PETROLIOAREN GARESTITZEA. Greba iragarrita, Brent upela 51,9 dolarrean geratu da

Europan erreferentzia nagusi den petrolioa %75 garestitu da urte hasieratik Londresen

Erredakzioa
2004ko urriaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Beste astelehen mugitu bat izan zuten atzo Londresko eta New Yorkeko merkatuek. Oraingoan, azaroaren 8tik aurrera munduko hirugarren esportatzailearen hornikuntza erabat eteteko prest daude ontzijabe norvegiarrak.Iragarpenaren ondorioz, une batez Ipar Itsasoko Brent upela 51,9 dolarretan salerosi zen eta beste marka bat hautsi zuen.Adituek jada aurreratu dute greba eginez gero eta esportazioak erabat gelditzen badituzte petrolioa 60 dolarretan ere salerosiko dela.

Irailean eta urrian, petrolioak egun askotan hautsi ditu marka historikoak. Urte hasieratik %74,3 garestitu da Brent upela. New Yorkeko Texas petrolio arineko upela ere inoiz baino garestiago saldu zuten atzo: ostiraletik 50 dolar zentimo garestitu eta upeleko 55,67 dolar ordaindu zituzten une batez. Arratsaldean, prezioak apaldu egin ziren apur bat. Brent upela 51,42 dolarretara jaitsi zen eta Texas upela 54,70etara.

Norvegiako arazoa

Petrolio eskaintzaren inguruko mehatxuei atzo Norvegiako arazoak gehitu zitzaizkien. Uztailetik protestan ari dira itsas zabaleko plataformetako langileak. Plataformak lekuz aldatzean edo mantentze lanetan ari direnean langileek beharrean ari diranean dituzten baldintza berak izan ditzatela eskatzen du OFS sindikatuak. Lanuzteen ondorioz, egunero 55.000 upel gutxiago ekoitzi ditu sektoreak eta 122 milioi euroko kostuak eragin dizkio.

Ontzijabeen elkarteak langileei hordagoa bota zien atzo. Azaroaren 8a baino lehen gatazka konpondu ezean 94 ontzik petrolio eta gasa garraiatzeari utziko diotela iragarri zuten. Mehatxuak Gobernuaren esku-hartzea ekar dezake. 1997an Norvegiako Goi Auzitegiak ebatzi zuen gizartearen interesak mehatxatuta daudenean Gobernuak gatazka konpontzeko bi aldeek bete beharreko arbitratzea ezar dezakeela. Iraganean hainbat aldiz erabili izan du figura juridiko hori eta Gobernuak atzo jada aurreratu zuen blokeoak «gizarte arazo handiak» eta petrolioa «nabarmen igotzea» ekarriko dituela.

Kevin Norrish Barclays Capitaleko adituak atzo ohartarazi zuen petroliontzi norvegiarren blokeoa betez gero «oso ondorio larriak» izango direla eta upela 60 dolarretara ere irits daitekeela. Oystein Noreng ekonomistak are gehiago esan zuen, eta petrolioa beharbada 80 edo 90 dolarretan ere salerosiko dela iragarri zuen.

Urria hasi zenetik Hego Euskal Herrian gasolio litroa 4 zentimo euro garestitu da. Superra eta berunik gabeko gasolina, berriz, 2 zentimo garestiago ordaintzen dira egun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.