Pentsiodunak protestara itzuli dira

jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 18a
16:36
Entzun

Bi hilabete geroago, mobilizazioei berrekin diete pentsiodunek. Esaterako, 50 lagunetik gora elkartu dira Nafarroako Gobernuaren eta Bizkaiko eta Arabako foru aldundien egoitzen aurrean, eta zahar etxe batzuetako atarietan ere bai. Besteak beste, COVID-19agatik adinekoen zentroetan hildakoak gogoratu dituzte, eta instituzioek alor horretan egin duten kudeaketa salatu. Horrekin batera, iragarri dute protestan jarraituko dutela, unean uneko segurtasun eta osasun araudiak errespetatuz.

Hego Euskal Herrian alarma egoera ezarri aurreko astelehenean egin zituzten azkeneko elkarretaratzeak, martxoaren 9an; 2018ko urtarriletik ari dira mobilizatzen, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadila eskatzeko. «Pentsiodunen mugimenduak aurrera jarraituko du, eta osasun alarmak uzten digun neurrian, astelehenero egongo gara kalean», iragarri du Jon Fanok, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileak.

Mobilizazioekin kritikoak

Pentsiodunen elkarte batzuek ez dute deitu protestara, eta ez dute parte hartu antolatutakoetan: UGT Euskadiko Erretiratuen eta Pentsiodunen batzordeak eta Ados kolektiboak, esaterako, eta herri batzuetako batzarrek. Ez dute egoki ikusi «pandemia bete-betean» kalean elkarretaratzeak egitea.

Horren harira, Fanok esan du mugimendu guztietan daudela «edozein ekinaldi babesteari uko egiten dioten pertsonak». Bizkaiko mugimenduaren barruan %5 baino gehiago ez direla zehaztu du, eta gaineratu du batzuek adostasunaz hitz egiten dutela haiekin ados daudenean bakarrik. Fanok, dena den, azpimarratu du bere asmoa ez dela polemikak elikatzea, eta gogoratu du mugimenduaren bokazioa eta praktika «asanbleario eta demokratikoa» dela, gehiengoaren nahia nagusitzen dela.

UGT Euskadiko Erretiratuen eta Pentsiodunen Batzordeak, aurreko astean kaleratutako ohar batean, «arduragabekeriaz» jokatzea egotzi zien protesten aldekoei. Adierazi zuen ezen, argudiatzen diren aldarrikapenetatik haratago, egungo egoeran hobe dela halakorik ez egitea, eta deitzaileak «legearen mugak behartzen» ari direla. «Ez gaude pentsiodun bat bera ere arriskuan jartzeko moduan. Eta ez dugu nahi hainbeste babestu gaituen gizarteak orain gu ikustea arduragabe batzuk izango bagina bezala».

Ados pentsiodunen plataformarentzat ere ez da protestak berriro hasteko garaia. Haren ustez, «bere garaian» aztertu beharko dira administrazioek zertan huts egin duten osasun publikoan eta adinekoen egoitzen antolaketan eta funtzionamenduan.

Zahar etxeetara begira

Bilboko protestan hainbat pankarta agertu dituzte zahar egoitzen pribatizazioa salatuz; horrekin batera, eta, ohi dutenez, «pentsio duinak» eskatu dituzte, eta 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformen «puntu atzerakoiak» indargabetzeko.

Fanok gogorarazi duenez, Bizkaian aldundia da lurraldeko zahar etxe publiko, itunpeko eta pribatu guztiak «kontrolatzeko» arduraduna, eta horregatik mobilizatu dira foru jauregiaren aurrean, eta ez udaletxean, ohi bezala. Horrekin batera, erakunde horretako agintarien jarrera salatu dute. «Apirilean gutun bat bidali genion ahaldun nagusiari, eta ez dugu erantzunik jaso. Hona etorri gara ez digulako erantzuten, eta gure nahigabea adieraztera».

Zahar etxeen egoeraz gain, Fanok azpimarratu du «pandemiaren osteko egoera» oso zaila izango dela «enpleguari eta eskubide sozialei dagokienez», eta gizarte osoarentzat izango dela oso zaila, oro har. Hala ere, ohartarazi du horrek ez duela aldaraziko euren aldarrikapen nagusia —1.080 euroko gutxieneko pentsioa—. «Gobernuei eta enpresariei dei egiten diegu ahalik eta enplegu gehien eta baldintza duinak mantentzeko».

«Balioen krisia»

Arabako pentsiodunek ere elkarretaratzea egin dute astelehenean Arabako Diputazioaren egoitzaren aurrean, lurraldeko zahar egoitzetan hildakoei «omenaldia» egiteko, eta EAEko arartekoari eskatzeko ikerketa bat abia dezan, «gertatutako guztia argitzeko». Gogoratu dute pertsona horietako batzuk «erabat bakarrik eta senideen laguntza jaso ezinda» hil direla, eta salatu dute zentro horietako langileen baldintzak ere ez direla behar bezala ziurtatu.

«Uste dugu osasun krisi honek agerian utzi duela gizarte honetan dagoen balioen eta gizatasun krisia eta, batez ere, esparru politiko, instituzional eta ekonomikoena. Eta premiazkoa dela balio horiek berreskuratzea eta zerbitzu publikoak egokitzea eta indartzea», azpimarratu dute Arabako pentsiodunek, ohar batean.

Iruñean eginiko elkarretaratzean, protestara deitu duten taldeek «azterketa sakon» bat eskatu diote Maria Txibiteren gobernuari, zahar etxeetan gertatutakoari eta zentro horien egoerari buruzkoa.

Donostian, berriz, ez dute elkarretaratzerik egin, eta, horren ordez, Alderdi Ederreko Pentsiodunen Batzordeak agiri bat kaleratu du. Bilera bana eskatu die Gizarte Politiketako foru diputatuari eta Donostiako Udaleko Gizarte Ongizateko zinegotziari. Plataforma horrek uste du osasun eta zaintza zerbitzu publikoen egoerari buruzko gogoeta eta eztabaida sustatu behar dela lurraldean. «Ezin dugu onartu murrizketak aplikatuz segitzea edota enpresa pribatuen esku uztea zerbitzu horiek. Eta funtsezkoa iruditzen zaigu pertsona helduen eskubideei buruz jendea kontzientziatzeko kanpainak egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.