«Saltoki txiki eta ertainek hondoa jo dute. Ez dugu ulertzen merkataritza dinamizatzeko plan bat martxan jarri beharrean, egoera okertuko duten neurriak hartzea». Hala salatu ditu Euskomer Araba, Bizkai eta Gipuzkoako dendarien konfederazioak Espainiako Gobernuak iragarritako neurriak. Merkataritzan eragina izango duten neurrien aurka azaldu da elkartea, eta «atsekabea» agertu du Pedro Campo presidenteak. Haren arabera, saltoki handien mesederako izango dira ordutegien liberalizazioa eta merkealdi arautuak kentzea. Azken neurri hori bereziki salatu du Camposek, merkealdiek sektorearentzako «berebiziko garrantzia» dutela iritzita. «Duela 60 urte ezarri zen merkealdien kontzeptua, eta hori kentzeak ondorio oso larriak izango lituzke». Camposek gogorarazi du Europako ia herrialde gehienetan merkealdiak araututa daudela.
BEZaren igoera ere kritikatu du Camposek, «zentzuzkoa» ez delakoan. Herritarren erosteko ahalmena gutxitu egingo dela uste du, eta horrek kontsumoan eragina izango duela. «Ondorioz, denda txiki eta ertainek irauteko duten aukeretan ere eragina izango du», esan du Camposek. Haren ustetan, gobernuaren neurriak ezarrita, zenbait saltokik ateak itxi beharko dituzte, ezin izango baitiote egoerari aurre egin. Gainera, elkarteak adierazi du saltokien ordutegia zehaztea erkidegoen esku dagoela, barne merkataritzari dagokiolako. Espainiako Gobernua eskumenak «inbaditzen» ari dela iritzi dio; horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alderdi politikoei eskatu die eskumenen alde egin dezaten.
Raixoren neurriak. Erantzuna
PPren neurriak saltoki handien mesederako direla salatu dute
Euskomer dendarien konfederazioak ohartarazi du denda txiki eta ertain batzuk itxi beharko dituztela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu