Energia

Petrolioaren prezioa egonkor, produkzioa murriztu arren

IEAk azaldu du LPEE+ taldeak iragarritako murrizketek ez dutela eraginik izan beste herrialde batzuek ekoizpena handitu dutelako. Azpimarratu du Errusiak bere irabaziak gutxitu dituela.

Petrolio putzu bat Iraken. SEAN MASTERSON (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko uztailaren 13a
13:07
Entzun

Saudi Arabiak eta LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundekoek eta haren aliatuek —tartean Errusia— produkzioan borondatezko murrizketak adostu zituzten iazko azaroan eta aurtengo apirilean, petrolioaren prezioa garestitzeko edo, gutxienez, gehiago merka ez zedin. Baina murrizketa horiek apenas izan duten eraginik, ia erabat estali baitituzte beste herrialde batzuek. Hala ondorioztatu du IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak.

Ekoizpena handitu duten herrialdeen artean daude AEB, Kanada eta Kazakhstan, eta LPEEko herrialde batzuk, hala nola Iran eta Nigeria. Agentziak ohartarazi du LPEE-ek eta bereziki Saudi Arabiak beste murrizketa bat iragar dezakeela aurki, eta, Riadek hori egingo balu, Errusia karteleko lehen ekoizlea bihurtuko litzateke.

IEAren arabera, Errusia erakundean adostutako borondatezko murrizketak aplikatzen aritu da aurten —500.000 upel gutxiago egunean —, baina datozen hilabeteetarako txikiagoak izango direla uste du. Hala, kalkulatu du Errusiako batez besteko ekoizpena eguneko 10,87 milioi upelekoa izango dela aurten, hau da, 2022an baino 220.000 upel gutxiago.

Errusiak hori egitera behartuta ikusi du bere burua, irabaziak murriztu egin direlako AEBek eta Europak Errusiari jarritako zigorren ondorioz; hain zuen, Moskuk prezioak jaitsi behar izan dizkie hari petrolioa erosten dioten herrialdeei.

Bi dira Errusiaren bezero nagusiak gaur egun: Txina eta India. Indiari dagokionez, IEAk dio ekoizpen horren zati bat, findu eta gasolio bihurtu ondoren, berriz esportatzen ari dela Europako merkatura. Hori eta beste herrialde batzuetako ekoizpenak handitu izanak eragin dute, energia agentziaren arabera, azaroaz geroztik gasolinaren prezioa igo ez izana Europan. Brent upelak 80 dolar inguruan kotizatu du ordutik.

Eskari txikiagoa

IEAk petrolio eskariari buruzko aurreikuspenak berrikusi ditu, urte amaierara begirako testuinguru ekonomikoek okerrera egin duela iritzita, batez ere Europakoak. Ostegun honetan argitaratutako txostenaren arabera, aurten mundu osoan egunero 102,1 milioi upel kontsumituko dira: 2022an baino 2,2 milioi upel gehiago, baina urte hasieran aurreikusi baino 220.000 gutxiago.

IEAren arabera, eskariaren igoeraren % 90 baino gehiago OCDEkoak ez diren herrialdeek kontsumituko dute, bereziki Txinak — hazkunde horren %70 —. Bestalde, OCDEn, eta bereziki Europan, inflazioak eragindako dezelerazio ekonomikoaren ondorioz, iazko udazkenetik eskaria murriztu dela azpimarratu du.

Dena den, 2024rako, IEAk bere proiekzioak zuzendu ditu, eta uste du munduko eskariak gora egingo duela. Erakunde horretako adituek espero dute petrolio kontsumoa handitzea Txinan, eta Europarako eta AEBrako aurreikuspen ekonomikoak hobetzea.

IEAren aurreikuspenak ez datoz bat OPEPek ostegun honetan emandakoekin. Geratzen den urte erdian eskaria handituko dela uste du, egunero 100.000 kupel inguru gehiago beharko direla, eta, bereziki, Txinaren beharrengatik bultzatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.