Petrolio upela 60 dolarren bueltan dago, urteko maila gorenean

Krisiaren okerrena amaitu dela dioten analisiek petrolioaren prezioa igoarazi dute azken asteotan

IKER ARANBURU Donostia
2009ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Ekonomian agertzen ari omen diren kimu berdeei buruzko komentario gero eta ugariagoek bultzada handia eman diote azken asteotan burtsari, baina izan dute hain pozgarria ez den beste ondorio bat: petrolioaren prezioa ere igotzen ari dira. Atzo, lehen aldiz 2008ko azaroaz geroztik, Texasko petrolio upela 60 dolarretik gora salerosi zen New Yorkeko merkatuan.

Europan erabiltzen den Brent upela ere azken sei hilabeteotako kotizazio gorenera heldu zen, 58,9 dolarrean salerosi baitzen. Ondoren, balioa zerbait galdu zuen, eta 58 dolarrean kotizatzen zen merkatuak ixtera zihoazela.

Upel baten zein bestearen prezioak %70etik gora igo dira iazko abendutik, hondoa jo zutenetik. Hala ere, oso urrun dituzte iazko udan lortutako mailak: uztailean 147 dolarrean salerosi ziren.

Krisiaren okerrena igaro dela dioten analisiek bultzatu dute petrolio upelaren prezioa, kontsumoak berriro gora egingo duelakoan. Hala ere, oraingoz ez da eskaria handitu den aztarna handirik. Bakarrenetakoa Txinatik iritsi da: petrolio inportazioak %13,6 igo dira iazko apiriletik aurtengora. Hazkunderik ez zen izan iazko urriaz geroztik.

LPEEren bilera

Baina Txinakoa salbuespena da, eta eskaintzak aise betetzen du eskaria. Petroliontziek ehun milioi upel dituzte beren sotoetan, beste inon gordetzeko lekurik ez dagoelako. AEBetako biltegiak azken 19 urteotako mailarik handienean daude. Batez beste, herrialde aberatsek 61 egunerako erreserbak dituzte, inoizko datu handienetakoak.

Petrolioaren prezioaren bilakaeran eragina izango du ekoizleen jarrerak ere. LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeakhilaren 28an egingo du ezohiko bilera, Vienan, eta litekeena da petrolio ekoizpena are gehiago murriztea. Azken bileran, egunean 4,2 milioi upel gutxiago ateratzea erabaki zuen,eta orduz gero gora egin dute prezioek. LPEEk esan du upelak gutxienez 75 dolarrean behar duela putzu berriak aurkitzeko inbertsioak errentagarriak izan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.