Portugalen kontrako olatua

Portugalek Europako Batasunaren erreskatea beharko duela zabaltzen ari da berriro finantza merkatuetanEspainiak, Greziak, Italiak eta Portugalek zor publikoa jaulkiko dute datorren astean

jakes goikoetxea
2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Zaharrak berri merkatuetako 2011ko lehen astean Europan: periferiako herrialdeen arrisku sariak gora, Portugalen erreskate premiari buruzko zurrumurruak, Espainia kutsatuta, egoerari aurre egiteko tresna indartsurik ez, hazkunde apala eta euroa ahul. Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak herenegun iragarritako 2011 «mingarria» goiz hasi da.

Giroa berotzen ari da merkatuetan datorren asteko zor jaulkipenetarako. Portugalek 750 eta 1.250 milioi euro jaulkiko ditu, lehenak hiru urtera eta bigarrenak bederatzira. Aste honetako jaulkipena ikusita, aurreikuspena ez da ona: sei hilabeteko letrengatik ordaindu duen interesa %2,045tik %3,686ra igo da. Atzo, hamar urterako bonoen arrisku saria oinarrizko 371 puntutik 401era igo zen —438ra ere iritsi zen—.

Portugalek erreskatea beharko duela zabaltzen ari da berriro. Suitzako Banku Nazionala ez da Portugalez fio: jada ez ditu onartzen Portugalgo bonoak maileguen berme gisa —zerrendatik kanpo zeuden Grezia eta Irlanda ere—. Reutersen 51 analistak egindako inkesta batean, berriz, 44k esan dute Portugalek erreskatea beharko duela.

Hori guztia Portugalek defizita murrizteko helburuak beteko dituen arren, Jose Socrates lehen ministroaren esanetan: 2009ko BPGaren %9,3tik iazko %7,3ra.

Espainian desagertu da Txinako errege magoak utzitako opariaren oihartzuna. Li Keqiang Txinako Gobernuko lehen ministrordeak Madrilen konpromisoa hartu du Espainiaren zorraren 6.000 milioi euro inguru erosteko. Horrek ez du eragotzi zorra garestitzea, 237 puntutik 254ra.

Arrisku sariak Alemaniako hamar urterako bonoen errentagarritasunarekiko aldea neurtzen du, hau da, herrialde horiek Alemaniak baino zenbat interes gehiago eskaini behar dieten zor erosleei. Oinarrizko ehun puntu interesaren puntu bat dira. Portugalen eta Espainiaren kasuan atzoko arrisku sariak azaroaren amaieratik izan dituzten handienak dira. Egun, Alemaniak %2,9ko interesa ordaintzen du, Espainiak %5,5 eta Portugalek %7,1. Belgikak eta Italiak %4ko portzentajea gainditu zuten atzo.

Datorren astean herrialdeen arteko lehia izango da zorra saltzeko. Kaltetuena Grezia izan daiteke. 1.500 milioi euro jaulkiko ditu, Altxorraren Letretan, asteartean, sei hilabetean bueltatzeko. Azaroan 390 milioi euro jaulki zituen eta %4,82ko interesa ordaindu behar izan zuen. Arrakasta litzateke %5etik beherako interesa lortzea. Baina Portugalek, Espainiak eta Italiak ere zorra jaulkiko dutenez, haiek baino interes handiagoa eskatuko diote, Greziak zorra ez bueltatzeko arriskua handiagoa baita.

Belgika arriskuan

Herrialde horietatik gero eta gertuago dago Belgika. Hango zorra kobratuko dela bermatzeko aseguruak (CDS) 255 puntura iritsi ziren, inoizko mailarik gorena. Kopuru hori urrun dago, hala ere, Portugalen 540 puntutik.

EBZk arazo gehien dituzten herrialdeen zorra erosten jarraituko du. Maiatzetik 74.000 milioi euro erosi ditu zorretan, Greziaren, Irlandaren eta Portugalen zor guztiaren %10 inguru.

Bitartean, Jean-Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak berean jarraitzen du. Beste behin, argi eta garbi hitz egin zien euroguneko gobernuei: «Diru politikaren ardurak ezin du ordezkatu gobernuen arduragabekeria». Alegia, murrizketa neurriak bete behar dituztela defizita gutxitzeko, baina Europako Batzordeak hartutako neurriak ez direla nahikoa.

Euroak indarra galtzen jarraitzen du. Atzo irailetik dolarrarekiko izan duen baliorik apalenera iritsi zen: 1,2937 dolar, baina eguna 1,2961 dolarrean amaitu zuen.

Europako Batasuneko (EB) ekonomiak hazten jarraitzen du, baina motel: %0,5 hazi zen bigarren hiruhilekotik hirugarrenera EBn eta %0,3 eurogunean. Langabeziak bere horretan jarraitzen zuen azaroan: %9,6an eta %10,1ean, hurrenez hurren.

Ameriketako Estatu Batuetan kopurua antzekoa da, %9,4koa abenduan. Ben Bernanke Erreserba Federaleko presidenteak esan du ekonomia motelegi hazten ari dela langabezia «nabarmen» murriztu ahal izateko. Langabezia «maila normaletara» iristeko —%6 ingurura— lau edo bost urte beharko direla uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.