Enplegua

Plan bereziak langabezia handiena duten Arabako bost udalerrientzat

Arabako Foru Aldundiak 382.100 euro jarriko ditu 27 pertsona prestatzeko eta laneratzeko Oionen, Laudion, Amurrion, Agurainen eta Bastidan.

Oion herriko erdigunean, Jasokunde eliza. Oion da Araban langabezia tasarik handiena duen herria: %21. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2017ko azaroaren 13a
12:35
Entzun

Ekainean, Arabako bataz besteko langabezia gainditzen zuten Gasteiztik kanpoko udalerrientzako deialdia aurkeztu zuen aldundiak. Bost udalerrik betetzen zituzten baldintzak, eta denek jasoko dute foru gobernuaren finantzaketa. Diru horrekin ingurumen eta gizarte alorreko ekintzak aurrera eramateko kontratuak egin ahalko dituzte, udalerri bakoitzean lanik gabe dauden pertsonak prestatuta eta laneratuta.

Programaren bidez, 27 kontratu egingo dituzte udalerriek urtea amaitu baino lehen. Batez beste, sei hilabete iraungo dute, eta lanpostuak eskatzen duen lan ituneko baldintzen arabera kobratuko dute. Deialdiak lanaldi osoko lanpostuak eta partzialak baimendu zituen, baina ia guztiak lanaldi osokoak izango dira.

Aguraingo Udalak 92.110 euro jasoko ditu. Zortzi pertsona jarriko ditu lanean, Oriamendi parkearen gunean biziberritzeko eta udalerriko hainbat iturri biziberritzeko. Irailean, 371 langabe zituen Agurainek, populazio aktiboaren %14,06.

Oion da langabezia tasarik handiena duen Arabako udalerria (%21,05). Udalak 90.416 euro jasoko ditu programaren bidez. Sei hilabeterako sei kontratu egingo ditu. Formakuntza teorikoa eta praktikoa jasoko dute langileek, eta herriko basoak eta paisaiak leheneratzen ariko dira.

Amurrion hiru ekintza  aurkeztu dituzte, eta 88.000 euro eskuratuko ditu udal gobernuak. Pobrezia energetikoaren diagnostikoa egingo da, udal eraikinen edukiera aztertu eta planoak digitalizatuko dira, eta lehen pausoak emango dira Refor eraikinaren eremua elikagai sektoreko industriak kokatzeko haztegia izan dadin. Lau kontratu izango dira, guztira. Herriak 755 langabe ditu, eta %15,11ko langabezia tasa.

Bastidak bost langabe kontratatuko ditu, lau hilabetez, parkeak eta hiri altzariak konpontzeko. 60.000 euro erabiliko ditu udalak horretarako. Langabezia tasa %11,75 da udalerrian, eta irailean herrialdeko batez bestekoaren azpitik jarri da.

Azkenik, Arabako udalerri populatuenetan bigarrenak, Laudiok, enplegu eta formakuntza plan berezi bat jarriko du martxan, 52.821 eurorekin. Lau pertsona kontratatuko ditu Lamuza parkeko iparraldeko mendi hegala eta suebakiak konpontzeko, irisgarritasun oztopoak kentzeko eta sarbideak hobetzeko. Udalerriak 1.260 langabe ditu (%14,96).

Araban erroldatutako 21.211 langabe egon dira joan den urrian. Langabezia tasa %13ren bueltan dago. Lanbidetik 500.000 euro jaso ditu Arabako Aldundiak langabezia handiena duten eremuetan enplegua sustatzeko. Enplegu plan bereziekin batera, laneratzeko lau anezka jarri dira martxan herrialdean: bi Gasteizen, bat Laudion eta beste bat Oionen.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.