Penak behera

Joseba Barandiaran Andueza.
2010eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Beherapenak Hegoaldean hasi eta penak Bilboko burtsa behera bultzatu, guztia bat izan zen atzo. Penak ia aho batez eragin zituzten blue chip-ek: %0,46na galdu zuten bi banku handienek; Edurnezurik %0,99 galdu zuen, eta Iberdrolak %0,64. Repsol-YPFren %0,05eko igoera, malko arteko irri txikia baino ez zen izan. Goizean indar handirik gabe eta arratsaldean Dow Jonesen zalantzak zirela medio, urteko lehen jaitsiera eguna izan zen atzokoa, eta Bilbao-2000k izena harrapatu gabe jarraitu beharko du. Ingalaterrako Bankuak interes tasak mantendu zituen, baina Txinakoak igo, hazkunde ekonomikoa non dagoen garbi lagaz. Beherapen gutxi igarriko zituzten txerritxo ehiztariek, Arcelor (+%1,77) eta Popular (+%1,83) bankuaz harago, poz eta erosketa arras guti izan baitzen Ibex-35aren (-%0,46) tropelean. AEBetako langabeen datua gaur jakingo denez, penaz eta kezkaz bete zen akzio salerosketa, 2.275 milioiren salerosketarekin.



Bankinterrek (-%1,08) 900 milioiren zorra jaulki berri du, hiru urtean itzultzekotan eta% %0,95eko gainsariarekin (3 hilabeterako Euriborraren gainetik). Prezioa merkea ez izan arren, Espainiako banku nahiz kutxa ertain eta txikientzat esperantza izpiren bat badakar. Eurei nork mailegatu egon badagoela adierazten baitu, azken pare bat urtean lehen aldiz. Aurten 30.700 milioi bueltatu behar dituztela kontuan izanda, ez da gutxi. Dena den, hipotekak dituztenen kasuan errentagarritasunari eustea kosta egingo zaie, gainsari horiek ikusita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.