Krisi politikoak herrialdea ahuldu duela eta finantziazioa lortzea zaildu duela ikusita, erreskatea eskatu beste aukerarik ez duela esan du Jose Socrates Portugalgo jarduneko lehen ministroak, telebistan egin duen agerraldi laburrean. Europako Batasunera joko du erreskate bila. Krisi finatzieroa herrialdearentzat «mehatxu» bat bihurtu dela esan du. Socratesek laugarren murrizketa plana aurkeztu zuen parlamentuan martxoaren 23an, eta ez zuenezbabesik jaso kargua utzi, eta hauteskundeak aurreratuko zituela esan zuen. Ekainaren 5ean izango dira hauteskundeak.
Ildo beretik doa Fernando Teixera dos Santos Portugalgo Finantza ministroak Lisboako Jornal de Negocios egunkariko elkarrizketan emandako mezua.«Esparru europarrean eskura dauden finantzaketarako mekanismoetara jotzea beharrezkoa izango da». Hitz horiekin aitortu dio herrialdeak EBren finantza laguntza beharko duela. Egunkariak Interneteko edizioan jarritako elkarrizketan, Teixera dos Santosek dio finantza merkatuetan Portugal «modu arduragabean» oso egoera zail batera bultzatua izan dela. Onartzen du, halere, egoera hori saihesteko aukera izan duela. Orain arte gobernuak ukatu egin du EBrekin finantza erreskatearen baldintzak negoziatzen ari dela. Egoera aldatu egin da, ordea. Elkarrizketan dio laguntza jasotzeak «erakunde politikoen eta alderdi nagusien konpromisoa eta parte hartzea» eskatuko duela. Gainera, Jorge Lacao Parlamentuko Gaietarako ministroak esan du exekutiboak «abertzaletasunez» jokatuko duela.
Portugalek erreskatea eskatuko dio EBri
Jose Socrates jarduneko lehen ministroak telebistan egindako agerraldi laburrean jakinarazi du eskaera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu