Petrolioaren merkatua aztoratuta ikusten du berriro IEA Nazioarteko Energia Agentziak. Gaur goizean kaleratutako txostenean, IEAk ziurtatu du LPEE + taldeak (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea, Errusia eta haren aliatuak) bi milioi upel gutxiago ekoizteko erabakiak «segurtasun energetikoari buruzko kezka handitu» duela, noiz-eta mundua «bere historiako energia krisirik okerrenean» murgilduta dagoenean.
LPEE+ taldearen erabakiak jada izan du eragina: Brent upela 100 dolarren mugara gerturatu da berriro –98 dolarrera heldu zen joan den astean, baina 92 dolarrean salerosten ari da gaur–, eta horrekin eskaera gutxitu egingo dela kalkulatu du IEAk. Zehazki, aurtengo laugarren hiruhilekoan iazkoan baino 340.000 upel gutxiago beharko direla uste du, nahiz eta azken urteetan gasa baliatu duten industria batzuek aurten gasolioa eta petrolioaren beste eratorri batzuk erreko dituzten.
Datorren urteari begira, eskaria 1,7 milioi upel handituko dela iragarri du, aurretik zioen baino ia milioi erdi upel gutxiago.
Mendebaldeko herrialde batzuetan atzeraldia egon daitekeela pentsatuta egin ditu iragarpen horiek IEAk. Are gehiago, orain uste du ekoizpenaren apaltzea «atzeraldi baterako azken bultzada» izan daitekeela.
IEAk azaldu du LPEEk eta aliatuek iragarritako bi milioi upelen murrizketa txikiagoa izango dela berez, milioi bat upel ingurukoa, gaur egun kartela ez baita gai bere kuotak betetzeko. Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek hartuko dute beren gain murrizketaren parterik handiena, haiek baitute ekoizpenaren iturria ixteko eta irekitzeko gaitasunik handiena. Arazo politikoak sor diezazkieke horrek, AEBen aliatuak baitira biak, eta Joe Biden presidenteak ohartarazi baitie ondorioak izango dituela oraingo murrizketak.
Hain zuzen ere, AEBak bilakatu dira munduko petrolio ekoizlerik handienak, Saudi Arabiaren eta Errusiaren aurretik, baina IEAk ohartarazi du haren ekoizleek nekez bete ahal izango dutela orain sortutako zuloa.
Errusiaren esportazioak
Mendebaldearen zigorrek eta erosleak aurkitzeko zailtasunek eragina izan dute Errusiaren esportazioetan ere. IEAk dio irailean egunean 7,5 milioi upel saldu dituela Errusiak atzerrian, gerraren aurretik baino 560.000 upel gutxiago. Halaber txikitu da Moskuk petrolio esportazioen bidez eskuratzen duen dirua: 15.300 milioi dolar izan dira irailean, abuztuan baino 3.200 milioi gutxiago.
Ikusteko dago zer gertatuko den abenduan Errusiaren petrolioarekin, hilabete horretatik aurrera EBko herrialdeek, Hungariaren salbuespenarekin, debekatuta izango baitute hari petrolio gehiago erostea. Azken hilabeteetan, asko gutxitu dute Errusiako petrolioaren erosketa, baina oraindik erdia baino gehiago ordezkatu behar dute EBko kideek.