Pentsioak sartu dira jokoan

«Uste dut pentsioak igoko ditugula», esan du Raxoik, ordainetan ez dela hazkunderik izango dioten informazioen inguruanDatorren astean aurrekontu proiektua eta erreforma plan berritua aurkeztu behar du

Ivan Santamaria.
2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Pentsioen geroa aipatzen zaion bakoitzean, erne jartzen da Mariano Raxoi. Espainiako presidenteak behin eta berriro agindu du ez dituela erretiratuen ordainak ukituko. Azken aldia TVE telebista publikoan egindako elkarrizketa batean izan zen, joan den irailaren 10ean. «Ez dut inolako interesik [pentsioak jaisteko], eta zerbait ukitu behar ez badut, pentsioak dira; pentsioduna da babesgabeena, zailen duena». Marra gorri hori errespetatuko duen, beste kontu bat da, ordea.

Datorren ostegunean 2013. urterako aurrekontu proiektua eta erreforma plan eguneratua aurkeztuko ditu Espainiako Gobernuak. Europa begira du Raxoiren exekutiboak. Bigarren erreskate baten ezpata buru gainean zintzilik du, halaber. Hitzordua gerturatu ahala, gobernuak iragarriko dituen neurriei buruzko espekulazioak handitzen dira. Raxoik irudikatu duen azken muga, pentsioena, jokoan sartu zen atzo.

Albistea Reuters albiste agentziak zabaldu zuen, goizean goiz. Gastuari eutsi eta balizko erreskate baterako baldintzak bete ahal izateko, Espainia prest legoke pentsioen ordaina ez igotzeko. Neurri horri esker, urtero, 4.000 milioi euro aurreztuko lituzke.

Beste neurri posible batzuk ere aurreratu zituen agentziak. Pentsioen hazkundeak inflazioarekin duen lotura apurtzea litzateke horietako bat. Gaur egun, urte osorako espero den inflazioaren neurri berean igo ohi dira pentsioak, gutxienez, onuradunek erosahalmenari eusteko. Urte amaieran inflazioa handiagoa bada, galdutakoa konpentsatzen zaie. Bestalde, erretiroaren adina atzeratzeko epea azkartzea ziurtzat jo zuen albisteak. 65 urtetik 67 urtera igotzeko prozesuak hamabost urte iraun behar du, azken erreformaren arabera.

Zenbait orduz, albistearen edukiari buruz iritzia emateari uko egin zion gobernuak. Eguerdian, ordea, hainbat bidetatik gezurtatu zuen. Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak propio ukatu zuen, Ministro Kontseiluaren ondoren egindako agerraldian, eta azpimarratu zuen Raxoik «espresuki» esan zuela pentsioak ez zituela ukituko. Era berean, Saenz de Santamariak gogorarazi zuen pentsioak eguneratzea izan zela gobernua hartu bezain pronto hartutako lehen erabakia. Presidenteordea plazara atera baino lehen, Ekonomia Ministerioak ere ukatu egin zuen albistea.

Arratsaldez, Raxoik berak hartu zuen hitza, kazetariekin Erroman izandako elkarrizketa informal batean. «Uste dut pentsioak igoko ditugula», azaldu zuen presidenteak. «Pentsioen eta zorraren interesen diru sailak bakarrik igoko dira».

Erreforma plana

Azkenean pentsioekin gertatu denak zerikusi zuzena izango du Espainiak EBko bazkideekin hitzartu zituen defizit helburuekin. Aurten, administrazio publiko guztien defizita %6,3ra jaisteko konpromisoa hartu zuen Raxoiren gobernuak. Helburua beteko zela bermatzeko, neurri gogorrak hartu zituen uztailean, besteak beste, BEZa igotzea eta langabezia saria murriztea. Baina kontu guztiak airean daude.

Aurrekontu proiektuak eta horrekin batera aurkeztuko den erreforma planak gobernuaren hurrengo urratsak aurreratuko dituzte. Ekonomia Ministerioa plan hori dagoeneko Bruselarekin negoziatzen ari dela zabaldu zuen atzo Financial Times egunkariak. Gobernuaren asmoa litzateke bigarren erreskate baten truke Europatik eskatu ahal zaizkien moldaketei aurrea hartzea eta propio gisa aurkeztea .

Joan den maiatzean EBk egindako gomendioetan oinarrituko da erreforma plan berria. Egitasmo horretan ez direla gastua murrizteko neurri gehiago hartuko ziurtatu du Luis de Guindos Ekonomia ministroak. Aldiz, hazkundea eta lehiakortasuna bultzatzeko proposamenak izango direla agindu du.

Bigarren erreskate bat eskatu beharko duen edo ez, oraindik ez du argitu Espainiak. Europako Banku Zentralak (EBZ) arazoak dituzten herrialdeen zor publikoa mugarik gabe erosteko prest zegoela esan zuenetik, arrisku sariak behera egin du, eta presioa apur bat arindu du Raxoiren bizkarretik. Diru gehiago eskatzeak baldintza gehiago eragin ditzake; hori leundu nahi du gobernuak.

Diru gehiago ez eskatu behar ez izateko, bankuen erreskatetik sobratzen denarekin zor publikoa erosi ahal izatea proposatu nahi du gobernuak. Oraingoz, Alemania kontra du. Proposamen hori «arriskutsua» dela uste du Wolfgang Schaueble Finantza ministroak, «norberak ez duen diruarekin zer egin daitekeen aztertzearen eskema errepikatzen baitu».

Finantza sistemari egindako azterketa zehatzaren emaitzak honezkero banku bakoitzari jakinarazi dizkio Oliver Wyman aholkularitzak, besteak beste, Kutxabanki. Erakunde batzuk alegazioak aurkeztu dituztenez, datorren astearte edo asteazkenean behin betiko kalkulua esango die, eta ostiralean jakinaraziko ditu emaitza horiek. Asko jota, 100.000 milioi erabili ahal ditu Espainiak bankuak kapitalizatzeko.

Finantza erakundeen kapital beharra 51.000 eta 62.000 milioi euro artekoa zela kalkulatu zuen ekainean egindako proba orokorrak. Atzo, diru behar hori espero zena baino «txikiagoa» izango dela ziurtatu zuen Christine Lagarde NDFko zuzendariak. NDFk 40.000 milioi inguru beharko zirela kalkulatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.