Pentsioen sistema propioa bideragarri jo dute euskal ekonomista gehienek

Ekonometroan parte hartu duten 506 ekonomisten %57 pentsioen euskal sistema bat eratzearen alde azaldu dira. Erretiro adina atzeratzearen eta saria gutxitzearen aurka daude gehienak

Mercedes Vallejo (EHU) eta Joseba Barandiaran (Ekonomistak Euskal Elkargoa), atzo, Bilbon. EKONOMISTAK EUSKAL ELKARGOA.
xabier martin
2017ko otsailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pentsioen euskal sistema bat egingarria da, bideragarria. Hala uste du euskal ekonomisten gehiengo batek, eta hala esan du Ekonometroa osatzen duten erantzunen bidez. Pentsio sistemaren bideragarritasuna ezbaian dago aspaldian, eta orain baino lehen pentsioen euskal sistema batek haien finantzaketa hobeto bermatuko luketela adierazi dute eragile politiko eta sozial askok, gehienetan abertzaleak. Arantzaz beteriko gaia da, itxura batean kutxa bakarra haustea ekar lezakeelako horrek. Alderdiek sarri aipatzen dute aukera hori, baina eskakizun horretan askorik sakondu gabe. Bada, pentsioen euskal sistema propioa eratzekoen aldekoek badute beste argudio bat: EkonomistenEuskal Elkargoaren eta EHUren inkestak pentsioen transferentzia eskatzea eta sistema propioa bideragarria dela babestu du, erantzunen %57rekin.

2016ko azaroaren 29tik abenduaren 20ra arte 506 euskal ekonomistaren erantzunekin osatu dute Ekonometroa. Elkargoa osatzen duten 5.000 ekonomisten %10ek eman dituzte erantzunak. Joseba Barandiaran eta Mercedes Vallejo inkestaren arduradunek aurkeztu zituzten atzo, Bilbon, Ekonometroaren emaitzak.

Espainiako pentsio sistema, gaur egun egituratua dagoen moduan, ez da eramangarria; ekonomista gehien-gehienak bat datoz horretan. Arazo demografikoa —populazioa gero eta zaharragoa dela— funtsezkoa da egungo sistema arriskuan dagoela esateko. Zer egin beharko litzateke pentsioen finantzaketa bermatzeko? Bi erantzun aipatu dituzte gehien 506 ekonomistek: lan merkatua erreformatzea eta pentsioen sistema erreformatzea.

Halaber, ekonomista gehienek diote Gizarte Segurantzaren kotizazioaren goiko muga ezabatu egin beharko litzatekeela; %65 daude horren alde. Beste bi irtenbideren inguruan ez dago adostasunik. Pentsioak zerga berezi baten bidez finantzatzea eta robotentzako kotizazio bat ezartzea dira irtenbide horiek. Ekonomista gehiago dago horrela egitearen alde, baina ez askogatik. Beste finantzaketa modu batzuen inguruan handiagoa da kontsentsua, baina haiek alboratzeko: egun indarrean dauden zergak igotzea, erretiroa atzeratzea eta pentsioen saria gutxitzea.

Ekonomia, hobera

Pentsio sistemaren transferentzia Eusko Jaurlaritzak jasotzea %51k babesten dute, sistemaren jasangarritasuna bermatzeko irtenbide gisa. Euskal pentsio sistema bat bideragarri jotzen dutenak %57 dira, baina portzentaje hori modu nabarmenean aldatzen da adinaren arabera. 30 urtetik beherako ekonomisten artean %90ek bideragarri ikusten dute sistema propio bat garatzea. 60 urtetik gorakoen artean, berriz, bakarrik %37k jotzen dute egingarri.

Lurraldeen artean ere badaude alde batzuk EAErako pentsio sistemaren bideragarritasuna mahai gainean jartzen denean. Gipuzkoako ekonomisten %66k sistema berri bat babesten dute; Bizkaikoen artean, %56k; eta Arabakoen artean, %48k.

Ekonometroaren beste emaitzei dagokienez, euskal ekonomisten erdiek uste dute aurten egoera ekonomikoa hobetu egingo dela; soilik erantzunen %9 izan dira egoera okertu egingo dela esateko. 2017rako aurreikuspena aurreko urteko hazkundea baino apalagoa dela kontuan hartuz, harridura sor dezake datu horrek.

Gaur-gaurko beste gai bati buruz ere galdetu diete euskal ekonomistei, euskal konpainien parte hartzeaz multinazionaletan; Siemensek Gamesa erostea da kasurik nabarmenena. Hamarretik bederatzik uste dute onuragarria dela, baina %79k nabarmendu dute parte hartze horiek kaltegarriak izango direla estrategikoki euskal enpresentzat eta haien hornitzaileentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.