Bere bulegotik portu osoa ikusten du Ivan Jimenezek (Trapagaran, Bizkaia, 1975) eta pasioz ematen ditu eremu bakoitzaren inguruko azalpenak. Urtebete da Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Euskal Herriko garraio azpiegitura handienaren lema hartzea eskatu zionetik, eta hartaz geroztik etengabeko ikastaro trinko batean murgilduta bizi da: «Ezin duzu eguna planteatu agendan idatzita daukazun bezala, portuan egunero baitaude buruhausteak». Euskaraz erantzun ditu galderak.
Nola joan da zure lehen urtea portuan? Hobeto bizi al zara?
Ilusio handiz bizi naiz. Enpresen errealitatearekin oso lotuta dagoen erronka bat da; niri hori gustatzen zait; ez da gauza teoriko bat. Nik hilabete batzuk daramatzat, baina aurretik portuko hainbat eragilerekin biltzeko aukera izan nuen. Hor laguntza handikoa izan zen Rikardo Barkala aurreko presidentea; eskertua natzaio. Eta gero, nire kabuz ikasi dudana. Baina, egia esan, zuzendaritzan eta zuzendaritzatik behera talde oso ona dut; orain entrenatzaileak huts ez egitea falta da.
Zergatik aukeratu zintuzten zu entrenatzaile? Zeinek esan zizun eta zer eskatu zizun?
Pradales lehendakariak berak. Bilera batera deitu ninduen, eta ez nekien zertarako zen. Esan zidan berarentzat ardura handiko postua zela; bera portuko kontseiluan egondakoa da, eta, Santurtzikoa izanda, ondo ezagutzen du. Portuari buelta bat eman nahi ziola esan zidan: digitalizazioan eta berrikuntzan pauso bat aurrera eman eta egungo beharrizanetara egokitzea. Horrelako profil bat behar zuela esan zidan, konfiantzazkoa. Hemen independentzia handia dugu erabakiak hartzeko, baina beste gai batzuetan bi erakunderen menpe zaude: Espainiako Portuen eta Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren menpe.
«Arlo guztietan, hurbiltasunak lagundu egiten du erabakietan; [portuaren transferentzia] mesedegarria litzateke erabaki batzuk bertan hartu ahal izatea, batez ere arintasunagatik»
Eremu politikoan jarraituta, orain puri-purian dago portuen eskuduntzaren transferentzia. Eusko Jaurlaritzak lortuko balu, zer aldatuko litzateke Bilboko portuan?
Politikarien esku dago, Madrilgoen eta Euskadikoen esku. Bilboko portua orain ez dago eztabaidan; Pasaiakoa, aldiz, bai. Harreman oso ona dugu, eta onena opa diot erabakia edozein izanda ere. Arlo guztietan, hurbiltasunak lagundu egiten du erabakietan, eta nik pentsatzen dut horretan mesedegarria litzatekeela erabaki batzuk bertan hartu ahal izatea, batez ere arintasunagatik. Adibide bat jarriko dizut: guk eskaner berria jarri nahi dugu aduanan, eta badugu dirua, baina Espainiako Portuek lau porturentzako lehiaketa publikoa egin dute, eta hura esleitu dadin zain gaude. Guregatik balitz, jarrita legoke, baina urte eta erdi daramagu zain. Hau esanda, guk harreman oso ona dugu Espainiako Portuekin, baina beste lurralde batzuetan ez da hala jarduten. Alemanian, esaterako, beste egitura bat dago: landerrek eta hiriek ahots ozenagoa dute.
Geopolitikari asko begiratzen al diozu? Eragina al du?
Bai, bai. Gure kasuan, esate baterako, oraingo krisi honek, Irangoak, Ormuzkoak, Itsaso Gorrikoak... eragin handia izango du. Aurten itsas garraioko konpainia handien arteko prezio gerra bat espero zen. Azken urteetan diru pila bat irabazi dute, kate logistiko osoa bereganatu dutelako: itsasontziak, trenak, errepidea... dena. Bost enpresaren artean munduko edukiontzi guztien %80tik gora mugitzen dituzte, eta bakar batek, %25. Guda bat espero zen, eta konpainia batzuek gorriak ikustea irabaziak mantentzeko. Zergatik? Bidaia motzagoak izanda, itsasontzi hutsen eskaintza handitu egingo da. Eskaintza eskaria baino handiagoa litzateke, eta prezioak jaitsi egingo lirateke. Orain zer gertatuko da? Ez da espero Suezko trafikoak gora egitea, guztiz kontrakoa baizik, eta orduan dena aldatu egiten da. Horrelako aldagaiek portu batzuei mesede egiten diete, eta beste batzuei kalte.
Iaz inportazioen %19 AEBetatik iritsi ziren portura, beste inondik baino gehiago; baina hara eginiko esportazioak %35 gutxitu ziren. Nola bizi duzu dikotomia hori?
Gu arduratzen gaituena merkantzia mugitzea da, era hotzean diot. AEBetatik edo Errusiatik etorri, guretzat berdin, Errusiako gasa ez baitago debekatuta. Teorian, urte amaieran debekatuko dute, baina ikusiko dugu; zalantzak ditut, Frantziak interes handiak ditu-eta hor. Muga zergak jartzeaz gain, Europak energia erosiko ziola esan zuen Trumpek, eta Bilboko portua da hori lortu izanaren eredu argia, handik gas gehiago etorri baitzen. Aurten? Urtarrilean Errusiatik askoz gas gehiago etorri zen AEBetatik baino, baina nik uste dut urte osoa kontuan hartuta orekatu egingo dela.

Venezuelatik petrolio gehiago iristea espero duzu?
Bai, baina Venezuelako petrolioa etorri izan da azken urteetan. 2024an, esaterako, %5 handik etorri zen. Iazko apirilean gelditu zen jarioa, eta hilabete batzuetan ez zen ezer jaso. Nik uste dut gehiago etorriko dela, ez bakarrik Ormuzko arazoarengatik; petrolio lodi hori toki gutxitan findu daiteke, eta horietako bat Petronor da. Portuarentzat? Venezuelatik badator, ondo; eta Gabondik badator ere bai.
Zein da zure buruhauste nagusia orain?
Edukiontzien egoera hobetzea. Apustu handiak egiten ari gara hori lortzeko.
Aurtengorako iragarpenetan oso baikorra izan zinen edukiontzi trafikoaren inguruan; zergatik? Bost urte daramatza maldan behera.
Bi zerbitzu berri ditugu iazko urte amaieratik: Kanadara eta Hego Amerikara. Hori oso garrantzitsua da, eta ez da bakarrik dirua ematen diotelako portuari; edukiontziena balio erantsi handiko zama bat da, eta, era berean, komunitate osoa elikatzen du: garraiolariak, zamaketariak... Jende asko mugitzen du. Petroliontziek, esaterako, ez dute lanik sortzen portuan. Portuaren mamia edukiontziak dira. Horri buelta ematea garrantzitsua da; izan ere, nazioartean galdetzen dena zera da: «Eta portu hori nola dabil edukiontzietan?». Horri buelta emanez gero, portuaren irudia ere beste bat da nazioartean.
Ontzi konpainia handiak dira nondik nora mugitu erabakitzen dutenak, ez portuak, haiek dute azken hitza. Urtarrilean bakarrik, Kanadako linea berriari esker, edukiontzietan etorri den zama kopurua iazkoa baino 120.000 tona handiagoa izan da. Oraindik ez da zerbitzu erregular bat, aldagaiak neurtu behar dituztelako: denbora, eskaria... eta urtarrilean itsaso oso txarra egon zela kontuan hartu behar da. Hego Amerikako linea ere proban egon da otsailera arte, eta printzipioz hilabete batzuetarako konpromisoa dago. Orain erregularizatzen ari da, eta itxaropen handia dugu. Eta beste linea batzuekin ari gara lanean.
MSC konpainiaren linea handi horiek al dira etorkizuna? Beste zeintzuk lor daitezke?
Bagabiltza negoziatzen; ezin dut gehiago esan. Baikor nago negoziazio horiekin. Zergatik? Sektorean aldaketa bat gertatzen ari delako. Itsas garraioko konpainiek gero eta errendimendu hobea atera behar diote itsasontzi bakoitzari. Azken urteetan short shipping-a [gertuko itsas garraioa] ez da errentagarria izan. Zein da joera? Kontinente arteko bidaiak egiten dituzten kargaontzi erraldoiak erabiltzea biak egiteko, bidaia luzeak eta laburrak. Esate baterako, Hego Amerikatik datorren ontzia lehenbizi Ingalaterrara doa. Europan ibilbide motzak egiten ditu, Bilbon kargatzen du, Kanaria uharteetan erregaia bete, eta buelta Hego Amerikara. Inoiz Bilboko portuan sartu diren itsasontzirik handienak dira, 328 metro luze. Guk prest egon behar dugu horrelako itsasontzietarako. 21 metroko sakonera dugu portuan; Shanghain, esaterako, hamasei metro dituzte, eta ia 50 milioi edukiontzi mugitzen dituzte. Gu horretarako bagaude, asko dugu irabazteko. Bilbo ez da portu merkeena, eta, gainera, famatua da horregatik. Baina zerbitzua bizkorra bada: deskargatu, kargatu... ordu horiek tasak baino askoz baliotsuagoak dira. Kapaz bagara neurtzeko zein den operazio osoaren kostu erreala, hor etekina atera dezakete konpainiek. Horri eman behar diogu lehentasuna. Joera argia da: itsasontzi gutxiago, baina handiagoak.
«Nazioarteko edukiontzi linea berriak negoziatzen ari gara MSCrekin, eta baikor nago. Bilboko portuan inoiz sartu diren itsasontzirik handienak dira, 328 metroko luze»
Eta Bilbon badago ahalmenik hain itsasontzi handiak hartzeko?
24 metro zabal diren ontziei eman diezaiekegu zerbitzua, 11-12 edukiontzi elkarren alboan jarrita. Martxoan garabi berri bat dator, eta maiatzerako martxan egotea espero dugu.
Zuk esana da badaudela enpresa batzuk portuan itsasontzirik ia mugitzen ez dutenak, eta iradoki izan duzu agian hobeto leudekeela beste nonbait. Joatera gonbidatuko duzu norbait?
Bilbon orain arte ez da horrelako erabakirik hartu, portua etengabe hazi delako. Baina lurzoru kontzesio bakoitzaren errendimendua aztertuz gero, alde oso handiak daude. Badaude kontzesio batzuk, nahiz eta guretzat errentagarriak ez izan, portuari balio erantsia ematen diotenak. Baina badaude beste batzuk beste edozein tokitan egon zitezkeenak. Urtebeteko kontua izango da? Ez. Kontzesio epeak aztertu behar dira, eta denboraz ikusi. Sakon aztertu beharko dira kasuak: zenbat langile dituzten, nora joan ba al duten... baina sikiera mahai gainean jarri. Portuko zoruaren %97 betea dago.
Zoru handiagoa izateko bidean, erdiko kaia handitzen ari zarete; noizko egongo da prest?
Betetze lanak hurrengo urtearen erdialderako egongo dira prest, eta gero asfaltatu egin beharko da. 2029. urtearen erdialderako izango ditugu lehen kontzesioak. Zer joango den hor? Eskaerak baditugu, baina orain ez da tokatzen horri buruz hitz egitea.

Hautagai asko al daude?
Bai, bai. Baina beste faktore bat ere badago: ez da bakarrik jardun horrek zenbat zama mugitu dezakeen, baizik eta hor kokatu nahi duen egitasmoaren energia beharra. Energia asko behar badu, ez badu zamarik mugitzen, eta lurzoru handia okupatzen badu, guretzat, txarra. Jendeak dio: «Portuak dirua irabazi nahi du»; baina ez da diru gosea, portuak dirua irabazi behar du. Lau urterako 275 milioi euroko inbertsio plana aurkeztu dugu, eta gure aurreikuspena da handiagoa izatea. Aurten bakarrik 110 milioi dira. Ez baduzu dirua irabazten, eta 275 milioi horiek 35 urtean amortizatu nahi badituzu, urtean zazpi edo zortzi milioi gehiago irabazi behar dituzu galeretan ez sartzeko. Guk irabazten dugun guztia azpiegituran inbertitzen dugu. 40 kilometro trenbide ditugu, guk mantentzen ditugu, eta metro bakoitza aldatzea 6.000 euro dira. Milioiak eta milioiak gastatzen ditugu mantentze lanean. Dirua irabazi behar dugu aurrera begiratu eta porrot ez egiteko. Beste portu batzuek porrot egin zuten, eta diru publikoarekin erreskatatu egin behar zituzten. Guk ez dugu halakorik nahi.
Zuregatik balitz, zer jarriko zenuke erdiko kaian?
Merkantzia asko mugitzen duen jardun bat, balio handikoa. Balio handikoak dira, adibidez, siderurgiarekin lotuta dauden jardunak. Horiek oso errentagarriak dira. Aldiz, solteko salgai solidoak ez dira hain errentagarriak. Olentzerori gutuna idazten jarrita, hori eskatuko nuke. Gero, zure eragin eremu geografikoak erantzun behar dizu, edo zure eremua handitu behar duzu bezero gehiagok erabil dezaten. Zer etorriko den? Merkatua nola dagoen ikusi beharko.
Kaian beste edukiontzi enpresa bat jartzea aukeren artean dago?
Ez gaude horretan pentsatzen. Egungo edukiontzi terminalaren ahala gaur egun duen lana halako hiru da. Ez luke zentzu handirik.
«Ez da diru gosea: portuak irabazi egin behar du, eta azpiegituran inbertitu. Beste portu batzuk diru publikoarekin erreskatatu behar izan dituzte, eta guk ez dugu halakorik nahi»
Portuan Adif tren konpainiak ere badu edukiontzi terminal bat. Hura kudeatzea aspaldiko eskaera da. Zertan da?
Interes handia dugu auzia argitzean. Guk beti defendatuko dugu gure izenean egon beharko lukeela, lurra gurea delako. Hori albo batera utzita, eta praktikotasunera joanda, badaude aukerak guk hori ustiatzeko. Adifekin negoziatzen ari gara akordio batera iristeko. Zein da gure interesa? Terminala erabili ahal izatea eta benetan portuko zati izatea. Alegia, hortik ateratzen edo sartzen diren zamek portuan ordaintzea.
Kalte egiten dizue?
Orain bai. Edukiontzi batzuk hona kamioiz iristen dira, bertan trenean igo, eta Valentzian edo Bartzelonan itsasoratzen dira gure merkatuetara joateko, esaterako, Erresuma Batura. Lehia bidegabea da.
Hegoaldeko tren saihesbideko lanak hasiak dira. Noiz iritsiko da lehen trena Serantesko tuneletik?
Hamar urte barru bada, sinatuko nuke.
UGTk salaketa jarri dio zuen lan deialdi publiko bati; zein da zuen bertsioa?
Guk lau plaza atera ditugu, eta langile batzordeak helegitea jarri die, uste duelako ez dugula izan jarraibide egokia. Enpresan baietz uste dugu, baina, badaezpada, lau plazetako hirutan prozesua eten dugu. Orain, auzia epaitegietan dago, eta haiek esango digute bidean jarraitu behar dugun ala ez. Pena da prozesua atzeratu egingo delako, pertsona horiek beharrezkoak direlako eta bien bitartean beste batzuek lan karga handiagoa izango dutelako.