Itxura batean, Arkadia zoriontsuan dago petrolioaren kartelean batutako herrialdea. Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak hiru egoera perfekturen konbinaketa bizi du: prezio handia ordaintzen diote bere produktuaren truke, merkatua egonkor dago —azken hiru urteotan apenas jaitsi den Brent upela ehun dolarretik—, eta krisiaren zati gogorrena gaindituta, eskaera gora doa, Txinan eta Indian milioika auto berri hornitu behar direlako.
Petrolioaren esportatzaileentzat garai onak direla erakusten duen datu bat dago: asteazkenean Vienan izan duten bilerak ez du ia oihartzunik izan. Gehienek ahaztu egin dute edo labur aipatu dute, hedabideen intereseko osagaiak —eztabaidak eta borrokak— txikiak izan direlako Austriako hiriburuan. Baina, noski, mundu perfekturik ez da existitzen, gaur egun ezta Hollywooden ere. LPEEren beraren zeru urdinean azaltzen dira laino beltz batzuk. Ekaitza botako ote duen, hori 2014an ikusiko da.
Iran vs Saudi Arabia
Lehen lainoa barruko indar harremanari dagokio, eta neurri handi batean eskertzekoa da, Iranekiko harremanak normaltzearen ondorioz baita. Iranen ekoizpena nabarmen jaitsi da azken urteotan, AEBek bultzatutako zigorrak direla eta: 2011tik 2012ra %16 jaitsi ziren, eguneko 4,3 milioi upeletik 3,6 milioira. Aurten are gehiago jaitsi du, 2,7 milioira, eta horietatik 1,8 milioi dira barne kontsumorako. Isunak kendu bezain pronto Teheranek ekoizpena handitu nahi du, petrolioaren dolarren beharra baitu bere gizarte barruko tentsioak arintzeko.
LPEEren bileran bertan izan dira lehen txinpartak Irango petrolio ministro Bijan Zangeneh-ren eta Ali al Naimi Saudi Arabiakoaren artean. Irango ordezkariak esperotakoa egin zuen, itzuli gara estiloko ohar garbi zein sinesgaitza: «Eguneko lau milioi upel ekoitziko ditugu, horrek petrolio upela 20 dolarrera jaitsita ere. Ez diegu gure eskubideei muzin egingo».
Iranek ekoizpena hain bizkor berreskura dezakeela ez dago garbi, eta pentsaezina da prezioak hainbeste jaistea, Ekialdearen petrolio egarriak aise gainditzen duelako Mendebaldearen asea. Baina Iranen itzulerak izan dezake ondoriorik, eta hori eragozteko modu bakarra da besteek beren ekoizpena gutxitzea, hartara petrolio eskaintzari eusteko. LPEE da hor giltzarria, kartelean bildutako herrialdeak baitira ekoizpenaren iturria nahierara ixteko edo irekitzeko aukera erreala duten bakarrak. Berez, Saudi Arabia eta haren inguruko emirerri aberatsak soilik daude hori egiteko moduan, politikoki, ekonomikoki eta teknikoki.
Azken urteotan 30 milioi upel ekoitzi ditu LPEEk egunero, munduko eskariaren herena. Beste herrialde batzuek beren kuotetara iristerik izan ez dutenean —gerragatik Libiak, gatazkengatik Nigeriak...— saudiarrek bete dute haien hutsunea: hainbat urtez hamar milioi upel ekoizten aritu ondoren, 11,5 milioiren bueltan dabil orain. Ekoizpena handitu dute Kuwaitek eta Arabiar Emirerri Batuak ere.
Jendaurrean behintzat, Ali al Naimi Saudi Arabiako Petrolio ministroak garrantzia kendu dio Iranen erronkari, eta argudio ona eman du: prezioa 20 dolarrera jaisten bada, gaur egun ezohiko sistemen bidez petrolioa erausten dutenentzat ez da errentagarria izango.
Iranen eta Saudi Arabiaren arteko norgehiagoka historikoaren erdian —erlijioso xiiten erregimen iraultzailea bata, monarkia absolutista sunita bestea—, Irakek ere badu zeresana LPEE barruko orekan. Saddam Husseinen arteko zigorrek, AEBen 2003ko inbasioak eta orduz geroko gatazkek asko txikitu dute Iraken ekoizpen gaitasuna. Gutxika-gutxika ari da garai bateko ekoizpena berreskuratzen (2012an %11 handitu zuen), eta datorren urtean bere asmoak betetzen baditu —eta ez du erraz izango, arazo tekniko handiak dituelako—, karteleko beste bazkideek hegalak moztu nahiko dizkiote. Gaur egun, kuotatik kanpo dago Irak.
Saltsa gehiago loditzeko, Libiak ere bere ahotsa entzunarazi nahi du: «Norbaitek gure kuotaren zatia hartu du, eta bueltan nahi dugu». Horretarako, baina, barne kaosa eta botere politikorik eza gainditu beharko ditu Libiak.
Saudi Arabiak aipatutako ezohiko sistema horiek dira, hain zuzen ere, LPEEren zeru urdineko beste lainoa. Azken urteotan, Ipar Amerikan bereziki, asko handitu da haustura hidraulikoaren bidez arroketatik erautsitako petrolioa, edo hondarrarekin nahastutakotik ateratakoa. Kalitate eskasekoa den arren, horri esker, AEBetan petrolio ekoizpena %31 handitu da 2008tik 2012ra, eta %17 Kanadan —antzeko tartean, kontsumoa %10 txikitu dute—. Ekoizpen berri horrek estali du Iran, Irak, Libia eta beste batzuek utzitako hutsunea. Horien itzulera egiaztatzen bada, beste nonbaitetik jaitsi beharko du eskaintza, LPEEk ehun dolarretik gorako upelari eutsi nahi badio behintzat.
Ezohiko sistemen erronka, ordea, epe laburrekoa dela uste dute LPEEk eta IEA Energiaren Nazioarteko Erakundeak. Epe erdian, prezio errentagarri batean atera daitekeena agortuko dela kalkulatu du, eta, horri esker, datorren hamarkadan bere petrolioaren eskaria berriro handituko dela. Lainoek garbituko dutela, alegia.