Petrolioaren eskariak goia joko du 2026. urtean, eta behera egingo du gero

IEAren arabera, 2022 eta 2028 artean %6 igoko dira petrolio eskariak. Energia berdearen merkatua handitu egingo da, eta petrolioarena, txikitu

Errusiatik iritsitako petrolio ontzi bat Karatxiko portuan, Pakistanen. K.P / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Petrolioaren merkatuan «erabateko eraldaketa» izango da hamarkada honetan. Horixe iragarri du IEA Nazioarteko Energia Agentziak, atzo petrolioaren merkatuko aurreikuspenen inguruan argitaratutako txostenean. 2026an joko du goia petrolioaren eskariak, baina «nabarmen» egingo du behera urte horretatik aurrera.

Egun indarrean dauden gobernu politikak eta merkatuaren joera aintzat hartuta egin dituzte aurreikuspenak. Horien arabera, munduko petrolio eskaerak %6 egingo du gora 2022 eta 2028 artean, eta goia joko du 2026an. Epe horretan, petrolioaren eskaria egunean 105,7 milioi upel ingurukoa ere izango da —petrokimikaren eta aeronautikaren sektoreak izango dira kontsumitzaile nagusiak—, baina igoera horren ondotik beherakada handi bat etorriko da. Izan ere, datozen sei urteetan, pixkanaka-pixkanaka moteldu egingo da petrolioaren eskariaren hazkundea.

Joera aldaketa horren lehen zantzuak datorren urtean sumatuko dira jada. Orain arte baino nabarmen motelago handituko da 2024ko petrolio kontsumoa. Egun, 2,4 milioi upel petrolio eskatzen dira egunean. Bada, espero da 2024ko bigarren seihilekoan kopuru hori egunean 860.000 upelera jaistea.

Kalkulu horiei erreparatuta, petrolio ekoizleak ohartarazi ditu IEAko zuzendari nagusi Faith Birolek: «Petrolioaren ekoizleek arreta handia jarri behar diote aldaketaren erritmo azkarrari, eta neurtu egin behar dituzte hartzen dituzten inbertsio erabakiak, energia trantsizio lasaia bermatzeko». Izan ere, azken urteotan gora baino ez dute egin petrolioaren eta gasaren merkatuetan egindako inbertsioek; hots, 2023an 488.000 milioi euroko balioa izango dute inbertsio horiek, azken zortzi urteotako kopururik handiena.

Eraldaketaren gakoak

Petrolioaren merkatuko «erabateko eraldaketa» horren atzean dauden faktoreen artean, hauek aipatu dituzte txostenean: ibilgailu elektrikoen hedapena eta bioerregaien hazkundea, batetik; eta COVID-19aren pandemiak eta Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerrak merkatuan sortutako egonkortasunik eza, bestetik. IEAren aurreikuspenen arabera, lau ibilgailutik bat elektrikoa izango da 2028. urtetik aurrera. Ondorioz, nabarmen egingo du behera erregai fosileko autoen ekoizpenak, baita horiek funtzionarazten dituzten erregaien kontsumoak ere. Bestalde, Ukrainako gerraren ondorioz, petrolioaren eta gasaren prezioak nabarmen garestitu ziren iaz, eta energia krisiak alarmak piztu zituen nazioarteko merkatuan.

Azkenik, klima aldaketarena da kontuan hartu beharreko hirugarren krisia. Berotegi efektuko gasen isuriak apaltze aldera, azken urteotan nazioarteko erakundeek konpromisoa hartu dute erregai fosilak alde batera uzteko. Bada, koktel horrek «nabarmen azkartu» du energia berdearen aldeko trantsizioa.

Kontsumoaren aurreikuspenak goibelak izanik, goibelak dira, halaber, petrolio ekoizle handienak ere. IEAren arabera, LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundetik kanpo dauden estatuek «menderatuko» dute merkatua —horrek 2026an goia jo aurretik—. Horien artean daude AEB Ameriketako Estatu Batuak, Brasil eta Guyana, besteak beste.

Horiek hala, LPEE elkarteak gaitzetsi egin zuen atzo IEAk argitaratutako txostena: «Energia berdea mundu osoko kontsumo beharrei aurre egiteko gai izan arte, inbertsioak bi merkatuetan egin behar lirateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.