Irekita jarraituko dute Cementos Portland Valderrivasek Lemoan (Bizkaia) eta Olatzagutian (Nafarroa) dituen zementu lantegiek. Ez du kontrakorik jasotzen, behintzat, enpresak sindikatuei aurkeztutako planak. Zerrenda beltzetik kanpo daude, beraz, Euskal Herriko bi fabrikak. Izan ere, penintsularen iparraldean dituen lau enpresetatik bi ixteko asmoa erakutsi izan du FCC taldearen menpeko enpresak.
Gastuak murrizteko helburua du Cementos Portlandek; horretarako, bostehun langile kaleratzeko (%16) asmoari eutsi dio, eta Bartzelonako Vallcarca lantegia hamar hilabetez ixtea aurreikusi du. Kaleratuko dituen langileak lantegietakoak, negozio alorrekoak eta korporazio egiturakoak izango dira. Hego Euskal Herrian, Katalunian eta Espainian, guztira, 3.500 langile eta zortzi lantegi ditu.
Plan horrekin, dituen zortzi lantegietatik hiru ixtea adinako murrizketak lortuko lituzke enpresak. Sindikatuekin akordioa lortzeko borondatea duela dio enpresak, hitzarmena lortu ezean beste bi lantegi itxi beharko baititu. Uztailak 31 dute akordioa lortzeko azken eguna.
Hori bai, murrizketa horiei beste bi ere gehitu behar zaizkie: Kataluniako bi lantegietan langileak bateratuko ditu, eta enpresa azpikontratatuetan murrizketak egingo ditu. Enpresaren «bideragarritasuna» bermatzeko neurriak dira, Cementos Portlanden arabera. Berregituraketa plan horrekin, gainera, 2013an irabaziak lortuko dituela espero du.
Etxegintzaren krisiaren ondorioz, jaitsiera handia izan du —%64ko beherakada— Cementos Portlandek zementu eskaeran azken urteetan: 2007an, eraikuntzaren sektorea gorenean zenean, 57 milioi tona zementu saldu zituen Espainiako merkatuan; iaz, 20,4 milioi tona; eta aurten, 14,5 milioi tona saltzea aurreikusi du.
Zaborra, aurrera egiteko giltza
Hondakinak erabili nahi dituzte zementua egiteko Olatzagutiko lantegian. Zementua egiteko «erregai alternatiboak» lortzeko asmoa du enpresak. Baina produkzioan izandako jaitsierei aurre egiteko, lan jarduerarekin jarraitzeko eta jokoan egon litezkeen lanpostuei eusteko —148 langilek lan egiten dute—, zaborra erreko dute. 1,67 milioi euro inbertituko ditu Olatzagutiko Portlandek proiektua martxan jartzeko.
Sakanako herritarrek protesta ugari egin dituzte Nafarroako Gobernuak bailaran ezartzekoa zuen errauste plantaren aurka. Planta hori ez zuela egingo jakinarazi zuen gobernuak. Beldur ziren herritarrak Portland erabiliko ote zuten hondakinak erretzeko, baina hala izango da.
Portlandek ez du asmorik Lemoako eta Olatzagutiko lantegiak ixteko
Bostehun langile kaleratzeari eutsi dio zementu enpresak, eta Bartzelonako lantegi bat ixtea aurreikusi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu