Aita santua aukeratzekoa baino sarriago gertatzen da LPEEren konklabea. Baina burtsari begira zeresan handia du azken honek. AEBetan gasolina erreserbak behera egin arren, petrolio gordina eta zenbait eratorrik gora egin dute. Petrolioaren prezioak behera egin du, indizeei hauspoa lasaituz eta igoerak ahalbidetuz. Wall Streetenak eman zien gureei azken bultzada eta 9.400 punturen bila dabil Ibex-35, aita santu bat bailitzan. Telecincok(-%1,85) azken egunotako kurrinken ordaina jaso bazuen ere, bi banku handienek eta Iberdrolak %1na pasa irabazi zuten. Iberiak (+%1,58) erregai merkeagoa eskertuko du, eta Arcelor (-%0,35) eta Sogecable (-%0,52) izan ziren bidea gorritik egin zuten Ibex-35eko beste akzio bakarrak. Interes tasen egonkortasunak zenbat eta gehiago iraun, enpresen mozkinek eskertu egingo dute. Momentuan, igoeren beldur pixka bat baino ez dago.
-Zeltia (+%0,74) bioteknologia enpresak hainbat sendagairen garapenaz berri onak eman ditu azkenaldian. Baina atzo, iaz egindako kontabilitate akats baten berria plazaratu zuen, bere emaitza 672 mila eurotan txartzen duena. Mailegu fiskal batekin izan zuen zerikusia akatsak. Enron, Adecco eta enparauen itzala luzea den arren, printzipioz ez dirudi minbizi horrek Zeltia joko duenik. %3ko partaidetza du Gipuzkoa Donostia Kutxak.
BURTSA
Petrolioaren konklabea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu