EH Bilduk "prebarikazioa egin eta funtsak bidegabe erabiltzea" leporatu die Adifi eta Espainiako Sustapen Ministerioari. Bizkaian egiten ari diren AHTko obrekin dago lotuta salaketa. Haren arabera, bi erakundeek 11 milioi euro eman zituzten Zaratamoko trenbide zatirako, nahiz eta jakin ez zela inoiz erabiliko. Hala, Bilduk gertatutakoa ikertzeko eskatu dio Bizkaiko Fiskaltzari.
Salaketa aurkeztu ostean egindako adierazpenetan azaldu du euren helburua AHTko lanetako kontuak argitzea dela. "Lan hauetan milaka milioi euro xahutzen ari dira, eta ez dago gardentasunik. Egunero heltzen zaizkigu gainkostu berriai buruzko albisteak, ezertarako balioko ez duten obra berriei buruzkoak. Uste dugu Jaurlaritzaren ardura dela horiek guztiak argitzea, diru publikoa erabiltzen ari direlako lan horietan".
Zaratamoko AHTko zatiak zortzi milioiko kostua izango zuela iragarri zuten hasiera batean, baina azkenean 11 milioi behar izan dituzte amaitzeko. Sustapen Ministerioak argudiatu zuen "garestiago" izango zela lanak bertan behera uztea, bukatzea baino.