Europako Batasuna

Portugal eta Espainiaren suspertze planak onartu ditu Bruselak

Next Generationen lehen diruak udan dira iristekoak, aurretik EBko gobernuen oniritzia jasoz gero

Ursula von der Leyen eta Pedro Sanchez, Madrilen. FERNANDO VILLAR / EFE
Iker Aranburu.
2021eko ekainaren 16a
18:54
Entzun

Portugalekin eta Espainiarekin abiatu du Europako Batzordeak NGEU Next Generation EU funtsa. Bi herrialde horien inbertsio eta erreforma planak ontzat hartu ditu Bruselak, eta horrela beste urrats bat egin du 750.000 milioi euroak beren helbidera irits ditezen. Lehen diruak dagoeneko bildu ditu finantza merkatuetan
20.000 milioi euro jaso zituen, asteartean—, baina ez ditu uztail edo abuztu arte banatuko. Ezer bidali aurretik, beste galbahe bat igaro behar dute estatuetako planek: Europar Kontseiluak —estatukideetako gobernuek— lau asteko epea du kide guztien planak aztertzeko eta gero bozkatzeko.

Lisboan hasi du ibilbidea Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, hain zuzen ere, Portugal izan zelakoBruselara bere proiektua aurkeztu zuen lehena. Ursula von der Leyenek nabarmendu du plana ez dutela Bruselan idatzi, nahiz eta harekin negoziatzen aritu diren: «Plana Portugalen diseinatu du. Erreformak eta inbertsioek COVID-19aren krisitik indartsuago ateratzen lagunduko diote, eta prestatuago izango da etorkizunerako». Antonio Costa lehen ministroak ziurtatu duekonomia eraldatuko duela: «Ez da 100 metrorako plan bat; ikuspegi luzekoa da».

Portugalek 16.600 milioi euro inbertitzeko asmoa du, eta horren ia halako hamar erabiltzeko asmoa du Espainiak: 140.000 milioi, ia erdia itzuli beharko ez dituen laguntzak, eta maileguak gainontzekoa.

Antzeko hitzak erabili ditu Von der Leyenek Madrilen ere. Eskerrak eman dizkio Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak, eta «egun historikoa» zela aldarrikatu du: «Ez soilik Espainiarentzat, baita Europarentzat ere, batasuna ulertzeko modu berri bati atea irekitzen diolako».

Giltza, Madrilen

Sanchezen gobernuak 102 erreforma sartu ditu bere planean, baina zehaztu gabe utzi ditu bi nagusienak —lan merkatuarena eta pentsioena—, sindikatuekin eta patronalarekin negoziatzen ari delako. Espainia 9.000 milioi euro da jasotzekoa udan, eta beste 10.000 milioi abenduan, beti ere betetzen baditu funtsak betetzen jarraitzeko helburuak.

­Baina diru hori zehazki nora joango den ez du jakinarazi Espainiako Gobernuak. Erkidegoen protestak protesta, Madrilen bere esku gorde baitu dirua banatzeko giltza. Irizpide hori onartzeko beste erremediorik ez du izan Eusko Jaurlaritzak, baina ez du aukerarik galtzen Madrili presio egiteko bere proiektuen alde egin dezan. «Espero dugu [Jaurlaritzak aurkezturiko proiektu] asko finantzatu ahal izango direla, kalitatezkoak baitira». azaldu du gaur Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak. Banaketarako Espainiako Gobernuak erabiliko dituen irizpideekin mesfidati azaldu da Jaurlaritzak, eta susmoa adierazi du Madrilek ez diela lehentasuna emango industriarekin loturiko proiektuei.

Euskadi Next du izena Jaurlaritzak aurkezturiko proiektuen gidak. Maiatzean eguneratu zuen azken aldiz Gasteizko gobernuak, eta beste 88 proiektu sartu zituen. Guztira, 276 izango dira, eta horiek finantzatzeko 6.400 milioi euro lortu nahi ditu Batasunaren erresilientzia planetik, aurreneko egitasmoan baino 700 milioi euro gehiago. Ekarpen publikoa eta pribatua gehituta, 18.266 milioi euroren inbertsioak sustatu ditzakete NGEUren diruekin.

Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, Nafarroa Suspertu planean sartu dituen 125 proiektuak aurkeztu ditu, 3.400 milioi euroren truke. Gobernuek aurkezturiko proiektuei batu behar zaizkie enpresek zuzenean Espainiako Gobernuari aurkeztutakoak.

Agerraldia, Bilbon

Kritikak ere jaso ditu NGEU planak, diruaren zati handi bat enpres handien inbertsio proiektuak finantzatzera joango delako. Euskal Herrian, ELAk argi eta garbi esan du Next Generation planaren diruei ezezkoa eman behar zaiela, horien eskutik iritsiko direlakoan pentsioen erreforma eta lan araudiaren erreformari uko egitea. Ñabardurekin, beste sindikatu eta talde batzuk ere batu zaizkio azkenaldian, eta bihar Kapitalari Planto plataformak Europako Berreskuratze-funtsak: itxurazko aldaketa berde eta digitala' izeneko gida aurkeztuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.