Hauteskunde sindikalak iraganen dira abenduaren 3an, Ipar Euskal Herrian. Langileek Lan Auzitegiko kontseilariak hautatuko dituzte. Prud'Hommes izenez ezagunagoa den kontseiluak lan auzitegi funtzioa betetzen du, baina epaile profesionalek epaitu beharrean, sindikatuen eta patronalaren ordezkariek aztertzen dituzte auziak. Ordezkariak langileek hautatzen dituzte.
Langile bakoitzak bere bozka bulegoan bozkatu ahal izanen du abenduaren 3an. Baina bozkatzeko beste aukera bat ere badago, aurten: postaz bozka daiteke. Azaroaren 29 arteko epea dago gutuna postaz igortzeko. Posta bidezko bozketaren bidez, hauteskunde egunean bozkatzera joateko lanetik ateratzera ausartzen ez diren edo nagusiek bozkatzen uzten ez dituzten langileei bozkatzeko aukera eman nahi zaie. Hala ere, langileek badute egun horretan lanetik ateratzeko eskubidea, bozkatzera joateko eman duten denbora soldatatik kendua izan gabe.
Duela sei urte, langileen heren batek baizik ez zuen parte hartu bozketan. Sindikatuen helburua parte hartzea handitzea da, parte hartze apala baldin bada, Lan Auzitegi berezi horren desegiteko arrisku handiagoa ikusten dutelako. Posta bidez bozkatzeko aukerak parte hartzea handituko duela espero dute.
Ontsalaz, langile eta langabe bakoitzak ukan du etxean bozkatzeko agiria. Egun hauetan iritsi dira, bestalde, bozka-orriak eta propaganda, etxeetara. Dokumentu horiekin batera bozkatzeko moduak azalduak dira. Postaz bozkatu nahi duenak gutun-azala bete behar du bozkatzeko agirian dauzkan informazioekin, eta gutun-azalaren barnean bere bozkatzeko agiri izenpetua eta botopapera sartu behar ditu. Posta ontzian sartzeko ez du ezer ordaindu behar.
Langile batzuek etxean ez badute horrelako ezer ukan, beren lantokiko Herriko Etxean begira dezakete ea zerrendetan diren ala ez. Hala badira, bozkatzeko eskubidea dute. Bestela, errekurtsoa aurkeztu behar dute. Horretarako, sindikatu batekin harremanetan sartu behar dute.
Postaz bozka daiteke oraindanik, Lan Auzitegiko hauteskundeetarako
Hauteskunde eguna abenduaren 3an da, eta Ipar Euskal Herriko langileek egun horretan ere bozkatzen ahal dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu