Grezia ardi galduarengandik urrundu eta Irlanda ikasle onera gerturatzeko beste urrats bat egin du Portugalek. Europako Batasunak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatutako Troikak ontzat hartu ditu Lisboako gobernuak bere kontuak txukuntzeko urratsak, eta beste 4.000 milioi euro gehiago uztea erabaki du. Duela urtebete onartutako 78.000 milioi euroetatik ia hiru laurden jaso ditu Portugalek.
Dirua ez da merke heldu, herritar arruntentzat batez ere. Pedro Passos Coelho lehen ministroaren helburua da defizit publikoa kosta ahala kosta 2010eko %9,8tik %3ra jaistea 2013 amaierarako. Horretarako, aparteko lan sariak kendu dizkie pentsiodunei eta langile publikoei, BEZa %23ra igo du, berrordainketa ezarri du osasun publikoan, opor egunak gutxitu ditu, autobideetan bide sariak jarri, hainbat konpainia publiko salgai jarri ditu eta kaleratzeak merkatzeko legea indarrean jarri du.
Neurri gogorrak ez dira amaitu. Hurrengo helburua soldata pribatuen jaitsiera dela onartu du Vitor Gaspar Finantza ministroak. «Ez da desiragarria, baina saihestezina da», esan zuen atzo, Troikaren txostenaren berri ematean. Horren bidez, lehiakortasuna hobetu eta jada goranzko bidean doazen esportazioak handitu nahi ditu Lisboak. Batez besteko soldatak, ordea, Europa mendebaldeko txikienak dira Portugalen: 17.000 euro urtean, 2010eko datuekin. Urte horretan, 25.000 eurokoak ziren Grezian, eta 40.000 eurokoak Irlandan.
Dirua bankuentzat
Passos Coelho kontserbadoreak hitza betetzeari eman dio garrantzia, eta «arrakastatzat» jo du Troikaren onespena. Oposizioak, ordea, balorazio okerragoa egin du. Erreskatearen bidea beraiek hasi arren, sozialistek gogorarazi dute ezin dela arrakastatzat hartu langabezia %15ra igo duen programa, eta hazkundea bultzatzeko neurriak ere eskatu ditu. Aurten, %3ko uzkurtzea espero du Troikak, eta 2013an, %0,2 haztea. Alderdi komunistak salatu du gero eta familia gehiagotan dirurik ez daukatela janaria erosteko. Ezkerreko Blokeak, berriz, deitoratu du erreskatearen diru bat bankuak laguntzera joatea: 6.650 milioi sartu zituen atzo Lisboak hiru banku handienetan.
Eurogunea krisian
Portugalek 4.000 milioi euro gehiago jasoko ditu
Bankuei 6.650 milioi gehiago utzi ondoren, Lisboako gobernuak esan du soldatak jaistea «saihestezina» dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu