Aldez aurretiko erretiroak mugatzeko neurriak proposatuko dizkio Espainiako Gobernuak Toledoko Itunari. Helburua da erretiroaren batez besteko adina (63 urtekoa), adin ofizialera hurbiltzea (65 urte orain). Luis de Guindos Ekonomia ministroak ez du argi eta garbi esan, baina litekeena da erretiro adina 67 urtera igotzeko prozesua azkartzea.
Cristobal Montoro Ogasun ministroak esan du pentsioak eguneratzea aurreikusten duen legea ez dela aldatu. Hau da, azaroko inflazioak gobernuaren aurreikuspena gainditzen badu, aldea konpentsatzen zaie pentsiodunei, urtarrilean egiten den ordainketa baten bidez. 2012 urtean pentsioak %1 igo ziren. Abuztuko inflazioa %2,6 izan zen. Azaroan horrela jarraitzen badu, %1,6 hori konpentsatu beharko die gobernuak pentsiodunei.
Enpresek ordaintzen dituzten gizarte kotizazioak 2013an puntu bat jaitsiko zirela esan zuen uztailean Espainiako Gobernuak. Orain ez du egingo.
Hirugarren urtez jarraian, Estatuko langile publikoen soldatak ez dira igoko. Erabaki hori beste administrazioei ere inposatu izan die Madrilen orain arte, eta bete egin dute euskal erakundeek, batzuetan ñabardura batzuk eginda. Hori bai, Montorok agindu du datorren urtean langile publikoek beren sari guztiak jasoko dituztela. Hori iragarri zuten iaz ere, baina uztailean erabaki zuen Gabonetako saria kentzea. Funtzionario kopurua txikitzeko politikari eutsiko dio Espainiako Gobernuak, arau gisa erretiroa hartzen duten hamar langile publikotik bederatzi ez baititu ordezkatuko.
Guztira 126.000 milioi euro gastatu nahi ditu Estatuak, iaz baino %9,2 gehiago. Horrek, ordea, ez du esan nahi diru gehiago izango duenik, azken lau urteotan pilatu duen zor publikoari aurre egin behar diolako. Zorraren interesak pagatzeko 38.000 milioi aurreikusten ditu, aurten baino 9.000 milioi gehiago. Gutxiago gastatuko du bere langileetan baino. Biztanleria aktiboaren laurdena langabezian izan arren, haien sarietan baino gehiago beharko du Espainiak zorra pagatzeko. Ministerioen gastuak batez beste %12 txikituko dira eta %15 inguru murriztuko dira inbertsioak ere. Horrekin guztiarekin defizitaren mugak bete egingo dituela agindu du Cristobal Montoro Ogasun ministroak, diru sarrerak betetzen ari direlako. Defizit horrek zor publikoa handituko du: gaur egun BPGaren %75,9an dago, eta %80tik gora geratuko da datorren urtean.
Zerga sisteman ere izango da aldaketarik, baina horietako batzuek ez lukete halabeharrez eraginik izan beharko Hego Euskal Herrian. Horien artean legoke etxebizitzaren maileguak errenta zergan ematen duen kenkaria ezabatzea. Nafarroako Gobernuak ere aurreratu du aldaketak egin nahi dituela arlo horretan, baina artean ez du ezer zehaztu.
Zerga arloan berritasun bat, hemen eragina izango duena: 2.500 euro baino gehiago ematen dituzten loteria sariei %20ko zerga ezarriko zaie. Gutxi gora behera, sarien %40 inguruk ordaindu beharko dute.
Zenbait erreforma ere iragarri ditu Luis de Guindos Ekonomia ministroak, "lehiakortasuna irabazteko". Horietako batzuen kutsu zentralista oso nabaria da. Esaterako, hurrengo asteotan "merkatuaren batasuna" handitzeko legea aurkeztuko du Madrilek. Araudiak ere bateratu nahi ditu, "enpresa espainiar guztiek lurralde osoan saldu edo zerbitzuak eman ditzaten". Zerbitzu profesionalak liberalizatuko dira. Lanbide batzuetarako elkargoetan egotea ez da beharrezkoa izango. De Guindosek ez du zehaztu zeintzuk diren lanbide horiek. Merkatuen arautzaileak ere bakarrean bilduko ditu, urtean 30 milioi euro aurrezteko.
Prever planaren moldaera berria ere onartu du Espainiako Gobernuak, kotxe merkatua biziberritzeko eta energia aurrezteko. Auto elektrikoa edo kontsumo txikikoa (A edo B mailakoa) erosten duenari mila euro emango dizkio Estatuak, trukean 12 urtetik gorako auto zaharra uzten badu. Industriak beste mila euro jarriko dituela iragarri du Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko bozeramaileak. Urriaren 1ean jarriko da indarrean.
Espainiako Gobernuak espero du datorren urtean bukatuko dela atzeraldia. 2013an BPGak %0,5 atzera egingo duela iragarri du, eta %1,2ko hazkundea 2014ean. Enpleguaren galera ere 2013an bukatzea espero du. Aspaldiko partez ere, defizit komertziala desagertuko dela aurreikusi du.
Galderen txandan, modu zuzenean galdetu diote Guindosi erreskatea eskatuko ote duten. Eta ohiko moduan, galderari iskin egin dio ministroak: "Sakonean aztertzen dugunean, eta dituen ondorio guztiak aintzat hartuta, erabakiko dugu”