Raxoiren neurriak. Erantzuna

PPk UPNren abstentzioa baizik ez du lortu azken neurrien dekretua onartzeko

Amaiurreko eta ezkerreko beste taldeetako kideek Kongresua utzi dute, «konplize» ez izateko

Iker Aranburu - Joxerra Senar
2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak ez du beste taldeen babesik izan azken murrizketak biltzen dituen lege dekretua onartzeko. UPNko Carlos Salvadorren abstentzioa baizik ez du lortu, eta aurkako 131 boto jaso ditu, horien artean EAJko bost diputatuena eta Uxue Barkosena (Geroa Bai). Amaiurrekoek, berriz, bozketan ez parte hartzea erabaki dute, eta ezkerreko beste talde batzuekin batera Espainiako Kongresuaren bilkura utzi dute, murrizketen «konplize» ez izateko. Orain arteko politika ekonomikoan alboan izan duen arren, CiUren sostengua ere galdu du PPk, Madrilgo gobernuak Generalitateari izan duen jarreraren ondorioz.

Madrilgo kaleetan giroa bero zegoen, murrizketen aurkako protestak zirela eta. Kongresuaren barruan ere halakoa izan zen saioa. Cristobal Montoro Ogasun ministroari egokitu zaio neurriak defendatzea, Mariano Raxoi presidentea bozkatzera baizik ez delako azaldu plenora. BEZa igotzea, funtzionariei Eguberrietako saria kentzea, langabezia saria murriztea eta beste neurriak argudio nagusi batekin defendatu du Montorok: «Ez dago dirurik kutxa publikoetan zerbitzu publikoak pagatzeko». Bezperan, merkatuetako analistak bat etorri ziren esaldi horrek Espainiaren arrisku saria igoarazi zuela.

Zerbitzu publiko batzuk kentzea derrigorrezkoa dela ziurtatu du Montorok. «Pagatzerik ez dagoena kendu egin behar da, herritarren ongizatea hobetzeko aukerak gutxitzen dituelako […]; dena ez da sartzen zerbitzu publikoen eskaintzan».

Onartu du ministroak «beharrak bultzatuta» onartu dituztela neurrietako asko, eta BEZaren igoeraren aurka mintzatu izan direla oraintsu arte. Baina neurriak «hartu beharrekoak» direla ziurtatu du. «Gauzak garbi esateko garaia iritsi da: gastu publikoak murriztu behar dira, hazteko behar ditugulako». Argi hitz egiteko promesa berehala hautsi du, neurri batzuk eufemismoekin ezkutatu nahi izan dituenean; langile publikoei Eguberrietako saria kentzeari buruz, kasu. «Ez dago soldata jaitsierarik, baizik eta abenduko ordainketaren atzeratze bat; ondoren ordainduko zaie beren pentsio funtsetan». Ministroak ez du esan, ordea, baldintzen artean dagoela 2015ean Espainiaren kontuak orekatuta izatea.

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiarekin eztabaida gogorra izan du Montorok. «Demagogia fiskala» egitea leporatu dio ministroak, Rubalcabak aberastasun handien gaineko zerga proposatu dionean. Ohikoa duen moduan, aurreko gobernu sozialistaren oinordekotzari leporatu dizkio orain neurriak hartu behar izatea. «Zapaterok agintaldia moztu izan balu, sufrimendu asko saihestuko genuen, eta ez ginen hondatze egoera honetara helduko». Keinu bat, ordea, egin die krisiaren kostua finantza munduari pasatzeko eskatzen dutenei: iragarri du gainbalioen gaineko zergak handituko dituztela, batez ere espekulazioarekin oso lotuta daudenei.

Euskal taldeen kritikak

Kongresuko talde abertzaleek gogor kritikatu dituzte murrizketak. Pedro Azpiazu jeltzaleak salatu du dekretu horrek atzeraldia are gehiago larriagotuko duela. Azpiazuk arrazoitu du BEZa igotzeak eta langabezia saria jaisteak kontsumoa kaskartuko dutela, eta gaineratu du murrizketak «nabarmen bidegabeak» direla, «jada gaizki pasatzen ari diren pertsona askori eragingo dielako eta are okerrago pasatuko dutelako hemendik aurrera».

Amaiurreko Sabino Cuadrak «gezurrak baino ez esatea» aurpegiratu die Raxoiri eta haren ministroei. «Zuen hitzak ez du deus balio, ezta zuen programak eta diskurtsoak ere. HorregatikEuropan inor ez da zuekin fidatzen». Espainia subiranotasuna galtzen ari dela uste du: «Gobernua Merkelen frankizia da. Espainiarrak bagina, hain gobernu menpekoa izateaz lotsatuta geundeke», aipatu du. PPko diputatuek txistu artean hartu dute.

Geroa Baiko Uxue Barkosek «menpekotasunaren bide urratua» hartu izana leporatu dio exekutiboari. «Ekonomia gehiago deprimitukoduzue. Sakrifizioaren bide honek ez darama inora». Barkosek salatu du PPk autonomia erkidegoei leporatu nahi diela krisiaren errua, eta aitzakia horrekin birzentralizazio bati ekin diola. «Erabat moralgabea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.