Bakarrizketa

Amazon pisukide onena monopolizatzen ari al da?

ROOMBA
Robot xurgatzaile baten artxiboko irudia. BERRIA
inaut matauko rada
2023ko abenduaren 3a
05:00
Entzun
Lanez lepo dabiltza lehia epaitegiak. Zer jazo da oraingoan?

Amazonek iRobot enpresa erosteko akordioa itxi du, 1.400 milioi euroren truke. Duela urtebete iragarri zuten tratua, eta Europako Batzordeak Jeff Bezosen atea jo du, kontu eske. Bruselak uste du mugimendu horrek jokoz kanpo utzi ditzakeela lehiakideak. Roomba robota da iRoboten produktu izarra.

Egon pixka batean... runba musika erreproduzitzeko robota, produktu izar?

Antigoalekoa zara gero. Xurgagailu funtzioak dituen robota da Roomba. Etxearen mapa egiten du, eta bere kabuz garbitzen du.

Erratzaren eta palaren garaian geratu naiz ni...

Ikusten da bai, robot xurgatzaileak ez baitira kontu berria.

Eta zertara dator Europako Batasuna etxeen garbiketaren aferan?

Lehia «askea» da kapitalismoaren oinarrietako bat, eta Amazonek robot xurgatzaileen merkatua monopolizatuko duen zantzuak ditu Bruselak. Online merkaturik handiena da Amazon, eta batzordeak uste du beste marka batzuetako robotak Amazonen webgunean merkaturatzen dituzten saltzaileak ezkutatu ditzakeela Bezosek, Roomba produktuaren mesedetan. Amerikako Estatu Batuekin eta Erresuma Batuarekin elkarlanean dabil Brusela ikerketan.

Ez da halako zerbait entzuten dudan lehen aldia.

Uztailean Espainiako Merkatuen eta Lehiakortasunaren Batzordeak 194 milioi euroko isuna jarri zien Appleri eta Amazoni kontu beragatik. Antza, 2018an hainbat akordio sinatu zituzten enpresa biek, Applek eta harekin lotura duten saltzaileek posizio pribilegiatua izan zezaten Amazonen merkatu digitalean, eta beste saltzaileak ezkutuan gera zitezen.

Zigorrak ondo daude, baina ez al dute horren aurkako neurririk hartu?

Duela urtebete eguneratu zituen Europako Batzordeak merkataritza elektronikoari buruzko arauak, eta hainbat enpresari —besteak beste, Amazoni— adierazi zieten monopolioen kontrako neurriak hartu behar dituztela. Lege berriekin, batzordeak eskumena du isunak jartzeko, uste badu enpresa batek merkatuaren lehia askea oztopatzen duela. Badu ahalmena zigortzeko, baita monopolio jarduna duela berretsiko lukeen ikerketa txostenik gabe ere.

Amazon zigortuko dute orduan.

Lasai, lasai, abisua besterik ez da oraingoz.

Zertan oinarritzen da Brusela Amazoni halako ohartarazpena egiteko?

Amazon da munduko merkatu elektronikorik handiena, eta iRobotek emandako informazioek iradokitzen dute salmenten %23 Amazonen bidez egiten dituela. Eta Bruselak ez du nahi Amazonek bere plataforman bertan saltzen duen negoziorik izatea. Batzordeak azaldu du iRoboten lehiakideak kanporatzeko «pizgarriak» izan ditzakeela Amazonek, prezioak handituz eta kalitatea murriztuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.