Patronalak «bazterrean utzitako langileak» gutxieneko soldata baten alde sinatzera deitu dituzte

Sindikatu abertzaleek gutxieneko soldataren aldeko herri ekinaldi legegilea babesteko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, eta negoziazio mahaian esertzeko Confebaski eta CEN patronalei.

Sindikatu abertzaleen agerraldia, gaur, Bilboko Arriagan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Sindikatu abertzaleen agerraldia, gaur, Bilboko Arriagan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko ekainaren 18a
14:07
Entzun 00:00:0000:00:00

Prezioek gora egin dute nabarmen azken urteetan, baina sektore batzuetan soldatak ez dira inondik inora maila berean hazi. Horren jakitun dira, besteak beste, zaintza, ostalaritza eta merkataritza sektoreetako langileak. Gutxien kobratzen dutenen artean daude haiek guztiak. Hori dela eta, arlo horietako 56 enpresetako beharginekin egin dute agerraldia ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek, patronalari negoziazio mahaian eser dadin exijitzeko. Aldi berean, gutxieneko soldataren aldeko ekinaldi legegilearekin «modu masiboan» bat egitera deitu dituzte herritarrak.

«Munduko toki guztietan, gutxieneko soldata kohesiorako eta pobreziatik ateratzeko tresna bat da», Pello Igeregi ELA sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradunak adierazi duenez. Eusko Jaurlaritzak emandako datuak ekarri ditu gogora: «Hilean 1.654 euro baino gehiago kobratu beharko lirateke gutxieneko ongizatea izan ahal izateko».

«Hilean 1.654 euro baino gehiago kobratu beharko lirateke gutxieneko ongizatea izan ahal izateko»

PELLO IGEREGIELAko negoziazio kolektiboko arduraduna

Hego Euskal Herrian, ordea, egon badaude gutxiago kobratzen duten langileak. «Soldata hori baino gutxiago kobratzen dute Arabako zahar etxeetako langileek, Amazonekoek, Uberrekoek, Gasteizko lorezainek, garbitzaileek, hoteletako beharginek...», ohartarazi du Igeregik.

Horiek guztiek 1.500 euro baino gutxiago jasotzen dute hilean, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek txarretsi dutenez. Hori dela eta, ordainsari eskasenak dituzten sektoreetako 56 enpresetako langileen ordezkariak batu dituzte gaur Bilboko Arriaga plazan.

«Madrilen erabakitzeak bertako langileen egoera okertzen eta prekarizatzen du, eta lan eta bizi baldintza okerragoetara kondenatzen ditu»

OIHANA LOPETEGILABeko ekintza sindikaleko arduraduna

Orain dela hilabete batzuk, Confebask eta CEN patronalak hankamotz utzi zituzten gutxieneko soldata propioari buruz eztabaidatzeko mahaiak, sindikatuekin elkartzeari uko egin baitzioten. «Ekinaldi honen bidez zera erakutsi nahi dugu, nortzuk utzi dituzten bazterrean». Enpresarien bi erakundeak negoziazio mahaian jesartzera behartu nahi dituzte.

Sinadura bilketa

Lanbide arteko gutxieneko soldata Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan finkatzea nahi dute sindikatu abertzaleek. Izan ere, hori «Madrilen erabakitzeak bertako langileen egoera okertzen eta prekarizatzen du, eta lan eta bizi baldintza okerragoetara kondenatzen ditu», Oihana Lopetegi LAB sindikatuko ekintza sindikaleko arduradunak adierazi duenez.

Bide horretan, sindikatuak sinadurak batzen ari dira HEL herri ekinaldi legegile bat aurkezteko, eta 56 enpresa horietan ere bilketa egiteko konpromisoa hartu dute. Ekinaldia «masiboa» izatea nahi dute, eta bat egitera deitu dituzte herritarrak. Halaber, HELa babesteko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.