Argia egin bedi

Energia eta telekomunikazio sareen mantentze egokia zaindu beharrean irabaziak lehenestea egotzi diete erabiltzaileek sortutako kooperatibek enpresei, eta nabarmendu kooperatiben zerbitzua «gertukoa» dela.

Red Electricak Oiartzungo Arkalen duen azpiestazioa. GORKA RUBIO / FOKU
Red Electricak Oiartzungo Arkalen duen azpiestazioa. GORKA RUBIO / FOKU
14789412 kepa
2025eko uztailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Energia eta telekomunikazioak oinarrizko baliabideak izan arren, batez ere multinazionalen esku dago oraindik ere horien ustiaketa, eta apirilaren 28ko itzalaldiak argi utzi zuen zer-nolako mendekotasuna dagoen enpresa haiekin: Hego Euskal Herri osoa argindarrik gabe eta inkomunikatuta egon zen aldi batez eta eskualde gehienak hainbat orduz, administrazio publikoek eta hornitzaileek ez baitzekiten nola bideratu egoera. Aitzitik, gertaera horrek berriz piztarazi du energia eta telekomunikazio burujabeen inguruko eztabaida.

Helburu horrekin plazaratu zuten Goiener eta Izarkom kooperatibek Itzali sistema, piztu alternatibak manifestu kolektiboa, maiatzean. Ordutik hona, eragileek eta norbanakoek aukera izan dute manifestuarekin bat egiteko, testuaren izen bereko webgunean, eta asmoa daukate udaren ostean bilera bat egiteko.

Hain zuzen, beharrezkotzat jotzen dute agerian uztea azpiegitura kritikoak noren esku dauden eta nola funtzionatzen duten; horrekin batera, irizten diote eztabaida ireki beharra dagoela. Izan ere, haien ustez, «baliabideak kolektibizatzea» da egungo aukera bakarra «boterea gutxi batzuen esku ez geratzeko, eta erabilera arduratsua eta jasangarria bultzatzeko».

Goienerren eta Izarkomen arduradunek diotenez, «alternatiba sendoak eraikitzeak» bakarrik eragotzi lezake beste itzalaldi bat gertatzea, eta horretarako funtsezkotzat daukate herritarren, gizarte eragileen, erakunde publikoen eta kooperatiben arteko elkarlana.

Itzalaldiaren egunean Aramaion (Araba) gertatutakoa gogoan dauka Maria Arretxe Goiener energia kooperatibako koordinatzaile orokorrak: «Bertan daukaten banaketa sarea udalarena da, eta, elektrizitate sorgailu baten bitartez, hogei minuturen buruan lortu zuten argia berreskuratzea». Hark azaldu duenez, «beti» izan dute argi helburu nagusia: «Energia sortzeko azpiegiturak hura kontsumitzen dugun lekuetatik ahalik eta hurbilen egotea, eta autokontsumoa bultzatzea». Hala ere, Arretxek ziurtatu du Aramaioko kasua salbuespena baino ez dela.

«Gehienetan, Iberdrolari dagokio azpiegiturak ondo egon daitezela bermatzea. Guk ez daukagu inolako ahalmenik azpiegitura horietan eskua sartzeko»

MARIA ARRETXEGoiener kooperatibako koordinatzailea

Zentral hidroelektriko txiki baten eta eguzki panelen zenbait instalazioren jabe da Goiner, eta berea du Oñatiko (Gipuzkoa) ur jauziko enpresa publiko-pribatuaren partaidetzaren %10 ere. Izan ere, energia merkaturatzeaz gain, hura sortzeaz arduratzen da. Baina banatzen duen energia guztia ekoiztetik «oso urrun» dago: «Hala ere, edonork kudeatu dezake hornidura elektrikoa gurekin, modu kooperatiboan». Dituzten azpiegiturak ere bazkideen ekarpenei esker erosi dituzte.

Energia azpiegiturei dagokienez, gaur egun, Hego Euskal Herrian, Red Electricak kudeatzen ditu goi tentsioko sareak, eta argindar konpainiek behe tentsiokoak: «Gehienetan, Iberdrolari dagokio azpiegiturak mantentzea eta horiek ondo egon daitezela bermatzea. Guk ez daukagu inolako ahalmenik azpiegitura horietan eskua sartzeko».

Hori dela eta, itzalaldiaren egunean arreta eman zieten bazkideei, baina ezin izan zuten hori baino askoz gehiago egin. Hala ere, Arretxek nabarmendu du «ahalik eta zerbitzurik onena» ematen ahalegintzen direla, «inongo trikimailurik gabe».

Goienerrek jarritako eguzki panelak Gasteizko Armentia ikastolan. GOIENER
Goienerrek jarritako eguzki panel batzuk, Gasteizko Armentia ikastolan. GOIENER

Zirkuitu laburra

Ipar Euskal Herrian itzalaldiak ez zuen eraginik izan, Frantziako Gobernuaren menpe dauden edo herrialde horretan jarduten duten enpresek kudeatzen baitute elektrizitate sarea. Hala ere, I-Ener eta Enargia kooperatibek ondo dakite sareak egoki ez kudeatzeak zer eragin dezakeen: «Energiaren %90» multinazionalen menpe dago, Iban Lizarraldek ohartarazi duenez: «Gure helburua da mendekotasun txikiagoa izatea argindar konpainiekin, eta beroa eta argindarra inguruko baliabideekin sortzea. Hala ere, asko dugu egiteko oraindik».

Hura da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan energia burujabetzaren inguruan lanean diharduten eragile bi horien sortzaileetako bat. Energia sortzeko, eguzki panelak jartzen dituzte eraikinetako teilatuetan, eta berokuntzaren arloan hasi dira duela gutxi, egurraren bidez. Proiektu horretan, elkarlanean ari dira baso ustiaketaz arduratzen den Sugarai kooperatibarekin.

Lizarraldek azaldu duenez, «gure helburua da energiaren zirkuitu laburra sortzea, tokian-tokian ditugun baliabideekin proiektuak garatuz eta beroa eta argindarra sortuz». Alde horretatik, Enargiako presidenteak azpimarratu du bederatzi lanpostu sortu dituztela: «Garrantzitsua da enpleguaren arloan ere burujabetza sustatzea, gure gazteak herrian gera daitezen nahi baitugu», aipatu duenez.

«Garrantzitsua da enpleguaren arloan ere burujabetza sustatzea, gure gazteak herrian gera daitezen nahi baitugu»

IBAN LIZARRALDEI-Ener eta Enargia kooperatiben sortzailea

Bestalde, Lizarraldek garrantzitsutzat jo du horrelako kooperatibek bazkideei eskaintzen dieten «gertutasuna», eta Arretxe Goienerreko koordinatzailea bat etorri da harekin. I-Enerrek eta Enargiak Donibane Garazin eta Baionan dituzte bulegoak, eta bazkide bakoitzaren «beharrak ulertzen» ahalegintzen dira han.

Eskaintzen dituzten salneurriak «oso lehiakorrak» dira: beste konpainia batzuk prezio merkeagoak eskaini arren, «askotan bezeroak berreskuratzeko kanpainak baino ez dira horiek», Lizarraldek ohartarazi duenez. Izan ere, handik hilabete batzuetara salneurriak igotzen dizkiete: «Askotan zaila izaten da bezeroak lortzea. Familia batzuek zailtasunak izaten dituzte energia fakturak ordaintzeko, eta hori ere kontuan hartu behar da».

Hego Euskal Herrian ere, badaude Goienerrek eskaintzen dituenak baino tarifa merkeagoak, «alde handirik ez egon arren». Hala ere, I-Enerrek eta Enargiak bezalaxe, «energia erabat berriztagarria eta zuzeneko arreta» ematen dute horren truke, Arretxek azaldu duenez.

Informazioaren autobideak

Argindarrik gabe ez ezik, telefono deiak egin eta Interneten nabigatu ezinik ere geratu ziren Hego Euskal Herriko biztanleak apirilaren 28ko itzalaldiaren ondorioz. Hain zuzen, Iker Garaialde Izarkom telekomunikazio kooperatibako zuzendariak sareen jabe diren enpresei aurpegiratu die «mantentze lanak eta hobekuntzak behar bezala ez egitea». «Azken finean, ahalik eta diru gutxien inbertitzen saiatzen dira, ahalik eta etekin handienak ateratzeko», laburbildu duenez.

Telekomunikazio sareak errepideekin parekatzen ditu Izarkomeko arduradunak: «Inori ez zaio burutik pasatzen herri bateko errepide guztiek pribatuak izan beharko luketenik, eta jabe bakoitzak horiek erabiltzeko baldintzak zehaztu beharko lituzkeenik». Aitzitik, informazioaren autobideen arloan «guztiz normaltzat hartzen dugu enpresa pribatuen esku egotea», Garaialdek txarretsi duenez.

«Inori ez zaio burutik pasatzen errepideek pribatuak izan beharko luketenik. Aitzitik, guztiz normaltzat hartzen dugu telekomunikazio sareak enpresa pribatuen esku egotea»

IKER GARAIALDEIzarkom kooperatibako zuzendaria

Nazio Batuen Erakundeak Internet oinarrizko eskubide gisa identifikatu zuela gogorarazi du Izarkomeko zuzendariak, eta, hala, konpainia pribatuen jarduna arbuiatu du. Izan ere, nabarmendu duenez, oinarrizko zerbitzu gero eta gehiago ematen dira sarean, hala nola osasun arlokoak, hezkuntzakoak eta informazio trukeari dagozkionak.

Hala ere, Garaialdek ohartarazi du azpiegitura horiek soilik administrazio publikoen eskuetan uzteak ere baduela «arriskua», eta gogora ekarri du zer gertatu zen Euskaltelekin: «Zuntz sare osoa pribatizatu zuten». Haren ustez, sareen jabetzak «publiko-komunitarioa» izan behar du, hau da, «gizartearen partaidetza ere beharrezkoa da».

Bide horretan, Izarkomeko arduradunak hizpidera ekarri du duela hiru urte abian jarri zuten EH Kom egitasmoa: Euskal Herrian dagoen arrakala digitala gainditzeko helburuarekin, telekomunikazio operadore hori sortu zuten Udalbiltzarekin eta Hiritik At kooperatibarekin elkarlanean, Interneterako konexioa udalerrietako biztanle guztien eskura jartzeko.

Egitasmoak modu horretan egituratzeak modua emango luke Europatik datozen «oztopoak» saihesteko: «inbertsio publikoa baliagarria izan daiteke prezioak merkatzeko, besteak beste. Hala ere, ahalegin horiek lehia desleialtzat jotzen dituzte». «Proiektu kolektiboak» egitea litzateke hori saihesteko modua.

(ID_13287961) Teknologia eta gazteak
Hainbat gazte gailu digitalak eskuan. BERRIA

Enpresen gehiegikeria

Telekomunikazio sareak errepideak izango balira bezala irudikatzen ditu Garaialde Izarkomeko zuzendariak. Maider Likona Bikonet kooperatibako kideak ere errepideekin parekatzen ditu telekomunikazio sareak, eta, nola funtzionatu beharko luketen azaltzeko, trafiko arauak ekarri ditu gogora: «Errepidean goazela, badaude gidari guztiok errespetatu beharreko arau batzuk; eta horiek betetzen ditugun heinean, trafikoa aurrera doa. Egin dezagun gauza bera telekomunikazioekin».

Hala ere, ez dirudi enpresa handiak arau horiek errespetatzeko prest daudenik, «ohituta baitaude gainontzekook beren esana betetzera, haien egitura hierarkikoan oinarrituz». Besteak beste, zuntzari dagokionez,  menpekotasun «izugarria» dago Movistar, Euskaltel, Orange eta Vodafone konpainiekin, Likonaren ustez.

«Askotan gertatu izan da udal batek zuntz optikoa jartzea erabaki, konturatu orduko enpresaren bat sarea jartzen hasi, eta proiektua pikutara botatzea»

MAIDER LIKONABikonet kooperatibako kidea

Bikoneteko kideak azaldutakoaren arabera, «askotan gertatu izan da udal batek zuntz optikoa jartzea erabaki, konturatu orduko enpresaren bat sarea jartzen hasi, eta proiektua pikutara botatzea». «Izan ere, azkarrago eta merkeago egiten dute, bezeroak bereganatzeko», Likonak dioenez.

Konpainia handi horiek hizpide hartuta, Bikonetekoak aipatu du bezeroei arreta ematen dieten langileek «lan baldintza kaskarrak» izaten dituztela. Likonaren hitzetan, «inolako trebakuntzarik gabe eta 800 euro ziztrinen truke» jartzen dituzte telefono deiak erantzuten. Horrek guztiak «eragin izugarria» dauka bezeroei ematen zaien arretan: «Zalantzaren bat galdetzen badiezu, askotan ez dakite zer erantzun, ez baitiete formakuntzarik eman. Enpresarena da errua».

EGUZKI PANELAK JARRIKO DITUZTE SENPEREKO ZABORTEGIAN

Orain arte, I-Ener kooperatibak teilatuetan baino ez ditu jarri argindarra sortzeko azpiegiturak: aurten, ordea, hiru futbol zelairen pareko eremu bat beteko du eguzki panelez, Senpereko (Lapurdi) Zaluaga zabortegian: 2,5 megawatteko potentzia izango du instalazio horrek, eta bi milioi euro baino gehiago inbertituko dituzte proiektuan. Iban Lizarralde I-Enerreko kideak zehaztu duenez, «laborantzarik ezin daiteke egin han, ezta eraikuntzarik ere». Laster abiatuko dute dirua biltzeko kanpaina, «betiere proiektu berri hau herritarren eskuetan gelditu dadin».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.