Hainbat astez atzeratu den azken urratsa egin dute Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek. Pentsioei buruzko akordioa «oso gertu» izatetik, esku artean izatera iritsi dira. Astelehenean dira biltzekoak itunari azken ukituak emateko; lana bukatuz gero, egun batzuk geroago izenpetzeko asmoa dute. Erreforma horrek soilik zenbait arlo ukituko ditu (eguneratzea, erretiro aurreratuak, erretiro atzeratuak...), eta bigarren baterako utziko dute sistemaren finantzaketari buruzkoa.
Ser irratiak aurreratu eta beste hedabide batzuek baieztatu dutenez, dagoeneko gainditu dute akordiorako azken oztopo nagusia: zer egin jasangarritasun faktorearekin? Sindikatuek lehenbailehen utzi nahi zuten bertan behera, baina hurrengo negoziaziorako gaia izatea nahiago zuen gobernuak. Azkenean, ezabatzea adostu dute, baina haren ordez beste sistema bat negoziatuko dute orain, pentsioen gastuak kontrolpetik ihes egin ez dezan, eta «belaunaldien arteko berdintasuna» bermatuta geratu dadin. Negoziazioetan akordiorik ez badago, Espainiako Gobernuak bere proposamena ezarriko du.
Jasangarritasun faktorea PPren garaiko azken erreformak sisteman txertatutako atal bat da, bizi itxaropena handitu ahala pentsioen zenbatekoa txikitzeko tresna bat —%30 jaistea ere gerta zitekeen, eta horregatik zeuden aurka sindikatuak—. 2019an zen indarrean jartzekoa, baina ez da inoiz ezarri, pentsiodunen protestek eta gobernu aldaketak tiraderan sartu zutelako, 2023 arte bederen. Ez da tiradera horretatik aterako.
Eguneratzea
Behin betiko lurperatuko da PPren garaiko erreformaren eguneratze sistema. Haren bidez, sistema defizitean zegoenez, pentsioak %0,25 baizik ez ziren igo urte batzuetan. Oraingo sistemak, berriz, erosteko ahalmena ez galtzea bermatuko du, aurreko urteko batez besteko KPIan oinarrituta eguneratuko baitira. Urte batean inflazioa negatiboa bada, hurrengo urtean pentsioak ez dira hein horretan jaitsiko, baizik eta zeuden bezala geratuko dira.
Erretiro aurreratua
Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroak ez du inoiz bere lehentasuna ezkutatu: erretiroaren benetako adina —64 urte inguru, baina igotzen ari da—, adin ofizialera gerturatu behar du —66 urte orain, 67 urte 2027an—. Horretarako bidea da pentsioak txikitzea adin ofizialaren aurretik erretiroa hartzen dutenei. Egun, gehienez %16 txikitzen diote pentsioa erretiroa bi urtez aurreratzen duenari, eta %1,6, berriz, hiruhileko bat atzeratzen duenari. Murrizketa horiek handitu egingo dira.
Horrela, Gizarte Segurantzan 38 urte eta sei hilabete baino gutxiago kotizatu dutenei %21 txikituko diete hileroko pentsioa, adin ofiziala baino bi urte lehenago erretiratuz gero. Hiletik hilera jaitsi egingo da zigorra, eta %3,21ekoa izango da hilabete lehenago erretiratuz gero.
Zigorrak txikitu egingo dira kotizazio epea handituz gero: %19 eta %3,11 artekoa izango da 38,5-41,5 urteko kotizazioa dutenentzat; %17 eta %2,96 artekoa 41,5-44 urteko kotizazioa dutenentzat; eta %13 eta %2,81 artekoa 44 urtetik gora kotizatu dutenentzat.
Zigor horiek handitzea borrokatu dute sindikatuek, haien ustez kontuan hartu beharko litzatekeelako langile askok egoera pertsonalak behartuta (osasunagatik, zaintza lanak egiteko...) hartzen dutela erretiroa. Gogoratu dute, halaber, beste askok enpresek derrigortuta hartzen dutela, eta adin horiekin ia ezinezkoa dutela beste lan bat bilatzea. Sindikatuen arabera, erretiroa aurreratzen dutenen %85 langabeziatik datoz.
Horregatik, baldintza desberdinak daude behartutako erretiro aurreratuentzat. Lau urte aurreratu ahal izango dute erretiroa, baina kasu horretan %30 txikituko dizkiete pentsioak 38 urte eta erdi baino gutxiago kotizatu dutenei, eta gutxiago gehiago kotizatuz gero.
Behartutako erretiro aurreratua hartzeko eskubidea izango dute haien enplegatzaileak lan baldintzetan aldaketa esanguratsuak jasan dituzten enpresetako langileek, baita lantokiz aldatzeari uko egin diotenek ere. Kaleratze indibiduala eta kolektiboa jasan dutenek ere lau urte lehenago erretiratu ahal izango dute, betiere kalte-ordaina jaso dutela erakusterik badute.
Erretiro atzeratua
Erretiro adina gaindituta ere, langileek lanean jarraitzea sustatu nahi du gobernuak. Gaur egun, hori egiteak %2-4ko hobaria du pentsioetan. Gobernuak hiru pizgarri proposatu ditu: lanean jarraitutako urte bakoitzean 4.786 eta 12.060 euro arteko ordainketa bat egitea, kotizazio oinarrien eta kotizatutako urteen arabera; pentsioak %4 handitzea; edo bi formulen arteko konbinazio bat.
Sindikatuek ez dute ongi ikusten erretiroa atzeratzea, lan merkatuan erreleboa egotea zaildu dezakeelako. Patronalek, berriz, ez dute gaizki hartu, baina erretiro adinean dauden langileak mantentzen dituzten enpresentzako hobariak eskatu dituzte edota lan kostuak murrizteko neurriak.
Nahitaezko erretiroa
Erreformak debekatu egingo du hitzarmen kolektiboetan nahitaezko erretiroa finkatzea 68 urte bete dituztenentzat. Indarrean egon eta klausula hori duten hitzarmenetan, berriz, hiru urtez soilik iraun ahal izango du.
Lotzeko daudenak
Bigarren negoziazio baterako geratu da gai arantzatsuetako bat: nola ordainduko dira pentsioak? Bruselak Espainiari egindako aspaldiko eskaera da pentsioen sistematik ateratzea harekin lotura zuzena ez duten gastu asko. Sistemaren diru iturri nagusia kotizazioak izatea nahi du gobernuak, baina zergen bitartez ere finantzatzea ez du baztertzen. Oraingo zergez gain, teknologia berriei (Google tasa...) eta energia kutsakorrei (dieselaren zerga, bidesariak...) jarritakoak izan daitezke sistemaren parte.
Lotu gabe dago beste gai eztabaidatsu bat: pentsioa kalkulatzeko zenbat urtetako kotizazioa aintzat hartuko den. Azken 25etik lan bizitza osora pasatzea zen PSOEren asmoa, baina horrekin ez daude ados Unidas Podemoskoak eta sindikatuak.