Zergak ordaintzea arnasa hartzea bezalakoa da munduko txoko gehienetan. Baina ez denetan. Persiar golkoko herrialdeetako lur lehorretako paradisu fiskaletan lasai asko bizi izan dira zergarik pagatu gabe. Orain gutxira arte, behintzat. Aste honetan Omanek iragarri du errenta zerga ezarriko duela 2028tik aurrera. Eskualdean halako zerga bat ezartzen duen lehen herrialdea izango da. Urtean Omango 42.000 riyal baino gehiago (100.000 euro inguru) irabazten dutenek %5eko tasa ordaindu beharko dute.
1930eko hamarkadan petrolioa aurkitu zenetik, Golkoko herrialdeetako gobernuek urre beltzetik aterako etekinak baliatu dituzte estatuaren eta herritarren artean harreman berezi bat sortzeko: sektore publikoko enpleguak eta laguntza ekonomikoak eskaini dizkiete, trukean parte hartze politiko eskasa duten sistema politikoak legitimatzeko. Eredu horrek hamarkadetan iraun du, baina azken urteotan arrakalak agertzen hasi dira.
Lehen urratsa Saudi Arabiak eman zuen, 2018an: balio erantsiaren gaineko zerga ezarri zuen lehen herrialdea izan zen eskualdean. %5eko tipo orokorra ezarri zuen, eta 2020an, pandemiaren ondorioei aurre egiteko, hirukoiztu egin zuen kopuru hori hainbat produkturen kasuan. Hasieran behin-behinekoa izango zela esan bazuten ere, neurriari eutsi egin dio gobernuak. Inbertsio handiak egin behar ditu herrialdeak, eta petrolioaren irabaziekin hornitzen den funts subiranoa ez da aski gastu horiei aurre egiteko; gainera, petrolioaren etorkizuneko prezioek kezka eragin dute herrialdeko agintarien artean.
Omango agintariek adierazi dutenez, errenta zerga ezartzeak helburu nagusi bat du: petrolioarekiko eta gasarekiko menpekotasun ekonomikoa gutxitzea. Gaur egun, baliabide fosil horiek herrialdearen diru sarreren %70 osatzen dute. Gobernuak azpimarratu du zerga berria ez dela orokorra izango, herritarren %1ek baino ez duela ordainduko, kenkari asko aplikatuko dituztela, eta gehienbat herrialdean dauden atzerritar dirudunei eragingo diela.
Oraindik goiz da jakiteko Omango erabakiak Golkoko beste estatuetan eragina izango duen ala ez. Arabiar Emirerri Batuek eta Saudi Arabiak, esaterako, esan dute ez dutela errenta zerga ezartzeko asmorik, kanpoko inbertsioak eta enpresak erakartzeko kaltegarria delakoan.
Urteak dira herrialde horiek paradisu fiskal bilakatu zirenetik. Omanen erabakia seinale argia da: petrolioaren garaia amaitzen ari da. Eta beste finantzaketa bide batzuk bilatzen hasi dira.