Enpresak

Petronorreko langileek mobilizazioei eutsiko diete

Zuzendaritzak protestak geratzeko eskatu die, eta trukean erregulazioa laburtzea eskaini die. Langileek ziurtatu dute ez dagoela «justifikaziorik» erregulaziorako.

Petronorreko langileen protesta, asteazkenean, findegiaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko apirilaren 16a
12:06
Entzun

Petronorrek bere lan taldearen herena baino gehiago ABEE enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean jartzeko asmoa adierazi zuen martxoaren amaieran, argudiatuta pandemiaren ondorioz erregaien kontsumoa jaitsi egin dela eta ekoizpena txikitu behar izan duela. 900 langile inguru ditu findegiak Muskizen (Bizkaia), eta 350 inguru jarri nahi ditu aldi baterako erregulazioan.

Abenduaren 31 arteko aldi baterako erregulazioa proposatu du Petronorreko zuzendaritzak, baina epe hori laburtzeko aukera eskaini zien langileen ordezkariei, ostegunean egindako bileran. Efe agentziak aipatu duenez, halaber, eskaini die soldatak osatzea aldi baterako lanik gabe gera daitezkeen langileei. Enpresak esan du prest dagoela langileak trebatzeko beste plan bat egiteko.

Mobilizazioak

Trukean, zuzendaritzak nahi du langileek bertan behera uztea ABEEaren aurkako protestak. Asteazkenean abiatu zituzten, findegiaren atean elkartuta. Gaur, findegitik Muskizko udaletxera joatekoak dira, eta astelehenean bi orduko lanuzteak antolatu dituzte, goizeko 7:00etatik 9:00etara.

Mobilizazioei eutsiko dietela erantzun dio langile batzordeak Petronorreko zuzendaritzari. Agiri baten bidez, langileen ordezkariek ziurtatu dute ez dagoela arrazoirik lan taldea aldi baterako murrizteko, mantentze lan asko egin gabe daudelako eta aparteko «milaka ordu» egin dituztelako langileek. «Mantentze lan asko eta asko daude egiteko, eta ez dira egingo ABEEak kolektibo horretan dakartzan ondorioengatik. Unitateen zaintza eta mantentzea oinarrizkoak dira ezbeharrak eragozteko. Sinestezina da ikustea oraindik zenbat eta zenbat ordu estra sartzen diren unitateen arteko polibalentzia faltagatik. Orain da hori hobetzeko garaia; zuzendaritzak, ostera, jende hori etxera bidaltzea erabaki du».

Sindikatuek uste dute ez dagoela justifikaziorik erregulazioa egiteko. «Neurri horrekin aurrezten dena hutsaren hurrengoa da, eta, ordea, eragin kaltegarri itzela  dauka zuzenean kaltetzen duen lan taldearentzat eta enpresa kontratudunen langileentzat».

Hurrengo bilera asteartean egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.