriak mugatzeko beste urrats bat egin zuen atzo Espainiako Gobernuak, bankarien soldatei buruz Europako arteztaraua lege dekretu bihurtuta. Horren bidez, bankuek, aurrezki kutxek eta inbertsio funtsek soldatak baimentzen dituen batzordea sortu beharko dute. Erakundearen neurriaren arabera, sari aldakorraren %40 eta %60 artean hiru urtetik aurrera pagatuko dute, eta horren erdia, gainera, taldearen ordura arteko emaitzei lotuta izango da. Horren bidez eragotzi nahi dute epe laburreko emaitzak saritzea, horiek lortzearren bankuek neurrigabeko arriskuak hartu izanak ekarri baitu krisia.

Diru laguntza publikoa jaso dutenen kasuetan, Espainiako Bankuak eskumena izango du haietako buruen sariak onartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.