Pentsioak

Pentsioen gaian ihes egiten ari dela leporatu dio LABek Eusko Jaurlaritzari

1.080 euroko gutxieneko pentsio bermatzeko osagarriak eskaintzen hasteko eskatu dio sindikatuak Jaurlaritzari, eta pentsiodunek diote borroka indartu egingo dutela

jarraia150753.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko apirilaren 12a
14:20
Entzun

Pentsiodunen protestak areagotu egingo direla mehatxu egin dute gaur goizean. LABek pentsioen inguruko irakurketa egin du, eta orain arteko protestak langileen artean zabalduko dituztela argitu dute. “Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak euren ardurak hartu arte ez dugu amore emango”, azaldu du Carlos Ruiz sindikatuko pentsiodunen arduradunak. Izan ere, orain arte Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak euren ardurei ihes egin diela salatu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak: “Sistema publikoa ahultzen ari dira, eta kolapso egoera batera iristen ari direla diote, alternatiba gisa pentsio pribatuak eskainiz; baina askorentzat hori ez da posible”. Eta gutxieneko pentsioak 1.080 eurora iritsi daitezen osagarriak onartu ditzatela eskatu die Aranburuk Jaurlaritzari zein Nafarroako Gobernuari.

Halako eskaerak parlamentura iritsi direnean gobernuan dauden EAJ eta Geroa Baik bizkar eman die proposamenari, “baina kontzertu ekonomikoak bestelako zerga politika bat izateko aukera eskaintzen du”, agintari sindikalaren arabera. Eta Jaurlaritzari dei egin dio ostera, Gizarte Segurantzaren transferentzia eskatzea ez dela nahikoa esanez: “Harago joan behar da, eta erabaki ahalmena handitu beharra dago”. Hau da, pentsiodunei beste mota bateko politikak eskaintzea. Eta hori bultzatzeko mobilizazioaren bidea indartuko duela aurreratu du LABek. Aurrekari gisa, apirilaren 18an Eusko Legebiltzarraren aurrean mobilizazioa egingo dute pentsiodunen hainbat plataformek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.