Pentsioa eta soldata kobratzea bateragarri egin nahi du PPk

Erretiro adin ofizialetik aurrera lan egitea bultzatuko du Espainiako Gobernuak, eta urte gutxiagorekin erretiratzea zailduko duProposatu nahi diren moldaketak kritikatu dituzte Amaiurrek, EAJk eta ELAk

Ivan Santamaria.
2012ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Herritarrek urte gehiago lan egitea bultzatuko du Espainiako Gobernuak. Bi oinarri dituen estrategia diseinatu du horretarako. Alde batetik, erretiro aurreratua edo partziala hartzeko baldintzak gogortuko ditu. Zailagoa izango da aldez aurretik erretiratzea, eta pentsio ordainean ere islatuko da. Bestetik, erretiroaren adin ofiziala bete eta gero langileek beharrean jarraitzea sustatuko du, soldata eta pentsioaren parte bat kobratzea bateragarri eginda.

Ez dira bi urte pasatu Zapateroren gobernuak erretiroaren adin ofiziala 65 urtetik 67 urtera aldatzea eta pentsioa kalkulatzeko tartea 25 urtera igotzea erabaki zuenetik. Haatik, erreforman sakontzeko borondatea du Mariano Raxoiren gobernuak, pentsio sistemaren jasangarritasunaren eta etorkizunaren inguruan Europako Batzordeak lantzean behin bidaltzen dizkion oharrei jarraituz.

Toledoko Itunari jarraipena egiten dion Espainiako Kongresuko batzordeak bilera zuen atzo. Erretiro aurreratuari buruz dituen proposamenak aurkeztu behar zituen Tomas Burgos Gizarte Segurantzako Estatu idazkariak. Hala egin zuen, baina, horrekin batera, adineko langileak beharrean jarraitzea sustatzen duen neurriaren berri eman zuen, ziur asko orain arte inoiz baino zehatzago.

Proposamena ez dago erabat definituta, baina beharrean jarraituz gero, pentsioaren %50-60 bitarte jasotzea bideragarri ikusten du PPk. Urte horietan ez litzateke pentsiorako kotizatuko, gobernuak «elkartasun tasa» bat jartzeko aukera zabalik utzi duen arren. Lana uztea erabakitzen duenean, pentsio osoa jasoko luke langileak, aldez aurretik kalkulatu zitzaion ordainarekin.

Orain arte, salbuespen gutxi batzuk kenduta, ez da bateragarria erretiro adin ofizialaren ondoren pentsioa eta soldata kobratzea. Aldaketa justifikatu zuen Burgosek: «Erabakitzeko aukera handiagoa eman nahi diogu herritarrari, askatasun handiagoa».

Batez ere, balizko aurrezkiarekin justifikatzen du gobernuak proposamena. Erretiroa hartzen duten langileen laurdenek hala eginez gero, urtero 500 eta 800 milioi bitarte aurreztuko lirateke. Elkartasun tasa atxikita, 900 milioi edo gehiago lirateke, betiere Gizarte Segurantzako kalkuluen arabera. Adineko pertsonen langile bizitza luzatzeak ez diola gazteen laneratzeari kalte egingo ziurtatu zuen Burgosek. «Gazteen eta adinekoen enplegua osagarria da, batek ez du bestea ordezkatzen. Gehituta, enplegu gehiago egotea eragingo lukete».

Txanponaren ifrentzua adin ofizialaren aurretik erretiroa hartzeko aukera da. Erretiro aurreratuari eta partzialari mugak jarri nahi dizkio gobernuak. Erretiro aurreratuari dagokionez, hartzeko aukera bi urte atzeratuko litzateke, 61 urtetik 63 urtera. Halaber, geratuko den pentsio ordaina finkatzen duten koefiziente murriztaileak berriz aztertuko dituzte.

Era berean, erretiro partziala nabarmen mugatzeko borondatea du. Formula «pribilegiatua» bihurtu dela salatu zuen Burgosek, «kostu osoa Gizarte Segurantzak hartzen duelako bere gain». Zenbait neurri aurreikusi dituzte. Lehenik eta behin, baliatu nahi duen langileak kotizatu beharreko urte kopurua handitzea (30 urtetik 33 urtera). Bigarrenik, gutxieneko lanaldia handitzea. Gaur egun, lanaldiaren %25 eta %75 bitartean da, eta gutxienekoa %50era igoko litzateke. Azkenik, geratzen den pentsio ordainari koefiziente murriztaileak ezartzeari ateak ireki dizkio PPk. Orain arte salbuetsita zeuden.

Oposizioaren kritikak

PPk iragarritako neurriak aurrera ateratzeko gehiengoa du, baina adostasun zabalagoa lortzen saiatuko duela agindu zuen Burgosek. Ez du erraza izango, oposizioaren kritika orokorra jaso baitzuen. Emilio Olabarria EAJko parlamentariaren ustez, gazteak laneratzea eragotziko du, eta «perbertsioa» da. «Erretiratzeak jarduera uztea esan nahi du».

Amaiurretik, ezkutuko helburuak izatea egotzi zion Sabino Cuadrak gobernuari. «Pentsioak murriztuko dira, eta gutxieneko diru sarrerak izateko beste lanpostu bat lortzera behartuko dituzte langileak. Era berean, pentsio funts pribatuak sustatzea egotzi zion gobernuari, «banku eta inbertsio handiek kontrolatzen dituztenak».

ELAk ere kezka agertu du. Pentsioen murrizketa «larria» dela ohartarazi du sindikatuak, eta erretiro aurreratua hartzen dutenek pentsio eskasagoak izango dituztela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.